Gastronomia eta Kalidadezko Elikadurearen I. Azoka Profesionala izango da urrian BECen
2007-02-23 01:00 Jan edanakProfesionalei zuzendutako azokea izango da. Bisitarien artean, chef, summiller eta tabernariak espero dira, besteak beste.
Azoka Gastronomikoen Sustatzaileak (Profegas) eta Barakaldoko Bilbao Exhibition Centre (BEC) erakustazokeak Foccus Gastronomikoa izeneko iparraldeko Gastronomia eta Kalidadezko Elikaduraren I. Azoka Profesionala antolatu dabe urriaren 8tik 10era bitartean, BECen bertan.
Azokearen aurkezpenean, José Miguel Corres BECeko kontseilari delegaduak azaldu dau iparraldeko elikadura-sektorearen eskaereari erantzutea dala helburua, baita azoka profesionalen artean erreferente bihurtzea be. ‘Publikoari zuzenduta egon beharrean, profesionalei zuzendutako azokea izango da, batez be, Euskal Autonomia Erkidegoko ostalaritza sektoreko profesionalei’, zehaztu dau Corresek. ‘Ekimenak osogai didaktiko eta profesional altua izango ditu’.
Bisitarien artean, chef, sumiller eta tabernariak espero dira, besteak beste. Eustaten datuen arabera, 16.000 ostalaritza-zentru, 4.500 hoteletako jantoki eta 11.500 tabernatako jantoki dagoz EAEn. Holan, produktoreek eta egileek, kontseilu arautzaileek, Diputazinoek, banatzaileek, otzara eta opari gastronomikoen egileek, frankiziek, eta makinaria, material eta ostalaritza-zerbitzuen hornitzaileek osotuko dabe erakusketearen eskaintzea, besteak beste.
Bisitarien ezagutzetan sakontzea eta esperientziak alkartrukatzea lortu gura da azokeagaz, baita hornitzaile barriakaz hartu-emonak egin ahal izatea eta produktu eta zerbitzuen barrikuntzak ezagutzea.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!