Mahasti eta ardaoaren aldeko manifestuak erabateko adostasuna izan dau sektorean
2007-02-15 01:00 Jan edanakAlkoholak gazteakan arazo larriak sortzen dituala eta neurriak hartu behar dirala onartu arren, lege proposamenean agertzen diran zenbait puntu onartezinak dira: helduok edari alkoholdunak kontsumiduteko askatasuna neurtzea, edari alkoholdunen promozinorako mugak…
Espainiar estaduko ardaogintza alorreko entrepresa, erakunde, alkarte eta enparauek sinatu dabe mahasti eta ardaogintzea babesteko manifestua. Izan be, Osasun Ministerioak behin behinekotzat aurkeztu dauen lege proposamenak aurrera egingo baleu, sekulako kalteak izango leukez ardaogintzeak oro har. Proposamen honetan, besteak beste, osasunaren eta gazteen edari alkoholdunen kontsumo goiztiarraren izenean, alkoholaren kontrako neurri zorrotzak aurreikusten dira. Ardaogintzan dabizanen eretxiz, lege proposamen honek, ardaoaren kontsumo neurtua egin nahi daben helduen askatasuna kolokan jarten dau.
Euren esanetan, alkoholak gazteakan arazo larriak sortzen dituala eta neurriak hartu behar dirala onartu arren, lege proposamenean agertzen diran zenbait puntu onartezinak dira: helduok edari alkoholdunak kontsumiduteko askatasuna neurtzea, edari alkoholdunen promozinorako mugak, … batzuk aitatzearren.
Ondorioz, sektoreak manifestu bat eratu dau, ‘Mahastiaren eta Ardaoaren defentsarako manifestua’ lemapean. Ez ahaztu espainiar estaduan ardaogintza alorra, bai bere ezaugarri sozioekonomikoengaitik, zein ingurumen arlokoengaitik eta baita nekazaritzearen garapenagaz lotutakoengaitik be, oso alor garrantzitsua dala. Datu batzuk emotearren, 1´2 miloe hektarea dagoz mahastiz landatuak, 30.000 langile inguru bizi dira zuzenean honetatik eta beste hainbeste zeharka.
Mahastigintzea naturan txertatua dago, lurren erosinoaren kontrako babesle bat da, paisaje bitxi eta propio bat osotzen dau eta aldaketa klimatikoaren kontrako eragile be bada. Horrezaz gan, ardaoa, elikagai gisa agertzen da Mahasti eta Ardaoaren Legean, beti be, gaur egun osasun aldetik hain gomendagarria dan dieta mediterraneoagaz lotuta. Landatzen dan inguruaren historia eta kultureagaz be oso lotuta dago. Horregaitik guztiagaitik, manifestu honen egileek, ardaoaren munduak alde positibo asko eta asko dituala azpimarratu nahi dabe, horreek ezagutu eta jagoken balioa emon behar jakelarik egileen esanetan.
Alkoholismo gaiak aztertzen diranean, ardaoa kriminalizau egiten dala salatu dabe eta ondorioz hiru hamarkadatan, urtean 70 litro personako kontsumidutetik, 26 litro kontsumidutera jaitsi dala. Euren ustez, kontraesana dago tartean ze ardao kontsumoak behera egin arren, alkoholismo tasek ez dabelako behera egiten, batez be, gazteen artean eta honeek dira, hain zuzen be, ardao gitxien kontsumiduten dabenak.
Laburbilduz dinoe, ardaoa ez dala arazoa, eta ez jakola erantsi behar hain larria dan alkoholismoren arazoa. Horrezaz gan, ardao kontsumo moderatua dieta mediterraneoagaz batera, osasunerako sano gomendagarria dala adierazo dabe eta beste alkoholdun edari batzuen kontsumo desegokien aurrean, eredugarri be izan daitekela. Azkenik, ardaoaren gaineko kulturea eta hezkuntzea proposatzen dabez kontsumo egokia eta osasuntsua suspertze aldera.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!