Mexiko Uriko Euskal Etxeak eta HABEk lankidetza-akordioa sinatu dabe

Bizkaie! 2007-02-23 01:00   Euskaldunak munduan

Orain arte euskera eskolek izandako garapena aztertzea eta aurrerantzean ekimenak jarraituko dauen bidea zehaztea dira akordioaren helburu nagusiak.

Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundearen (HABE) ‘Euskara Munduan’ programa bereziaren barruan, Mexiko Uriko Euskal Etxeak eta HABEk orain arte euskera eskolek izandako garapena aztertzeko eta aurrerantzean ekimenak jarraituko dauen bidea zehazteko lankidetza-akordioa sinatu dabe. HABEren programa horretako ordezkari bat, Kinku Zinkunegi, izan da han.

Irakasleen trebakuntzan, material akademikoa hornidutean eta finantzazinoan oinarritzen da akordioa. Finantzazinoaren arloan, ikasturte honetan 450 ordu emongo dira talde bakotxeko eta Euskal Etxeak 4.500 euro jasoko ditu horretarako. Ikasleen taldea oso egonkorra da eta 25-30 bat personek osotzen dabe.

Mexikoko Euskal Etxeko euskera eskolak Gabriel Ceballos irakasleak emoten ditu. Ceballos mexikarra da, baina euskeraz ondo daki, izan be, beka bati esker egon zan lanean Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritzan.

HABEren teknikariakaz izandako batzarrean, irakasle euskal-mexikarrak bertako Euskal Etxearen beharrizanak jakinarazo ditu, baita irakasleak bere euskera maila mantendu eta hobetzeko aukerak eta material didaktiko barria be.

Euskal Etxeko zuzendaritzeari be eskaera batzuk egin deutsoz Ceballosek eta BOGA programea martxan jarteko eskatu dau, eskoletara joan ezin dabenek ikasi ahal izateko.

Gainera, Ceballosek berbea emon dau ‘Euskara Mexiko’ proposamena garatuko dauela, datorren garagarrilean ospatuko dan Kolektibidadeen Munduko Topaketeari begira.

Mexiko Uriko Euskal Etxeaz gan, Mexikoko Unibersidade Autonomoak be euskera eta euskal kulturako eskolak emoten ditu 2005ko urritik, Gurutze Etxeberria amezketarraren eskutik.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu