Kontseilua eta Behatokia buru-belarri Iparraldean

Bizkaie! 2007-02-14 01:00   Euskerea berbagai

Euskerearen Gizarte Erakundeen Kontseiluak eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiak 2007 urtean Iparraldean egingo dituen lanen plangintzea aurkeztu dabe.

Euskerearen Gizarte Erakundeen Kontseiluak eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiak 2007 urtean Iparraldean egingo dituen lanen plangintzea aurkeztu dabe. Baionan egindako prentsaurrekoan, Kontseiluko idazkari nagusiak, Xabier Mendigurenek, Iparraldean lan egingo dauen behargin barria aurkeztu dau: Ione Josié. ‘Buru-belarri lan egingo dogu Iparraldean, honetan Ioneren laguntza izango dogu, berak honezkero euskerea normalizetako ahalegin honetan esperientzia handia dauka’, azaldu dau Mendigurenek.

Orain arte Kontseiluak Iparraldean ildo sozialeko gaietan lan egin dau batez be. Izan be, Iparraldeko hiru lurraldeetan 130 Bai Euskarari Ziurtagiri banatu dira. Era berean, Behatokiak urtero Iparraldeko hizkuntza-eskubideen egoerearen diagnosia egin dau eta hainbat kasuren jarraipen zehatza egin izan dau bertako euskalgintzeagaz alkarlanean. ‘Kontseilutik eta Behatokitik Euskal Herri osorako lan egiten dogu, horregaitik uste dogu Iparraldean hizkuntza-politika eta hizkuntza-eskubideen inguruko aloan sakontzeko aukerea dogula’, adierazo dau Kontseiluko idazkari nagusiak.

Azken bost urte honeetan Ione Josié Euskal Konfederazinoan lanean egon da, besteak beste, Herriko Etxeetan euskerearen normalizazino Planak egin eta aurrera eroateko eginkizunetan.

Erakunde bakotxak bere programea azaldu dau:


Kontseilua

Kontseilua euskerearen garapen osoa izatea helburu dauen gizarte erakunde ugariren bilgunea da. 1997. urtearen amaieran sortu zan euskalgintzako hainbat erakunderen ordezkari izateko. Orain, Euskal Herriko 46 erakundek osotzen dabe Euskerearen Gizarte Erakundeen Kontseilua, Euskal Konfederazinoa be bai. Euskal Herriko eremu administratibo guztietan lan egiten dau euskerearen normalizazinoan aurrera egiteko helburuagaz. Orain hainbat programa ditu martxan eta, Ipar Euskal Herrian, ezagunena programa soziala da, hau da, Bai Euskarari Akordioa eta Bai Euskarari ziurtagiria. Bai Euskarari Akordioa Saran, Azkainen, Ezpeletan, Senperen eta Ziburun dago eta datorren astetik aurrera Uztaritzen be izango da. Programa sozialaz ganera, Kontseiluak programa politikoa be bideratzen dau eta hauxe da orain aurkezten dabena, lehenengo biderra izango baita Ipar Euskal Herrian programea aurkezten dabena.

Kontseiluko plangintzearen ideia nagusiak programa politiko-instituzionaleko arduradunak, Iñaki Lasak, azaldu ditu:

  • Kontseiluak Euskal Herriko 66 udalerrietako hizkuntza-politikearen neurketea egin dau. Horreen artean Iparraldeko hainbat dagoz: Biarritz, Atarratze, Donibane, Angelu, Hazparne eta Baiona. Neurketearen emoitza azaltzeagaz batera, udalerri bakotxean euskerearen normalizazinoan aurrera egiteko bidea azalduko dau Kontseiluak.

  • Euskerearen Erakunde Publikoaren hizkuntza-politikea aztertuko dau. Ganera, urtearen amaieran, Euskal Herrian apliketan diran hizkuntza-politiken egokitasuna neurtzeko sistemea plazaratuko dau eta, horregaz batera, azterketea.

  • Euskerea erabilteko norbanakoen konpromisoak zabaltzeko lanean jarraituko dau. Orain dala gitxi, fakturak euskeraz egitea eskatu dauen legez, beste bi konpromiso zabalduko ditu. ‘Fakturak euskeraz’ kanpainearen bidez Iparraldeko ur, gas eta elektrizidade enpresek bialtzen dituen fakturak euskeraz eskatzeko deia egin deutse herritarrei, ‘enpresek orain arte euskereari tarterik eskaini ez arren’.

  • Sektore desbardinetan euskerearen presentziaren neurketak egingo dira eta Kontseilutik aldizkariaren bidez argitaratuko dira. Zezeilaren amaieran zinemen azterketea aurkeztuko dau Kontseiluak, eta horretan Iparraldeko egoerearen larritasuna azpimarratu dau.

  • Akordio Soziopolitiko baten aukerak aztertuko dira alderdi eta sindikatuakaz batzartuta.

  • Hauteskunde prozesu desbardinetan euskereak jagokon presentzia izan daian ahaleginduko da modu askotara. Eragile lana egingo dau Kontseiluak.

  • Euskerearen aurrekontuak be zorrotz aztertuko ditu, orain Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroan urtero egiten dauen legez. Horren helburua euskerearen beharrak zeintzuk diran garbi ixtea izango da.

    Oro har, hizkuntza-politika egokiaren aldarria, hizkuntza-eskubideen bermearena, estatus egokiaren aldarria eta, azkenik, normalizazino prozesua azken muturreraino eroango daben proposamenak egitea izango dira Kontseilua gidatuko daben bideak.


Behatokia

Behatokiko plangintzearen ideia nagusiak Paul Bilbao zuzendariak azaldu ditu. ‘Behatokiak aurrerapausu barri bat egin gura dau eta hurretik landu gura dau Iparraldea. Hori dala eta, Baionako ordezkaritzea zabaltzeaz ganera, Behatokiaren ildo guztiak abian jarriko doguz Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan’, adierazo dau Paul Bilbaok.

  • Euskerearen telefonoa zerbitzua martxan da Iparraldean. www.euskararentelefonoa.com eta 0559594948 telefono zenbakian. ‘Hizkuntza-eskubideen urraketei aurre egiteko bitartekoak eskaini gura doguz eta, hori dala-eta, espero daigun herritar askok jotea zerbitzura’.

  • Iparraldean zer egiten dabilzan batuko dauen txostena egingo dau. Horretarako, azken urteotan Behatokiak kudeatutako espedienteez gain arian-arian jasoko dituanak izango ditu oinarri.

  • Instituzinoakanako hartu-emonak, hizkuntza-eskubideen urraketa larrienak non pasetan diran jakinarazoteko eta horreek konpontzeko eskaerea egiteko.

  • Era berean, euskalgintzako erakundeakaz hartu-emonak izango dira. Hartu-emon iraunkorrak izan gura ditu Behatokiak Iparraldeko euskalgintzeagaz, lankidetza-eremuak zehazteko asmoagaz.

  • Hizkuntza-eskubideak gizarteratzeko ekimenak egingo dira. Behatokiak hainbat ekimen bideratuko ditu hizkuntza-eskubideak zer diran eta zer eskubide jagokuzan gizarteratzeko. Ganera, ‘Hizkuntza-eskubideak: Ezagutu eta eutsi’ dalako unidade didaktikoa be zabalduko dau.

  • Nazioartean, Frantziako Estaduak gure hizkuntza-komunidadeagazko dauen jarrerea eta gure hizkuntzeak dauen babes juridiko faltea nazinoarteko erakundeetara helarazoko dau Behatokiak. Bide horretan, besteak beste, Nazino Batuen Erakundera jotea aztertu dau. Horregaz batera, gurea lako beste hizkuntza-komunidade gitxiagotuetan eskubideen alde dabilzan erakundeakaz lankidetzak finkatuko ditu: okzitaniera, bretoiera, korsikera, katalana eta abarregaz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu