Hizkuntz Politikarako Sailburuordetzeak 12,5 miloetik gora emongo ditu euskerearen erabilerea sustatzeko

Bizkaie! 2007-02-15 01:00   Euskerea berbagai

Eusko Jaurlaritzako Hizkuntz Politikarako Sailburuordetzeak 12.525.000 euro banatuko ditu aurten euskerearen erabilerea sustatzera zuzenduriko diru-laguntzetan. Esangura horretan, laguntzak % 83,6 igon dira 2005egaz konparauta.

Eusko Jaurlaritzako Hizkuntz Politikarako Sailburuordetzeak 12.525.000 euro banatuko ditu aurten euskerearen erabilerea sustatzera zuzenduriko diru-laguntzetan. Esangura horretan, laguntzak % 83,6 igon dira 2005egaz konparauta.

Danetara, bost dira diruz lagunduko diran arloak: sozio-ekonomikoa (lan mundua); hedabideak; informazinoaren eta komunikazinoaren teknologiak (IKT); EBPN garatzea edo martxan jartea helburu daben Udalak; eta euskerearen erabilerea gizarte bizitzan oro har areagotzea helburu daben alkarteak. Honeekaz batera doa, gainera, Iparraldeari jagokona, datorren hilean kaleratuko dana, aurten lehen aldiz Euskerearen Erakunde Publikogaz batera kaleratuko dabena, joan dan astean sinaturiko hitzarmenean aurreikusitako moduan.

Patxi Baztarrika Hizkuntz Politikarako sailburuordeak Donostian eskainitako prentsaurrekoan azaldu dauenez, diru-laguntzen hazkunderik handienak, IKT, hedabide eta lan munduaren arloetan izango dira.

Hizkuntz Politikarako Sailburuordetzako zuzendaritza talde osoa ondoan ebala, Baztarrikak gororarazo dau Eusko Jaurlaritzeak, hainbat sailen eskutik, orain aurkeztutakoak baino diru-laguntza gehiago zuzentzen dituala euskerearen erabilerea bultzatzeko helburuaren mesedetan. Azaldu dauenez, diru-laguntza honeezaz gan, Hizkuntz Politikarako Sailburuordetzeak berak be 2007an baditu beste bi diru-laguntza multzo.

Alde batetik, beste 3.200.000 euro emongo ditu hitzarmen propioen bidez eta proiektu berezietarako laguntza berariazkoen bidez banatuko dituan diru-laguntzetan. Euskaltzaindia, Labayru, EIZIE, EIE, Bertsozaleen Alkartea, UNESCO, Topagunea, ONCE, Nafarroako EKE, Asmoz Fundazinoa, EUDEL eta PINBE deialdiaren barruko Udalak dira diru-laguntza horreen hartzaileak.

Bestetik, kontuan hartu behar dira Hizkuntz Politikarako Sailburuordetzeak HABEren eskutik helduen euskalduntze-alfabetatzera bideratutako diru-laguntzak, bai euskaltegi pribatuentzako, bai udal euskaltegientzako, bai euskal etxeentzako, eta baita ikasleei zuzenean emongo deutsiezan beketarako. Horretara beste 31.445.000 euro jarriko dira.

‘Deialdi honeek ikasturte hasierarako kaleratuko doguz, uda partean, hain zuzen, eta horren barri momentua heltzen danean HABEk berak emongo dau’, gaineratu dau.

Baztarrikaren eretxiz, zuzentzen dauen Sailburuordetzearen azken urte eta erdiko jarduna bi berbatan laburbildu beharko balebe, bi berba honeek erabiliko leukiez: ekin eta egin. ‘Izan be, ekinean ari gara, hainbat ekimen hartu, bultzatu eta martxan jarri doguz’, esan dau.

Bere esanetan, ‘badakigu zer nahi dogun, badakigu zein dan helburu nagusia: euskerearen erabilerea eguneroko bizitzan, eguneroko jardunean, sendotzea eta handitzea. Euskerea eskoletako lau hormen artean gorde ordez, kaleko bizitzara, lan-mundura, internetera, aisialdira, lagun artera, familiako hartu-emonetara zabaltzea’.

Horretarako, ezinbestekoa deritzo Eusko Jaurlaritza eta herri-erakunde guztien aldetik ‘euskerearen erabilerearen aldeko hizkuntz politika aktibo eta gero eta eraginkorragoa garatzeari, eta, batez be, euskal gizarte osoak bere egiteari eta beretzat hartzeari euskerearen erronkea. Herritarrek euskereagazko daben portaera eta atxikimendua aberastea eta sendotzea ezinbestekoa dogu euskerearen erabilerea areagotuko badogu’, nabarmendu dau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu