Ez al dago saldea besterik?

Xabier Kintana Bizkaiek Bizkaierara Moldatua 2007-02-06 01:00   Euskerea berbagai

Gure hizkuntzan, salda dago esaereak zer dago? galdereari erantzuten deutso, eta horrelako erantzuerak funtsean adierazoten dauena hauxe da: leku horretan saldea besterik ez dagoala, taberna horretan bestelako edaririk ez balego legez.

Urtaro hotzetan, eta tenperaturak behera egiten dauenean batez be, taberna eta kafetegi askotan bezeroei salda beroa eskaintzen deutse, gorputza epeltzeko. Produktu hori beti salgai egoten ez danez, preparauta dabenean iragarteko karteltxo bat jarri ohi da. Berori gaztelaniaz Hay caldo eta euskeraz, sarritan, Salda dago izaten da, aurrekoaren itzulpena, berbaz berba. Gaztelaniazko testuaz ez dago zer esaterik, ondo dago eta. Euskerazkoa, baina, lehen begiratuan zuzena dala emon arren, arreta apur bategaz begiratu ezkero ez dagoala hain ondo konturatuko gara.

Gure hizkuntzan, salda dago esaereak zer dago? galdereari erantzuten deutso, eta horrelako erantzuerak funtsean adierazoten dauena hauxe da: leku horretan saldea besterik ez dagoala, taberna horretan bestelako edaririk ez balego legez. Baina ez da hori jakinarazo gura dana, ohiko ardao, kafe, te, txitxi-zotzak, freskagarriak eta whisky eta edari gogorrez ganera, bezeroek, hotza kentzeko, saldea be salgai dabela baino. Holan ba, abisua askoz be zuzenagoa izango litzateke Salda badago, edo Salda ere badago lako testuagaz, horreek zuzenean ba al dago saldarik? itaunari erantzuten deutse eta. Eta dago-ren ordez bardin jar daiteke da be: Salda bada; Salda ere bada edo Bada salda (ere).

Baten batek esan leike, horrenbeste jira-bueltarik egin barik be, salda dago hori ondo ulertzen dogula guztiok euskeraz. Jakina, baina ulertzen dogu hegoaldeko euskaldunok buruan erderazko hay caldo-ren mamu inkonzientea dogulako, euskerazko adarra jo jatorraren ordez ulea hartu entzutean, erderazko tomar el pelo-ri esker, horrek zer esan gura dauen dakigun legez, baina ez esaera hori berez euskeraz pentsauta dagoalako. Eta geure hizkuntzearen nortasuna gordeteko, ez da nahikoa bentanea edota tioa lako erderakada gordinen ordez leihoa eta osaba esan behar dirala aldarrikatzea. Besteokaz be kontuz jokatu beharra dago, berorreek be arriskugarriagoak diralako, azaleko euskal berben azpian gordeta, barruan, gu sarritan konturatu be egin barik, erdal sintaxia edota pentsaera arrotza sartzen deuskuelako, eta euskerea, azken buruan, espainieraren morroi bihurtzen.

Bide beretik, ohikoez gainera, dagoan produktu berezia txakolina bada, kartela honela jarri beharko da: Txakolina be badago, Txakolina badago edo Bada txakolina be. Eta eskaintzen dana olagarro edo txibien garro edo zati erreak badira, era honetako kartelak imini daitekez, ez baitabe guztiek zertan bardin-bardinak izan behar: Txibierroak badira; Badira txibierroak; Txibierroak be badira; Txibierroak be badagoz; Badira txibierroak be edo Badagoz txibierroak be. Horreetako edozein erabil daiteke, baina ez, otoi, hortik batzuetan irakur daiteken Rabak daude moduko erdalkeria begi-mingarri hori.

Amaitzeko, esan behar dot txibierro berbea, agian legorreko euskaldun askok ez dakien arren, ez dala azken orduko berba asmatua, Ondarroan behintzat betidanik erabilten dan berba jator-jatorra baino, txibia eta erro ‘garro, hanka’ osogaiez zuzen-txukun moldatua eta kostaldean oso zabaldua.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu