Itziar Azpeitia: 'feminismoaren etika barrian sinisten dogu'

Saioa Torre Gereketa 2007-03-07 01:00   Barriketan

Lanbroa alkarte feministako kidea

Aurtengo martiaren 8rako, erakunde feministak eta emakumeen alkarteak batzen dituan Tribuna Feministak 'Aldaketa sozialerako emakumezkoaren kulturearen balore positiboak berreskuratu' leloa aukeratu dau. Kontu horreen ganean eta aspalditik pil-pilean dagozan gai askoren inguruan berba egiteko, Lanbroa alkarte feministako kide dan Itziar Azpeitiagaz egin dogu zitea.


1.- Zeintzuk dira leloan aitatzen dozuezan balore horreek?

Andreok eta gizonek, sozializazino prozesu desberdinetan bizi gara. Prozesu horreetan, pentsetako, hartu-emonak izateko, sentiduteko eta lan egiteko moduez jabuetu gara. Faktore askogaitik, andrazkook eta gizonezkoek, historikoki, esperientzia desbardina izan doguz. Esperientzia horrek kultura desbardin bi izatera eroan gaitu. Emakumezkoen kulturea eta gizonezkoen kulturea.

Begibistan dago aitatutako kulturetan ierarkia bat dagoala; maskulinoari lehentasuna emoten jako eta femeninoari azpikulturatzat hartzen da.

Sozializazino prozesuan, esan daiteke emakumeok gehien garatu garala, batez be arrazoi honeek dirala eta: eguneroko bizitzan agertzen diran problemak edo arazoak askatzeko adimena, egunero subertetan diran jazoeren erantzunkizunez arduratzeko ahalmena, osasunaren kudeaketea, afektibidadea, leuntasuna, tolerantzia, besteakanako empatia edota ulerkortasuna, bakean alkarbiziteko gaitasuna... Faktore horreek beharrezkoak dira guztion garapena lortzeko, emakumeena zein gizonena.

Gure ustez, kultura femeninoaren erreferentzia ontzat eta eredutzat hartu behar da etorkizunari itxaropenez begiratu gura badeutsagu eta, horretarako, gure gizartean daukagun antolaketa soziala erabat aldatu beharko litzateke.

Sexistea ez dan gizartean, emakumezkoen eta gizonezkoen gaitasunak bardin antzean garatuko litzatekez, ierarkierarik barik, askatasun osoz. Eta hori oso garrantsitzua da gizakien garapenerako.


2.- Lanbroa alkartetik, ze pausu emoten dozuez balore horreek berreskuratzeko?

Lanbroa taldekook egin dogun lehenengo aurrerapausua balore horreek aitatzea izan da. Balore positiboak identifikau, aitatu eta feminismo eskoletan ezagutarazo, baita gizartean be. Holan, Historian emakume guztiek egindako aportazinoari onespena erakusten jako.


3.- Orain dala urte bi jarri zan indarrean Berdintasunaren Legea. Zertan aurreratu da? Zer falta da egiteko?

Bardintasunaren legea izatea oso positiboa dala uste dugu baina, askotan, legeak gizartearen portaerea eta pentsaerea baino aurreratuagoak dira. Horregaitik, neurriak egon arren, asko egin behar da oraindino.


4.- Ze balorazino egiten dozue Biolentzia Osoko Legearen ganean?

Biktimeak merezidu daben babesa jasoten ez dauen bitartean, legeak ez dau eraginkortasunik izango. Oraingoz, bide ekonomiko gehiago eta giza baliabide gehiago behar dira legea apliketako eta, beraz, emakumezkoen eskubideak ez dagoz bermatuta. Horregaitik, Espainia da biktima gehien daukazan herrialdea Europan. Azken aldian, ganera, biktimen kopuruak gora egin dau.


5.- Emakumeen kontrako indarkeria ardura sozial eta politiko garrantzitsua bihurtu da baina arazoa hor dago eta okerrera doala be esan daiteke. Ze neurri barri ezarri behar dira indarkeria horren kontra egiteko? Akaso, neurriak ezarrita egon arren, ez dira beteten?

Emakumeen kontrako indarkeriaren legea existidutea oso garrantsitzua da arazo estruktural honi aurre egiteko. Baina, halanda be, legearen lehenengo bidebakokeria aitatu behar dogu: derrigorrezkoa da erlazino sentimentala izatea biktimearen eta erasotzailearen artean. Holan ez bada, ez da aplikauko protokoloa. Beraz, indarkeria jasoten dauen biktimea erasotzailearen ama, alabea, amaginarrebea, koinatea edota bestelako zeozer bada, ez da legearen barruan sartzen. Prostituzinoan, erasotzailea bezeroa edo proxenetea bada, ez da aplikauko indarkeriaren legea.

Bestetik, legeak indarkeria fisikoa eta psikikoa baino ez ditu kontuan hartzen. Holan, bortxaketea eta, oro har, delitu sexual guztiak ez dagoz legearen barruan.

Gauzak holan dirala, legearen babes-mailea zabaldu behar da eta beste egoera batzuk be kontuan hartu behar dira. Askotan, ganera, harrerea egin behar daben profesionalak ez dira espezialistak eta biktimek ez dabe jasoten merezidu daben babesa. Enpreguaren arloan, berbarako, ez dago neurririk biktimei laguntzinoa emoteko eta, askotan, biktimek ez daukie baliabiderik menpekotasun egoeratik urteteko.

Ondorioz, neurri polizialak, lege-neurriak eta judizialak ezinbestekoak dira. Formakuntzea emon behar jako Justizia arloko lankidegoari (fiskalei, epaileei…), Medikuntzako lankidegoari, gizarte arloko beharginei, psikologoei, psikiatriei...

Halanda be, askotan, neurriak eta formazinoa egon arren, ez dago koordinazinorik zerbitzuen artean edo ez dago kontrol nahikorik urruntze-aginduak apliketako. Ondorioz, emakumea babesik barik geratzen da.


6.- Edertasun femeninoa eta, horregaz lotuta, muturreko argaltasuna gurtzen da. Hainbat moda erakustalditan anorexiaren kontrako neurriak hartu dabez eta jantzien neurriakbe bateratzeko proiektua be badago. Gitxika-gitxika baino ez bada be, badoaz gauzak normalizetan?

Oraindino asko egin behar da. Lehenengo eta behin, edertasunaren eredua errebisau behar da, eredu hori interes ekonomiko eta sexistetatik antolatua eta diseinatua dagoalako.

Ezinbestekoa da hezkuntza arloan lan egitea, izan be, gai horreetan, nerabeakaz kontu handiz ibili behar da. Hareen erispideak eta gustu personalak albo batera itxi behar dira, azken batean, publizidadearen imposaketak diralako, modak, ereduak...

Eragin horreen ondorioz sortzen dira osasun-arazo larriak, anorexia berbarako. Azken bost urteotan laukoiztu egin da ezpainak handitzen dabezan nesken kopurua. Zoritxarrez, hainbat ‘medikuk’, legearen hutsuneak aprobetxauta, neska gaztetxuak animau egiten dabez eta ardurabako operazinoak egiten dira.

Persona baten lehenengo hogei urteetan, edukazinoan eta gizarteratzean hiru arlok hartzen dabe parte: familiak, eskoleak eta komunikabideek. Hirurek hartzen dabe parte edukazino prozesuan eta personen gaitasun danak garatzen laguntzen dabe. Etxean, ezinbestekoa da gurasoen eta seme-alaben arteko komunikazinoa. Eskolan, irakasleek ikasleen eguneroko portaerak aztertu behar dabez. Eta azkenik, komunikabideek emakumeen eta gizonen gorputzen irudi- degratzaileak ebitau behar dabez. Hiru puntu horreek ondo bete ezkero, anorexia lako irudi-arazoei aurre egitea errazagoa izango litzateke.


7.- Enpleguari jagokonez, aukera eta baldintza berberak daukiez emakumezkoek eta gizonezkoek? Amatasuna ondo babestuta dagoala uste dozu?

Oraindino, enpleguaren baldintzei jagokenez desbardintasun asko dagoz. Berbarako, emakume gehiago dagoz langabezian gizonak baino. Ganera, emakumeek, orokorrean, gizonezkoek baino soldata bajuagoak daukiez eta gizarte segurantzea kotizetan ez daben enplegu gehienak emakumeek beteten dabez. Enpresa batzuetan, berbarako, emakumeek gizonen soldatea baino %30 gitxiago kobretan dabe.

Europan, oraindino, goi mailako titulazinoa daukien emakume askok ezin dabe tradizinoz gizonezkoenak diran lanpostuetan beharrik egin, ezta ardura handiko zuzendaritza lanpostuetan be.

Amatasunari jagokonez, ez dagoala bape babestuta esango neike.

Bardintasunaren Legearen neurriak indarrean egon arren, gizarte garapenerako ezinbestekoa da dana, bai beharra zein etxeko lanak, gizonezkoek eta emakumezkoek % 50ean egitea.


8.- Munduko arlo ekonomikoa eta politikoa emakumeek gestionau ezkero, indarkeria eta gosea desagertuko litzatekez?

Emakumeok bake-prozesuen ganeko aportazino barriak egiteko kapazak gara. Halanda be, ez dogu gauza barririk esango emakumezkoak izateagaitik. Arrazoi biologikoek ez gaitue planteamentu barriak egitera eroaten. Ez. Feminismoaren filosofiak dakarren etika barriagaz, bizi garan errealidadea ikuspuntu desbardinetatik azter geinke, feminismoak politikea gestionetako kodigo barriak eskaintzen ditualako. Eta hortxe egongo litzateke aldaketea. Patriarkatuaren eredu soziala desagertarazoko genduke eta feminismoaren filosofiaren barruan ez dago lekurik indarkeriarentzako. Indarkeria ez da gure erreferentea hartu-emonetarako, ezta konponbideak topetako edota gatazka politikoei urtenbideak topetako be. Gizakiaren garapenean, indarkeriaren logikeak ez dauka lekurik eta horregaitik guk, feministok, feminismoaren etika barrian sinisten dogu.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu