Euskerea zinema-aretoetan?
2007-02-26 01:00 Euskerea berbagaiEuskal Herri osoko 29 areto aztertu ondoren, euskerearen lekua oso txikia dala ondorioztatu dau Kontseiluak.
Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak zinema-aretoetako hizkuntzearen erabilereari buruzko azterketea egin dau. Euskal Herri osoko 29 areto aztertu ondoren, euskerearen lekua oso txikia dala ondorioztatu dau.
2006 urtean euskerazko zinemak aurrera egin dauen arren, ‘Kutsidazu bidea Ixabel’ eta ‘Nömadak TX’ filmakaz berbarako, eskaintzea oso murritza da. ‘Aztertutakoen aukera apur horretan umeentzako filmak dira nagusi’, azaldu dabe. Horrezaz gan, 10 filma arrakastatsuenen artean, Kontseiluak ez dau euskera arrastorik topau.
Gauzak holan dirala, zinemetan hizkuntza-eskubideak nabarmen urratzen dirala adierazo dau Kontseiluak. Araudiaren arabera, Iparraldean hau holan izan ez arren, Nafarroan eta EAEn legez autortua da euskerea berezko hizkuntzea dala:
Hizkuntz eskubideen deklarazinoa
- Hamabigarren artikulua. Gizaki orok eskubidea dauka alor publikoko jarduera guztiak bere hizkuntzan egiteko, baldin eta bera bizi dan lurraldeko hizkuntza propioa bada.
- Berrogeita bosgarren artikulua. Hizkuntz komunidade orok eskubidea dauka lurraldeko hizkuntza propioak toki nagusia hartu daian kultur jazoeretan eta zerbitzuetan, berbarako, liburutegiak, bideotekak, zinemak, teatroak, museoak, artxiboak, informatika produkzinoa, folklorea, kulturearen industriak eta kultur bizitzatik eratorritako beste jazoera guztiak.
Euskal Herriko 29 zinema-aretoren artean, Gipuzkoa da emoitza onenak izan dituana; okerrenak, barriz, Iparraldeko hiru probintziak. Era berean, badira Kontseiluak zoriondu dituan aretoak, hain zuzen be, Mungiako Torrebilela aretoa eta Beasaingo Usurbe antzokia dira euskaldunon hizkuntza-eskubideakaz begirunez jokatzen daben areto bakarrak. Era berean, Oñatiko kultura-etxeak eta Basauriko Sozial Antzokiak puntuazino ohargarria lortu dabe.
Huts egiten dabenen artean ondokoak dagoz: Gasteizko Guridi, Usurbilgo Cineboz, Miarritzeko Le Royal, Hazparneko Haritz Barne, Baionako CGR, Angeluko Oscar, Donapaleuko Argitzen, Iruñeko Saide Carlos III, Iruñeko Golem La Morea, Tuterako Cinemax Oscar eta Vianako Las Cañas. Horreek guztiek, ez dabe puntu bakar bat be lortu.
Azterketea egiteko, Kontseiluak hainbat ezaugarri kontuan hartu ditu: zinema-aretoen webguneak, giza baliabideak (eserlekuzaina, txartel eta litxarreria-saltzailea), espazioa (sarreran, uteeran zein komunetan agiri diran argibideak) eta zinemetan banatzen diran dobako aldizkariak.
‘Kontseilutik’ aldizkaria
Euskerearen unibersoko hainbat esparrutan euskerearen normalizazinoa bultzatzeko tresna legez Kontseiluak igaz Kontseilutik aldizkaria sortu eban.
Aldizkariaren lehen zenbakian jogurten etiketak aztertu ziran eta Kontseiluak frogatu eban euskerearen presentzia eskasa dala. Orain, barriz, ebaluazino honen jarraipena egin dau Kontseiluak, ‘jogurten etiketetara itzuli gara egoerea aldatu dan ala ez ikusteko, eta marka gehienek euren etiketak aldatu ez arren, badogu nor zoriondu’, adierazo dabe. Hain zuzen be, Kaiku zoriondu dabe euskerea txertatzeagaitik etiketetan; edozelan be, marka horren ganerako produktuetan be euskerea kontuan izan daiala eskatu deutse Kontseiluko ordezkariek.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!