BFAk eta Bilboko Udalak lankidetza hitzarmena sinatu dabe Euskararen Etxeagaz

Bizkaie! 2007-02-20 01:00   Euskerea berbagai

Euskerea sustatu eta zabaltzeko sortutako zentroak 8.000 bisita baino gehiago jaso ditu 2004. urtean sortu zanetik hona. Ganera, 63.000 kontsulta birtual izan ditu.

Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak lankidetza hitzarmena sinatu barri dabe Euskararen Etxearen jarduerea berrabiarazo eta sendotzeko asmoz. Euskerea sustatu eta zabaltzeko sortutako zentroak 8.000 bisita baino gehiago jaso ditu 2004. urtean sortu zanetik hona. Ganera, 63.000 kontsulta birtual izan ditu.

Euskararen Etxea Bilboko San Ignazio auzoan dago. Euskerearen museoa izan gura dau eta, aldi berean, hizkuntza horren ganeko ikerketak egiteko eta dokumentazinoa batzeko gunea.

Aurrerantzean, Bilboko Udalak 60.000 euro jarriko ditu urtean eta Bizkaiko Foru Aldundiak Euskararen Etxeko ekipamentu osoa gestionetako ardurea izango du.

Hitzarmen barri honen bitartez indartu egin gura dira zentro horrek beteten dituan eginkizunak: batez be euskereagaz lotutako dana erakusten dauen museoa eta horren barri zabaltzen dauen instalazinoa izatea, ikerketarako eta agirien gestinorako gune izatea informazinoaren eta komunikazinoaren teknologien bitartez. Ganera, Bizkaian euskerearen inguruko gaietan jarduten daben zenbait alkarte eta erakundek Euskararen Etxean dabe egoitzea.

Sortu zanetik hona (2004ko abendutik), Euskararen Etxeak 8.000 bisita baino gehiago izan ditu eta 63.000 kontsulta birtual egin dira www.euskararenetxea.net webgunean.

Foru Aldundiko Kultura Saileko arduradunen ustez, kopuru horreek guztiz pozgarriak dira, batez be orain dala gitxi zabaldu dala kontuan izanik.


Tren geltoki zaharra

Euskararen Etxea tren geltoki zahar baten irudira egina dago. Eusko Jaurlaritzeak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak sortu eben eta euskereagaz zerikusia daben arlo guztiak lantzea dau helburu: euskerea aztertu, ikertu, jagon eta zabaltzea.

Bere sorreratik pausu asko egin dira sustatze lanean -kontsultak eta bisitak-, baita dokumentazinoaren eta ikerketearen arloan eta informazinoaren eta komunikazinoaren teknologien eremuan be.

Aurrerapen nagusietako bat multimedia agiritegia da. Mediatekako datu-basean 250 tituluk osotutako corpus zabala dago euskarri informatikoan. Corpus hori hazten joango da orain arte argitaratutako materialak ikertu eta berreskuratzeko lanek aurrera egin ahala. Gune honetan batzen dira orain arte plazaratutako euskerazko produktu multimedia guztiak, CD, diskete eta DVD formatuetan.

Beste alde batetik, Euskararen Etxea Interneten dagozan euskerearen ganeko webguneen katalogoa egiten dabil. Honezkero euskerazko 1.511 web sartu ditu datu-basean.


Liburuen gordailua

Euskerazko unibersidade liburuen gordailua topau daiteke Euskararen Etxean, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta irakasle euskaldunen EIRE alkartearen arteko lankidetzeari esker.

Gordailu hori unibersidadean euskerearen erabilera zientifikorako lagungarri izateko sortu da. Bostehun egile baino gehiagoren 366 lan batzen dira, jakintza-arlo guztietakoak: Humanidadeak (Artea, Historia, Hizkuntzalaritza…), Gizarte Zientziak (Ekonomia, Enpresa, Kazetaritza, Zuzenbidea…); Natur Zientziak (Kimika, Matematika, Fisika, Biologia…), Zientzia Teknikoak (Arkitektura, Ingeniaritza, Teknologia…) eta Osasun Zientziak (Medikuntza, Mikrobiologia, Anatomia…). Interneten topau daiteke, www.euskararenetxea.net/liburutegia gunean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu