BBKren Bertsolari Gazteen XV. Sariketea martxan dago

Bizkaie! 2007-02-26 01:00   Bertsolaritzea

Eskualdeka antolatuta, bertsolari gaztetxuenek jentaurrean kantetako aukera parebakoa daukie eta, ez horren gaztetxuenek, euren doeak erakusteko.

BBKren 100. urteurrenean, Bertsolari Gazteen Sariketearen XV. edizinoa izango da aurten zezeilaren 27an hasi eta martiaren 23ra bitartean. Eskualdeka antolatuta, bertsolari gaztetxuenek jentaurrean kantetako aukera parebakoa daukie eta, ez horren gaztetxuenek, euren doeak erakusteko. Sariketearen aurkezpen prentsaurrekoan Joserra Bilbao (BBK), Juanjo Respaldiza (Bizkaiko Ikastolen Alkartea) eta Xabier Paya izan dira. Aurten, nobedade legez azpimarratu behar da finala ez dala Bilbon izango, Durangoko Plateruena Kafe Antzokian baino.

Bizkaiko sei eskualdetako bertsolariak egongo dira taula ganean, taldeka antolatuta. Eskualdeak Arratia, Busturialdea, Durangalea, Lea Artibai, Bilboaldea eta Ipar Uribe izango dira. Antolatzaileen esanetan, ‘eskualderen batean taldea sortzeko beste bertsolaririk ez balego, zeozelako lotura ezagun edo nabarmeneko beste batzukaz alkartzea zilegi izango litzateke’. Halanda be, Juanjo Respaldizak esandakoa kontuan hartuta, talde danak behar dan legez osotuko dira, ‘beti sortzen diralako belaunaldi barriak’. Danetara, berrogei bat bertsolari gazte izango dira maila bitan: hamazortzi urtera artekoak (1988an jaiotakoak baita) eta 24 urtera artekoak (1982an jaiotakoak baita). Saioetan, talde bakotxak sei partaide izango ditu, hiru bertsolari maila bakotxekoak.

Xabier Paya bertsolariak hur-hurretik bizi izan ditu orain arteko sariketak baina aurten ez dau parte hartuko, ‘horretarako aukerea izan arren, beste batzuen momentua dalako’. Payak hiru puntu laburbildu ditu bere esperientzia kontetako. Lehenengo puntuan azaldu dau bera Bilboko taldean hasi zala BBK sariketan. Bilboaldeko bertsolariak ezagutzeko aukerea izan eban sariketeari esker eta ‘sariketearen gauza ederrenetakoak taldeka lan egitea eta jente asko ezagutzeko aukerea izatea dira’. Bigarren puntuan, Bilboaldetik Ipar Uriberako bidea azpimarratu dau bertsolariak: ‘sariketeak eskualde horretan bertsolaritzea suspertzeko balio izan dau’. Hirugarren, edade kontuagaitik parte hartzeko aukerea izan arren, ez dauela parte hartuko jakinarazo dau, ‘irabaztea ez dalako helburua eta eskualdeko gazteei jagokelako orain taldelana’. Izan be, sariketa honek ‘norbanakoa saritzen dau baina kolektiboaren barruan eta hori konpetitibidadea taldean ulertzeko modurik sanoena da’.


Parte-hartzea sarituko da

Joserra Bilbaoren esanetan, sariketa honetan parte-hartzea baloratu izan da beti eta aurten be holan izango da. Horregaitik, ‘lehiari baino, parte-hartzea saritzeari emongo deutsagu garrantzi gehiago eta sariak, batez be, parte-hartze dietetarako erabiliko doguz’. Dieta horreetarako 3.780 euro erabiliko dira, saioko 35 euro gaztetxuenen mailan eta 70 euro bestean.

Talde txapeldunak 1.260 euro jasoko ditu eta azpitxapeldunak 900. Finalista gazteenari 70 euro emongo jakoz.


Bizkaierearen erabilerea bultzatzeko sari berezia

‘Epaimahaiak atentzino berezia iminiko deutso mendebaldeko euskalkiaren erabilereari’, dinoe antolatzaileek. Holan, bizkaiera egokiena erabilten dauen bertsolariak 140 euro jasoko ditu. Prentsaurrekoan egon diran ordezkariek eurek onartzen dabe askotan trabak egoten dirala etxeko bizkaierearen eta bizkaiera jasoaren artean bereizketak egiteko. Horregaitik, ‘BBKtik, saria jarteaz gan, bitartekoak be jarten doguz eta bizkaiera ikastaroak antolatzen dira’. Xabi Paya be bat dator ekimen horregaz, ‘ezinbestekoa dalako bitartekoak emotea’.


Emonaldiak

2007-02-27: Markina: Lea-Artibai ikastetxean (11:05)
2007-02-28: Arratia-Ipar Uribe: Igorreko institutuan (11:30)
2007-03-06: Busturialdea-Lea-Artibai: Arratzuko Barrutialde ikastetxean (12:00)
2007-03-07: Durangaldea-Arratia: Durangoko San Agustin Kultur Gunean (12:00)
2007-03-13: Bilboaldea-Busturialdea: Bilbon, Txurdinagako Gabriel Aresti ikastetxean (11:30)
2007-03-14: Ipar Uribe-Durangaldea: Derion, Txorierriko BHI institutuan (11:45)

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu