Behatokiak kontsumitzaileen hizkuntza-eskubideak aztertu ditu
2007-02-28 01:00 Euskerea berbagaiTxostenaren helburua herritarrei euren eskubideak zeintzuk diran jakinarazoteko eta erakundeei hizkuntza-eskubideak arauen bidez bermatu behar dirala gogorarazoteko da.
Hizkuntz Eskubideen Behatokiak ‘Kontsumitzaileen eta erabiltzaileen hizkuntza-eskubideak Euskal Herrian’ izeneko txostena aurkeztu dau urterik urtera kontsumitzaile eta erabiltzaile euskaldunek gero eta kexa gehiago egiten dituelako. Araudia aztertu ostean, hizkuntza-eskubideak ez dirala bermatzen ondorioztatu dabe, urratzea merkea dala. ‘Kontsumitzaile eta erabiltzaile euskaldunoi bizi garan lurraldearen arabera hizkuntza-eskubideak autortzen jakuzan arren, horreen urraketak Euskal Herri osoan gertatzen dira Behatokiaren arabera.
Gaur aurkeztutako lana Behatokiaren bederatzigarren txosten berezitua da. Txosten honen helburua herritarrei euren eskubideak zeintzuk diran jakinarazoteko eta erakundeei hizkuntza-eskubideak arauen bidez bermatu behar dirala gogorarazoteko da.
Txostena lau ataletan banatu dau Behatokiak. Lehenengo kontzeptuak definidu ditu. Bigarrenik, egungo ordenamendu juridikoaren azterketea egin dau. Hirugarrenik, Behatokiak azken urteotan eremu sozioekonomikoan jasotako kexa eta urraketen bilakaerea ekarri ditu. Azkenik, aurreko guztien azterketearen ondorioz Behatokiak ataratako ondorioak aurkeztu dira.
Araudia
- Europako Batasunak oztopoak besterik ez deutsez jarten gure hizkuntzea lakoei, normalizazino prozesuak geldiarazoz, Behatokiaren arabera. ‘Holan ulertu behar dogu Europako Batasunak argitaratutako hainbat Artezarau’. Bereziki bat aitatu dau Paul Bilbao zuzendariak, ‘2000/13 CE Artzearaua’, honetan hizkuntza ofizialen erabilerea besterik ezin derrigor daitekeela ezartzen da, eta euskerea Europan ez da hizkuntza ofiziala. ‘Zuzenbide komunitarioa gero eta garrantzia handiagoa hartzen ari dan honetan, Paul Bilbaok azpimarratu dau ezinbestekoa dala geure hizkuntzeak besteen estatus bera izatea’.
- Frantziako Estaduak legezko hizkuntza bakarraren derrigortasuna besterik ez dau ezartzen txosten berezitu honen arabera. Era horretara, ‘Code de la consommation’ dalakoak kontsumitzaileen eta erabiltzaileen eskubideak arautzen ditu, eta ‘ohikoa dan moduan’ frantsesa ez beste hizkuntzaren erabilerarik ez da jasoten.
- Espainiako Estaduak 1984an onartu eban Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Babeserako Lege Orokorra, eta hizkuntza-eskubideak ez zituan jaso. Ondoren, zenbait Dekretu argitaratu ditu gaztelaniaren erabilerea derrigortzeko.
- Nafarroan igazko garagarrilean onartutako kontsumitzaileen eta erabiltzaileen lege barriak, ‘ikusezin bihurtu zituan nafar euskaldunak eta jaso be ez zituan egin eskubideok’. Are gehiago, legearen beraren zabalpenerako liburuxkak gaztelania hutsean argitaratu zituan, ‘Erregio edo Gitxiengoen Hizkuntzen Europako Itunaren 13.2.a artikuluaren kontra egin arren.
- EAEn 2003an onartu zan egun indarrean dagoan ‘Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutua’. Hizkuntza-eskubideei jagokenez, ‘6/2003 Legea’k barrikuntza garrantzitsua ekarri eban, lehen aldiz, autortu jakuzan-eta hizkuntza-eskubideak. Halan da be, badira bi elementu gogoan hartzekoak. Batetik, progresibotasuna, hau da, legean une oro agertzen da arian-arian bermatzeko bitartekoak jarriko dirala, ‘tamalez, Legeak ez dau eperik finkatzen progresibotasun-tempusaren gainean’, azaldu dabe. Bestetik, autortutako eskubideen balizko eraginkortasuna, hau da, Legean edukiak garatzea aurreikusten da, ‘baina oraindino ez da hori jazo’, jakinarazo dabe.
Araudiaren azterketearen laburpenagaz amaitzeko Behatokiak azpimarratu dau hizkuntza-eskubidetan ez dala ezelako zigorrik jarten. ‘Beste hainbat eskubideren urraketen kontrako egintzak urrapen administratibotzat hartzen badira be, hizkuntza-eskubideen araudia bete ez arren, ez da ezelako zigorrik ezartzen, beste Legeria batzuetan ez bezela: Katalunia, Québec eta beste batzuetan’.
Era berean, Behatokiko zuzendariak hizkuntza-erispidea zehar-lerro izateak dauen garrantzia azaldu dau. ‘Izan be, ohitu beharra dogu hizkuntzeari buruzko arauak hizkuntzeagaz beragaz zuzenean lotuta ez dagozan aginduetan be agertzera.’
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!