Jon Maia: ‘literaturea egiteko, bertsoa da nire molderik gustukoena’

Saioa Torre Gereketa 2007-02-27 01:00   Barriketan
'Apaizac Obeto' liburua argitaratu barri dau

Bertsolaritza munduan aspaldidanik ezaguna da Jon Maia baina oraingoan idazteari ekin deutso, Kanadako uretan sasoi bateko marinel euskaldunen balea-odisea mende haretako txalupen erreplika bategaz eta euren bizimodua imitetan egin ostean. 'Apaizac obeto' Espedizinoa, danetara, bost marinel, patroia eta Ternuako Mikmaq indigena batek osotu eben.

Horren ganeko liburua atara barri dau eta kontu horreek hartuko doguz berbagai, beste batzuen artean:


1.- Albaola alkartearen ekinbidez sortu zan ‘Apaizac obeto’ proiektua. Zein helburugaz? Zelan sortu jatzun zuri Kanadara espedizinoan joateko aukerea?

Albaola alkarteak Euskal Herriko itsas ondarea aztertu eta berreskuratzeko sortu zan orain dala 9 urte Pasai Donibanen. Hainbat lan egin ditue denpora honetan gure itsas kulturea aztertu eta ezagutzera emoteko. Horrezaz ganera, Ontziola daukie, euskal tipologiako itsasontziak egiteko lekua eta, aldi berean, museoa. Nik ez nituan eurak ezagutzen baina ni aukeratu ninduen Apaizac Obeto espedizinorako. Espedizinoko kronista-bertsolaria izatea gura eben, eta ni bertsolaria nazanez, arraunlaria izandakoa eta oso itsaso zalea, niri esatea erabagi eben. Ez neban dudarik izan erantzuna emoteko orduan, beti interesau izan jatalako Ternuako balea arrantzaleen historia handi hori.


2.- Ostean, sei astez batutako kronikak liburu batean jaso dozuz eta, beraz, liburua nabegazino baten kronikea da.

Nik esango neuke liburua nabegazinoaren kronika baino gehiago dala: sarrera historiko bat dakar, jenteak gure historiaren pasarte hori hobeto uler daian. XVI. mendeko ontzigintzea, testuinguru historikoa... literatur ukutu bat emoten saiatu naz, ez neban gura liburu akademikoa izatea. Ilustrazinoak be asko ditu. Gero bai, liburuaren enborra han idatzitako kronikak dira, baina kronika bakotxaren ostean, historiaren eta gaur egungo Quebec eta Kanadaren ganeko oharrak datoz. Eta dana bidaian egindako argazki ugariz horniduta. Oro har, telebistarako dokumental baten tonoa emoten saiatu naz eta errealidadea, historia, literaturea eta fantasiaren mugan kokatu gura izan dot. Dana modu arinean eta publiko zabalari begira, gaiaz interesetako amu bat izan gura dau liburuak.


3.- Ze ezagutza zeunkan zuk nabegazinoaren ganean horren proiektu ausarteari ekin aurretik?

Nik nabegetan ez dakit, baina arraunean bai eta uraren ganean zein jarrera izan behar dan be ikasi neban, beraz, agindutakoa bete, arraunari gogor emon eta idaztea izan dira nire lanak.


4.- Zer da gatxagoa, bapateko bertsoa kantetea jentaurrean ala liburua hazurmamitzea?

Niretzat, dudarik barik, liburua hazurmamitzea. Liburu hau oso berezia da, gainera, eta lan handia egin behar izan dogu denpora gitxian.


5.- Akaso Zumaian biziteak eta itsasoagazko lotura zuzena izateak eragina izan eban zugan?

Bai, zelan ez. Umetatik ibili izan naz itsasertzean aitagaz eta arrantzan. Hamaika urtegaz arraun taldean hasi nintzan, 19 urte bete arte. Beti izan dot loturea itsasoagaz eta oso presente dago nik egiten dodazan gauzetan.


6.- Gogoratzen dozu Quebecetik Labradorrerako tartean bizitako momentu gogorrik? Zein izan zan unerik pozgarriena?

Momentu gogorrak izan ziran atoian, zodiac-ari lotuta itsaso eta eguraldi txarragaz egin beharreko etapak. Gau askotan be hotz handia pasau dogu, kalean eta lo eginez. Eta arraunean be etapa gogorrak egon dira, hamar orduko arraun saioak, batzutan elementuen kontra.

Pozgarria, barriz, Quebec eta Kanadako jenteak egindako harrerak, eskuzabaltasuna.... izugarria zan. Ternuara heldu ginan etapea be hunkigarria izan zan edo lehenengo balea handiak ikusi genduzan eguna, Mikmak amerindiar indiarrakaz alkartu ginanekoa...


7.- Hizkuntza-helburua be izan dau espedizinoak, euskerearen eta Ternua aldeko mi´kmmaq hizkuntzearen arteko hartu-emonak azaltzeko. Ze bardintasun dago bata eta bestearen artean?

Ez dago bardintasunik baina historia oso berezia dau euskereak Kanadan. Euskaldunak han ia 150 urtean ibili izan ziran eta indiarrakaz merkatal hartu-emon sendoak egin zituen. Hartu-emon hareetatik pidgin bat sortu zan, merkataritzarako sortzen dan hizkuntza horreetako bat. Euskerea eta algonkinoa, hango amerindiarren hizkuntzea izan ziran pidgin haren hizkuntza nagusi biak. Hainbat berba zerrenda agiri dira garaiko kronisten liburuetan eta testuetan, non amerindiarrek erabilten zituen euskerazko berbak eta esaldiak agertzen diran. Oso gai interesgarria da baina guk ezin genduan sakondu liburuan.


8.- Bestalde, itsas-kulturea normalizetako helburuagaz, espedizinoan argazkiak atara eta ikus-entzunezkoak grabau dira. Ze urtenbide emongo deutsazue material horri?

Liburua atara dogu eta orain dokumentala atarako da. Erakusketa handi bat preparetan dabiz Albaolakoak eta aurrera begira be proiektu asko doguz Kanadako erakundeakaz.


9.- Ez da argitaratzen dozun lehenengo lan luzea, 'Riomundo' nobelea be plazan dago eta. Zelan sentiduten zara idazle lanetan?

Kosta egiten jat idazten jartea, ordenagailuaren aurreko bakardadean. Ez nago horretara ohituta eta ez jat samurra egiten. Bolumen handiko lanak idaztea lan gatxa dala ikasi dot eta errespetu handia hartu deutsat idazle lanari. Orain konturatzen naz zein lan handia dagoan liburu askoren atzean. Nik motibazino handia behar dot idazteko, sentidu behar dot idaztera noan horrek ekarpen bat egingo dauela, ze, literaturea egiteko, bertsoa da nire molderik gustukoena eta erosoen sentiduten nazana.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu