Aurelia Arkotxa proposatu dabe euskaltzain oso izateko
2007-02-26 01:00 Euskerea berbagaiAurelia Arkotxa Jean-Louis Davant, Emile Larre, Txomin Peillen eta Beñat Oihartzabal euskaltzainek proposatu dabe.
Euskaltzaindiak Aurelia Arkotxa euskaltzain urgazlea proposatu dau, 25. zenbaki-hutsartea beteteko.
Igazko abenduaren 22an, Donostian egindako osoko bilkuran, 25. aulkia beteteko botazinoa egin eban Euskaltzaindiak, baina orduan aurkeztu zan hautagaiak ez eban gehiengo osoa lortu. Beraz, 25. aulkia hutsik geratu zan eta prozesua barriro martxan jarri.
Horren ondorioz, hautagaiak aurkezteko bi hilebeteko epea amaitu ostean, hautagai bakarra aurkeztu dabe euskaltzainek: Aurelia Arkotxa. Jean-Louis Davant, Emile Larre, Txomin Peillen eta Beñat Oihartzabal euskaltzainek proposatua.
Datorren hilean egingo dan osoko bilkuran, hau da, martikoan, bozkatuko da.
Bestalde, pasa dan barikuko bilkuran 27. eta 28. zenbaki-hutsarteak iragarri dira. Beraz, hautagaiak aurkezteko bi hilebeteko epea zabaldu da eta maiatzean bi euskaltzain barri izentetako botazinoak egingo ditu Akademiak.
Aurelia Arkotxa
Aurelia Arkotxa Baigorrin (Nafarroa Beherea) sortu zan, 1953ko urriaren 3an.
Haurtzarotik bizi izan da Hendaian. Filologia Hispanikoan lizentziatua, Euskal Filologian doktoretzea lortu eban 1990. urtean. Tesia Bordeleko Unibersidadean aurkeztu eban, Gabriel Arestiren gainean idazten zan lehena, ‘Maldan behera’ poemeari buruzkoa. Hauxe zan izenburua: Imaginaire et poésie dans ‘Maldan behera’ de Gabriel Aresti (1933-1975).
Bordeleko Michel de Montaigne Unibersidadean Euskal Hizkuntza eta Literaturako katedraduna da 2000. urtetik. Bordelen eta Baionako Fakultadean Literatura eta Literatur Teoria irakasten ditu. IKER-CNRSko ikerlari taldeko partaidea da.
2003ko urtarrilaren 31n, Euskaltzaindiak euskaltzain urgazle izentau eban. Euskaltzaindiako Literatura Ikerketa batzordeko kidea da.
Poemagintzearen alorrean, ‘Atari ahantziak’ argitaratu eban 1993. urtean; Grezia klasikoaz eta Egiptoko mitologiaz dihardu Arkotxak lan horretan.
‘Maiatz’ aldizkariko sortzaileetarikoa da. ‘Lapurdum’ agerkari zientifikoaren zuzendaria da. Argia eta Berria komunikabideetan argitaratzen ditu artikuluak eta ‘Sautrela’ programan be kolaboretan dau. ‘Maiatz’ aldizkarian be sarri publiketan dau, baita ‘Mazantini’, ‘Zurgai’, ‘Garziarena’ eta ‘Hegats’ aldizkarietan be.
Ondoko liburuak argitaratu ditu: ‘Atari ahantziak’ (1993), ‘Septentrio’ (2001ean euskeraz eta 2006an frantsesez), ‘Antoine d’Abbadie, Pensées études et voyages de 1835’ (1997, Patri Urkizugaz batera), ‘Euskal kritika gaur’, Mari Jose Olaziregigaz batera (2002), ‘Imaginaire et poésie dans Maldan behera de Gabriel Aresti (1933 — 1975)’, ASJU argitalpenak, Donostia. 1993, ‘Territoires oubliés des terre-neuvas labourdins des XVI et XVIIèmes siècles. Mémoire des lieux, mémoire des mots à travers les routiers de Martin de Hoyarsabal (1579) et de Joannes Detcheverry Dorre (1677)’, UNED Madrid.
Bestalde, ondoko liburuetan be parte hartu dau: ‘Gutiziak’, (bertan Marko Poloren ametsa argitaratu eban), ‘Txalaparta’, Iruñea; ‘Mujeres poetas en el País Vasco’; ‘Ponte de palabras’, 90 hamarkadako poeta euskaldunen antologian, ‘Pontevedra’.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!