Bilboko Carnestolendas-Aratusteak

Xabier Kintana Urtiaga Bizkaie K Bizkaierara Moldatua 2007-02-15 01:00   Euskerea berbagai

Gure hizkuntzearen Akademiak orain preparetan dagoan hiztegi batu osoagoan aratuste berbea onartu dau, baina berba lokal legez, eta horren definizioa inauteriak forma ezagunagoaren bidez emoten dau.

Historian zehar, kristinau Garizumearen aurreko herri-jaiek, izen batzuk izan ditue. Latinez carnes-tollendus deitzen ziran, hau da, ‘haragia kentzea’, garizumaldiko penitentzi giroagaitik okelea jatea galarazota egoalako. Hortik gaztelaniazko carnestolendas sortu zan, berorren sinonimoa dan antruejo legez, berau latinezko introitus-etik heldua, hau da ‘[Garizumarako] sarrerea’, gaur egun oso gitxi erabilia eta batez be baserri giroko berba zaharkitu dialektaltzat joten dana.

Erdi Aroan, antzeko esangureagaz, jaialdi horreei Italian carne-levale deitzen hasi jaken, eta hortik gaurko italierako carnevale berbea etorri da, geroago Europako hizkuntza askotara pasau dana: gal., esp., cat., fr. carnaval, ingl, carnival, Alem. Karnaval, rus. karnaval, eta abar.

Euskera zaharrean, ideia beretik abiatuta, (haragi >) harat- eta ixte (< itxi) berbakaz haratixte sortu zan, hau da, Garizuman haragia jatea alde batera itxi behar zalako. Berba hori honezkero 1567 aldean agiri jaku dokumentauta Joan Perez de Lazarraga arabarraren eskuizkribuan. Hortixek ailegau jakuz aratoste eta aratuste, Azkuek pentsetan ebanez, Gipuzkoa aldeko uzte berbeagaz kutsatuta, mendebaldeko herritxu batzuetan oraindino bizirik dirauana. Baina egia esan, luzaroko galarazpen jai hori aspaldian ospatzen ez zalako, bai Bizkaian eta bai Gipuzkoa gehienean be herriko jenteak belarriz jaso dauen berba nagusia karnabala izan da, espainieratik hartua, jakina, eta hori garbi erakusten deusku Euskal Herri Hizkeren Atlasak jai horren izenari jagokon fitxan.

Barriz, Euskal Herriaren erdialde eta ekialdean, Nafarroa, Lapurdi eta Zuberoan batez be, antxinako jai horreek etenbarik irautea izan dabe, Tolosa, Donostia, Lanz, Iturengo ospakizunak lekuko, eta hor tradizinoz inauteriak deitu izan dira gaur arte, erro bereko beste aldaera txiki batzukaz. Horregaitik, Euskaltzaindiak, izen horrek literatura zahar eta barrian eukan zabalkundea eta erabilera handia ikusita, eta gaurko irakaskuntzan eta testu-liburuetan hori forma nagusia zala konturatuta, 2000. urteko bere Hiztegi Batuan berba hori sartu eban gure hizkuntzearen batasunerako egokiena zalakoan. Ez eban aukeratu, barriz, aratuste, geografia aldetik bazter batekoa eta gaur, Bizkaian be, oso jente gitxik ezagutzen eta erabilten ebalako, gaztelaniazko carnestolendas edo antruejo legez.

Halanda be, gure hizkuntzearen Akademiak orain preparetan dagoan hiztegi batu osoagoan aratuste berbea onartu dau, baina berba lokal legez, eta horren definizioa inauteriak forma ezagunagoaren bidez emoten dau. Horrek esan gura dau Euskaltzaindiak berba hori ontzat emoten dauela bigarren mailako sinonimotzat eta, oraindino bizirik dagoan lekuetan —Bermeon, Mundakan edota Lekeition, berbarako—, berorren erabilerea berresten dauela, baina, beti be, euskerearen normalizazinorako, Bizkaian zein ganerako eskualdeetan inauteriak berba zabalduagoa gomendatuz, batez be karnabalak erdal berbea erabilten dan eremuan.

Horretara, Akademiaren arauakaz bat etorriz, Euskal Autonomia Erkidegoaren oraingo Autonomi Estatutuaren 6.4. artikuluaren arabera, Euskaltzaindia euskerearen hizkuntz zuzentasuna bermatzeko erakundea izanik, gaur egungo euskal hiztegi elebidun guztiek erderazko carnaval euskeraz inauteriak berbeagaz itzultzen dabe, eta horixe da, ganera, gure ikastegietako ume danei irakasten jaken berba bakarra, gaztelaniaz be, carnaval-ez ganera, gorago aitaturiko beste berba zaharkitu horreek irakasten ez jakezan legez.

Halanda be, harrigarriena hauxe da, non eta gure Herriko uri nagusian, espainieraz zintzo-zintzo carnaval berba bakarra urtez urte kontsakretan dan lekuan, euskeraz, barriz, soil-soilik aratusteak lako txokokeria bat bultzatzen saiatzea, gure hizkuntzearen batasun eta normalizazinoari kalte galanta eginaz. Izan be, ustezko aberastasunaren bila, maila apaleko sinonimoak bultzatu gura badoguz, izan gaitezan konsekuenteak dinogunagaz, eta aberats daigun gaztelania bera be, eta guztiek ulertzen deuskuen carnaval horren partez, jar daiguzan carnestolendas edo antruejo zahar eta interesgarri horreek.

Tira ba. Txantxak alde batera itxita, ez da bape serioa euskereagaz era horretako esperimentu-jolasak egitea, eta gitxiago, ganera, gaztelaniagaz, ezta mozkortuta be, horrelakorik egitera ausartuko ez gintxakezanean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu