Azkarate San Franciscoko Euskal Etxearen 25. urteurreneko ekitaldietan izango da

Bizkaie! 2007-02-13 01:00   Euskaldunak munduan

Biajearen helburua AEBko euskal alkarteei eta batez be 25 urte beteten dituan San Franciscoko Euskal Etxeari Eusko Jaurlaritzearen alkarlana eta laguntasuna eskaintzea da, bide batez euskerazko eskolak eta bertako euskal alkarteen arteko loturea sendotzeko.

Miren Azkarate Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburua San Franciscora (AEB) joango da aste honetan bertako Euskal Etxearen 25. urteurrenaren ekitaldietan eta NABO AEBko euskal alkarteen biltzarrean parte hartzeko, bide horretatik AEBn dagozan euskera eskolak sendotu eta garatzeko asmoz. Azkaratek Kaliforniako San Franciscon egingo dan NABOren biltzarrean eta euskal astean be parte hartuko dau.

Biajearen helburua AEBko euskal alkarteei eta batez be 25 urte beteten dituan San Franciscoko Euskal Etxeari Eusko Jaurlaritzearen alkarlana eta laguntasuna eskaintzea da, bide batez euskerazko eskolak eta bertako euskal alkarteen arteko loturea sendotzeko.

‘Euskara eskolak munduan’ egitasmoaren barruan, Espainiako hainbat uriburutan (Madril, Bartzelona, Valentzia, Valladolid) eta Europa (Paris, Londres, Erroma) eta Ameriketako hainbat uri eta herritan helduentzako emoten diran euskera eskolak arautu eta garatu dira. Irakasleen trebakuntzeari garrantzi berezia emon jako eta eskolak materialez hornidu eta autoikaskuntzarako eta urruneko irakaskuntzarako zein irakasleen trebakuntzarako sistemak ezarri dira.

AEB, eskola honeen garapenari begira, lurralde oso garrantzitsua da, bertako euskal gizataldearen pisua kontuan izanda, mendebaldeko estaduetan (Idaho, Nevada, California, Wyoming) eta New York urian batez be.

NABOren bitartez euskera eskolak zabaltze bidean dagoz eta, horretarako, bertako irakasleak daukiez. Teknologia barrietan oinarrituta eta Euskal Herritik lagunduta, NABO erakundeagaz alkarlanean euskera eskolak garatzen doaz euskal gizatalde nagusienak dagozan guneetan Kultura Sailak eta HABE erakundeak bultzatutako ‘Euskerea Munduan’ egitasmoari esker.

Euskera eskola horreen barri hur-hurretik izatera doa Miren Azkarate Kultura sailburua Ameriketako Estadu Batuetara. San Franciscoko Euskal Etxean, Ipar Ameriketako euskal alkarteak batzen dituan NABO erakundeak urteko batzarra egingo dau eta bertan izango da Azkarate egitasmoaren arduradunakaz eta euskera irakasten daben lagunakaz.

Azken hiru urteotan New Yorken, San Franciscon eta Californiako Chino eta Bakersfielden, Boisen eta Goodingen Idaho estatuan, Rock Springsen eta Buffalon (Wyoming), Elkon (Nevada) eta Ontarion (Oregon) dagoz martxan euskera eskolak.


Egoera politikoaren ganeko berbaldia

Horregaz batera, Azkaratek Juan Jose Ibarretxe lehendakariaren eta Eusko Jaurlaritzearen izenean egongo da San Franciscoko Euskal Etxearen 25. urteurrena ospatzeko antolatu diran ekitaldietan. Kultura sailburuak, ganera, egoera politikoaren inguruko berbaldia emongo dau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu