Topaguneak Txorierrira eroango dau ‘Eskualde zirkuituak’ ekimena martiaren bigarren hamabostaldian
2007-03-07 01:00Zirkuituak alkarlanean jarri ditu Derioko Tximintx, Zamudioko Lagatzu, Lezamako Zorrizketan eta Larrabetzuko Arrekikili alkarteak, umoreari eskainitako kultur zirkuitua osotzeko.
Topagunea Euskara Elkarteen Federazinoak tokian tokiko alkarteakaz batera antolatzen dauen ‘Kultur Errota’ zirkuituak Txorierrira eroango dau datozen egunetan bere eskaintza barria: ‘Eskualde zirkuitua’. Zirkuituak alkarlanean jarri ditu Derioko Tximintx, Zamudioko Lagatzu, Lezamako Zorrizketan eta Larrabetzuko Arrekikili alkarteak, umoreari eskainitako kultur zirkuitua osotzeko.
Lehenengo aldia da eskualdeko euskera alkarteak holako proiektu bateratu bati ekiten deutsena, eta laurek be esperientzia honek aurrerantzean antzeko alkarlana sortzeko itxaropena dabe.
Txorierriko kultur zirkuituan sei emonaldi izango dira eta saioetan parte hartuko dabenak ondokoak dira: Asisko Urmeneta, Edorta Agirrek, Etxahun Lekue, Oihana Bartra Xabi Paya, Gilkitxaro antzerki taldea, Xabier Amuriza, Erdizka Lauetan taldea, Sustrai Colina eta Onintza Enbeita.
Topagunearen helburu nagusia euskerearen erabilerea sustatzea da, eta hori lortzeko, besteak beste, ‘Kultur Errota’ zirkuitua antolatzen dau, federazinoaren kide diran euskera alkarteakaz batera. Formatu txikiko baina kalidade handiko kultur ekitaldiak antolatuz, hiru helburu lortzen ditu Topaguneak: euskerazko kultur eskaintzea aberastea, euskeerazko kultura kontsumiduteko ohitura sortzea eta, azkenik, kulturgileen produkzinoa sustatzea.
‘Kultur Errota’ ekimenaren ideia nagusietako bat kultur eskaintzea herrietara hurreratzea da. Aurten, gainera, hurrekotasun horri onura gehiago atarateko bidea edegi dau Topaguneak, ‘Eskualde zirkuituak’ antolatzeko aukerea eskainiz. Eskualde zirkuitu horreen helburua hur dagozan euskera alkarteen kultur programazinoa koordinetea eta eskaintza bateratua lortzea da. Zirkuituen oinarria oso sinplea da: hur dagozan herrietan kultur alor bereko hainbat ikuskizun eskaintzea, alkarren aberasgarri izan daitezan.
Txorierriko kultur zirkuituak, esan bezela, alkarlanean jarri ditu eskualdeko euskera alkarteak eta, bakotxaren eguneroko zereginetan interferentziarik sortu barik, aurrerantzean be eskualde osoari begirako proiektuak abiatzeko bide interesgarria zabaldu dau.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!