Juan Manuel Etxebarria: ‘asfaltoan ezin da tradizinoa berreskuratu’
2007-02-12 01:00 BarriketanAratusteak ganean daukaguz eta euskal tradizino eta ohituren errepasoa egin dogu irakasle zeberiotarragaz.
Inauteriak edo aratusteak ganean daukaguz eta honezkero mozorroa prest eukiko dau batek baino gehiagok. Baina, nondik dator beste modu batera jantzi eta kalera urteteko ohiturea? Kontu horren eta beste askoren ganean berba egiteko asmoz, Juan Manuel Etxebarria zeberiotarragaz jarri dogu hitzordua. Euskal Filologiako irakaslea eta tutorea da, euskaltzain urgazlea eta euskal tradizinoetan aditua, bere bibliografiak erakusten deuskun legez.
Bizkaia partean, inauteri berbea ez da lar erabili, guk gazte denporatik aratusteak edota karnabalak esan izan dogu. Inauteri berbea konposatua da. Inau- da formarik zaharrena, gero iñau edo ihau egin arren. Berez, inau- dago erroan. Hurrengo partea –te da, sustantiboak egiteko erabilten dana. Gero, -eri dago baina nik uste dot –iri dala, galdu dogun atzizki zaharra. Horrek ingurua, lekua edo denporea esan gura dau. Berbarako, bizkaieraz ‘arrastiri’ berbea daukagu eta hortik datoz ‘arrastiri on’ eta ‘arrastion’. Kasu honetan, denporea adierazoten dau, beraz, inau-t-iri, inau denporea. Inau horrek burlea gura dau esan baina ez dakigu zer ikusi daukan horrek. Kontua da berbea zabaldu egin dala eta Bizkaian erabili ez arren, erabilten ikasi dogula.
Aratuste berbea, nire ustez, haragi+uzte da. Kristinau aroko agindu batetik dator hori, garizumako barikuetan eta okelea jaten ixten ez ebana. Ganera, gaztelaniazko ‘carnaval’ be hori da. Baina, zergaitik idazten da aratuste eta ez aratuzte? Hiztegietan, bietara dator. Hori grafia kontu bat da baina jatorrian ‘haragirik ez jatea’ esan gura dau.
Inauteri ‘inausi’ berbeagaz lotzen dabe askok. Aratoste ‘arastui’ berbearen ondorengoa dala dinoe eta, Azkueren esanetan, ‘arastui’ inausitako arbola-saila da. Ez nator bat bigarren teoria horregaz, arastui Arratia aldean ‘haretx asko’ adierazoteko erabilten dalako, mahasdui, sagardui edota lizardui legez. Nire ustez, Azkuek ez eban jaso zuzen atzizki hori eta, beraz, ez dot uste benetako erroak inausigaz zerikusia daukanik.
Inauteriak udabarriaren sorrerako jaiak dira. Guk egutegi kristinaua daukagu eta kristinau egutegian udabarriko lehenengo ilargi betea hartzen da erreferentziatzat. Horren hurrengo domekea beti izango da Pasko Eguna. Orduan, zazpi egun atzerago, Erramu Eguna eta berrogei egun atzerago, garizumea eta horrek sartzen gaitu Hauts Egunean eta bezperea Inauterien Martitzena izango da. Orduan, inperatibo horrek neguan sartzen gaitu baina, berez, udabarriko ospakizuna da. Jaia bera aspaldikoa da, Grezian eta Erroman be ospatzen zan. Guk egutegi zehatza daukagu orain baina lehen egutegiak gitxi gorabeherakoak ziran. Sasoi bi egozan garrantzitsuak: udea eta negua. Batean naturea sortu egiten da eta bestean hil edo lozorroan geratzen da. Barriro naturea datorrenean, ospatu egiten da, janaria datorrelako.
Erlijinoak, hori egokitu eta bere arauak imini ditu, mundu hori kristinautu egin dau. Ospakizun horreetariko askok berezko esentzia galdu eben, pozak ardaoa eta mugarik bako jaia ekarten eban eta leku askotan, Erroman berbarako, galarazo egin ebezan.
Mozorrotzea metamorfosi edo aldaketa baten sinboloa da. Mundu zaharra edo neguan hildako naturea atzera be berpiztu dala adierazoteko erabilten zan. Beti egongo dira dikotomiak, heriotzea eta bizitza edota onak eta txarrak; horreek sinbolizetan ditu mozorrotzeak. Gero, Eleizeak egokitu egin dau hori eta aurreko ospakizun danak kristinautu egin ditu, batez be jaietan eta lizunkeriatan jausten ziranak.
Orduan, abenduaren seian San Nikolas Txikiagaz hasi eta udabarria hasi arte, Santoral dana beterik daukagu, Gabon Eguna, Urte Barria, Kandelaria, San Blas, Santa Ageda... Lehengo siniskeren ganetik estalpe kulturala jarri dau Eleizeak, kristinau santuak jarri ditu. Baina herriak kristinau aurreko ohiturak eta ondorengoak nahastauta egiten jarraitu dau, aldaketea ez dalako horren arin egiten.
Orain, lehengo mundu paganoko ohiturak jasoten hasi gara barriro.
Mitoetara jo behar dogu hori jakiteko. Grezian, Saturnok bere seme-alaba danak iruntsi egiten ebazan. Bere ostekoak bera tronutik kenduko ebela uste eban eta iruntsi ezkero, ez zan holakorik jazoten. Orduan, umeen amak tranpea egin eutson eta, egun batean, umea eroan beharrean, harri bat eroan eutson, tapauta. Saturno, harria iruntsi ostean, trankil geratu zan. Ume hori Zeus zan eta amak jagoten eban. Nagusitan, gobernetan hasi eta aita destronau eban. Saturno, Jainkoa dan legez, hil beharrean zerutik mundura bota eban semeak eta Lation, Erroma inguruan jausi zan. Han Jano Jainkoa egoan agintean, aurrea eta atzea ikusten ebazana. Harek onartu egin eban eta Saturno eta bien artean paradisu antzeko bat sortu eben Erroman. Ondasunak, labrantzea eta ardaoak ziran nagusi eta orduan jaio ziran jai saturnalak, abenduan, neguaren hasieran. Gure abendua ‘décimo’ da, ‘setember’, ‘october’, ‘november’, ‘december’, siete, ocho, nueve, diez. Beraz, ze arraio pasetan da, guk hamabi hilebete daukaguz, eta? Urtarrila eta zezeila inbentau ziran. ‘Februarius’ purifikazinoen hilea da eta azkena zan erromatarrentzat. Hori, gurean, bigarren sartzen da eta hilebeterik laburrena da. Janoren omenez, ‘Januariur’ sartu zan eta hortik dator hamabi hilebeteko urtea, 365 egunekoa. Eta gero bisurtea daukagu, ‘bis sestus ante calendas martias’. ‘Calendas’ hilebetearen lehenengo egunak dira, latinez. Martiaren aurrekoa februarius da eta martiaren ‘calendas’ baino sei egun lehenago, zezeilaren 23a da eta 23 Bis imini beharrean, egun bat gehitu jakon zezeilari eta gero izena geratu da, ‘bis sestus, bisiesto’.
Durango partean ospatzen da Eguen Zuria. Guk, Zeberion, inauterien aurreko domekea ospatzen dogu, ‘kanporamartxea’. Mendian txarrikia eta okelea jaten doguz ze gero, garizuman, ezin da jan. Beste leku batzuetan ‘basatustea’ egiten da. Ospakizun horreek garizuman sartu aurretik egiten dira.
Teoria asko dagoz baina latinez, carnevale terminoak okelea ez jatea esan gura dau.
Asko dagoz, bai. Zubietan eta Iturenen ‘Markitos’, Uztaritzen edo Beskoitzen ‘Zanpantzar’, Lantzen ‘Miel Otxin’, Markinan ‘Hartza’, Lesakan ‘Zakuzaharrak’, Altsasun ‘Mozorroak’, Agurainen ‘Porreroak eta Sorginak’, Kanpezun ‘Toribio’, Laudion ‘Letziagako sorgina’, Abaltzisketan ‘Txino Dantza’, Antzuolan ‘Sorgin Dantza’, Mundakan ‘Atorrak eta Lamiak’, Goizuetan ‘Zahagi Dantza’, Nafarroa Beherean ‘Kabalkadak’, Zuberoan ‘Maskaradak’ eta Zeberion ‘Kanporamartxa’.
Ohitura eta personaia asko daukaguz baina danek daukiez antzeko ezaugarriak: okelea jateko jaiak antolatzen dira edota personaien kontura barre egiteko, ona eta txarra bereizteko, negua joan eta udea datorrela adierazoteko. Ona eta txarra bereizteko beti zigortzen da persona bat, txartzat hartu eta aurretik kentzeko. Neguan, heriotzeak irabazten deutso bizitzeari eta udan, bizitzeak heriotzeari. Betikoa da eta hori Grezian be pasetan zan. Demeterren mitoa horixe da. Demeter eta Zeus andra-gizonek Core izeneko alaba bat daukie. Egun batean, solotik loretxu bat hartzen dago eta lurrak iruntsi egiten dau. Ama alabearen bila dabil eta ha amari deika. Amak ahotsa entzuten dau baina ez dau ikusten. Orduan, Eguzkiak esaten deutso amari: ‘zure alaba Hades-ek dauka bahituta’. Demeterrek (zerealen Jainkosa da bera) Hades-i mehatxu egiten deutso, esanaz alabea libre ez badau ixten, uztarik ez dala egongo. Adostasun batera heltzen dira: udabarrian atara eta udagoienean barriro bahituko dau. Horregaitik, udabarriz udabarri urtengo dau eta udagoienean atzera ostenduko da.
Hori, hemen, Mari Anbotokoagaz pasetan da. Mari udabarrian Anbotora etorten da eta hor egongo da udabarriko, udako eta udagoieneko emoitzak lortu arte eta Neguan Gorbeiako kobazulo batera doa.
Mito horreek naturearen berpiztea azaltzen dabe.
Poztasuna adierazoteko erabilten doguz. Jan-edanak be lotuta doaz eta, zeozelan, mugarik bako jaiak be bai. Zer egiten dogu orain ezkontza batera goazenean? Gehiago jan, gehiago edan... eta jentea autobusean joaten da!
Literatura zaharra aztertu ezkero konturatuko gara poesia dala nagusi, kantetako poesia, buruz ikasi eta ostean kantetako, erritmo eta neurriagaz.
Batzutan penea emoten deust jaiaren alde folklorikoagaz bakarrik geratzea, ez bakarrik inauterietan, baita San Juanetan be. Azpian, askoz garrantzitsuagoa da esanahia eta, lehen, herriak hobeto biziten eban. Gaur, uritartu egin da eta, akaso, gehiegi folklorizau. Azken batean, oraingo mozorroak larregi sofistifikau dira. Lehen, mozorrotzea metamorfosia zan, txarto jantzita joatea. Ohitura hori ez da oraingoa ezta hemengoa. Mesopotamian, Erregea destronau eta humiliau egiten eben hiru egunez eta gero barriro tronura bialdu. Naturearen birjaiotze horretan dago transformazinoa, zaharra amaitu eta barrira goazela adierazoteko. Erropaz eta izakeraz aldatu dogu, txarrak kendu eta onakaz geratzen gara baina ohitura horreek galtzen doaz, ez doguzalako gure zuztarrak ondo ezagutzen. Egiten doguna zergaitik egiten dogun ezagutu beharko geunke gitxienez, etxeko tradizinoa apurtzen doalako. Uri bihurtu gara eta asfaltoan ezin da lehengo tradizinoa berreskuratu.
Hori bai: jaia egiten bada, lehendik zeozer dagoalako egiten da. Ezerezetik ez dator ezer eta edozein ospakizunen jatorria aztertu ezkero ikusiko dogu danek daukiela euren azalpena.
Bai, badaukadaz batzuk. Salomonen amenazua, berbarako, oso polita da, nire amak txikitatik kontautakoa. Esaten da Salomon jakintsuaren denporan agindu bat zabaldu ebala Salomonek esanez: nire ama zaharra da eta egunen batean bizitzaren legean hil egin behar dala jakin arren, barri hori emoten deustan personea zigortu egingo dot eta gogor ganera. Jentea bildurrez egoan eta eguna heldu zanean bizkaitar bat joan zan Salomonengana eta honakoa esan eutson: ‘Salomon: marti hilbera, ateste –aratuste- hilbarri; Salomonen ama ez gose ez egarri’. Eta Salomonek erantzun: ‘Orduan hil egin dok’. Eta bizkaitarrak: ‘Euk esan dok’. Beraz, ezin izan eban bizkaitarra zigortu. Hor ikusten da aratusteek barritasuna ekarrela.
Liburu mailan atara dodan azkena ‘Perutxu eta jentila’ izan da. Herrian batutako zuhurtasunezko ipuintxuak dira baina nobela formeagaz. Herrian jasotako hamasei pasarte dira eta Gorbeian kokatuta dago. Tartean, Mari Anbotokoa be badago.
Liburugintzan, aurrerantzean, proiekturen bat edo beste daukat. Ikerketa mailan, nire herriko (Zeberio) hiztegia egin gura neuke. Datu asko batu dodaz honezkero eta horretan nabil. Tartean, ganera, berbaldiak be emoten dodaz.
1.- Inauteri, Ihauteri, Aratuste, Iyote, Karnabal... Berba bat baino gehiago dago jai horreek izentetako. Euskalkien kontua da ala zeozer gehiago dago izenon atzean?
2.- Inauteriak gizarteak asmautako jaiak dira. Solstizio egunei lotutakoak, ostera, lotura estuagoa daukie erlijio ospakizunakaz. Badago hor aldea, ezta? Noiztik eta nondik datoz jai honeek?
3.- Nondik dator mozorroak janzteko ohiturea?
4.- Zeintzuk, berbarako?
5.- Eguen zuria, basatustea... Zer ospatzen da egun horreetan?
6.- Euskal inauterietan personaia eta jantza ugari dagoz...
7.- Zenbaterainoko garrantzia dauka jantzeak eta kanteteak jaiotan?
8.- Zelan ikusten dozuz inauterien eta, oro har, tradizinoko jaien etorkizuna? Jaia ohiturearen edota tradizinoaren ganetik jarri da?
9.- Tradizinozko ipuingintzea sakon jorratu dozu eta inauterien ganeko zeozer be badaukazu.
10.- Ikerketa eta liburugintzan makinatxu bat lan egindakoa zara. Zer daukazu esku artean orain?
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!