EJk eta Ipar Euskal Herriko Euskerearen Erakunde Publikoak hitzarmena sinatuko dabe
2007-02-05 01:00 Euskerea berbagaiHizkuntza-politikako gaietan mugaz gaindiko lankidetzea garatzeko eta erakunde mailako hartu-emon iraunkorrak ezartzeko eta garatzeko hitzarmena zezeilaren 7an izenpetuko dabe Baionan.
Eusko Jaurlaritzeak eta Ipar Euskal Herriko Euskerearen Erakunde Publikoak (EEP) hizkuntza-politikako gaietan mugaz gaindiko lankidetzea garatzeko eta erakunde mailako hartu-emon iraunkorrak ezartzeko eta garatzeko hitzarmena izenpetuko dabe zezeilaren 7an Baionan.
Ipar Euskal Herrian euskerea bizibarritzea da Eusko Jaurlaritzearen eta Ipar Euskal Herriko Euskerearen Erakunde Publikoaren arteko hitzarmenaren helburu nagusia. Azken erakunde hori estadu frantsesak, Akitania Eskualdeko Kontseiluak, Pirinio Atlantikoetako Kontseilu Orokorrak, Baiona-Angelu-Miarritze Elkargoak, Euskal Herriko Hautetsien Kontseiluak eta Euskal Kulturearen Aldeko Herrien Arteko Elkargoak osotzen dabe.
Miren Azkarate Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuak eta Max Brisson Euskerearen Erakunde Publikoaren presidenteak sinatuko dabe hitzarmena.
Hitzarmen horregaz, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren Hizkuntz Politikarako Sailburuordetzearen eta Ipar Euskal Herriko Euskerearen Erakunde Publikoaren artean euskerearen ganeko hizkuntza-politikako gaietan lankidetzea garatzearen aldeko borondatea erakutsiko da. Erakunde mailako hartu-emon iraunkorrak ezarri eta garatuko dira, herri-erakunde bakotxaren erabagi-autonomia eta funtzionamentu-arauak errespetauta.
Hitzarmena 2007tik 2010era bitartean izango da indarrean. 2010. urtean, alde biek erabagi ezkero, hitzarmena barriztau eta luzatzeko aukerea egongo da.
Aurretik egoan Baionako Protokoloaren lekua hartuko dau orain sinatutakoak. Protokolo ha, hitzarmena baino maila txikiagokoa, 2003ko irailaren 3an sinatu eben.
Erronkak
Hitzarmenaren sinatzaileek lau erronkari lotutako jarduerak alkarregaz antolatzeko eta sustatzeko konpromisoa hartu dabe.
Alde batetik, euskerearen transmisinoa dago. Erronka horrek edade guztietako berbaldunen kopurua gehitu gura dau eta inkesta soziolinguistikoek erakusten daben egoerea aldatu.
Bigarren erronkea hizkuntzearen presentzia eta erabilerea da. Hitzarmenak euskerearen presentzia garatu gura dau bizitza sozial, publiko zein pribaduaren arlo danetan.
Hirugarren, hizkuntzearen kalidadeari lotutako erronkea dago. Hizkuntzearen kalidadea zaindu gura da, ahoz eta idatziz, erabilera publiko zein pribaduko arlo desbardinetan.
Azkenik, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntz Politikarako Sailburuordetzeak eta Euskerearen Erakunde Publikoak alkarri emongo deutsie hizkuntza-politikearen esparruan bi aldeek jakingarri izan behar dituen ekimenen barri.
Aitaturiko erronkak lortzeko eta euskerearen bilakaera soziolinguistikoa hobeto ezagutzen joateko, ikerketa-lerroak sustatu eta bideratuko dira. Horretarako, Euskal Herriko IV Inkesta Soziolinguistikoa, euskerearen presentzia eta erabilerea neurtzeko teknikak eta horreen ganeko informazino trukaketea bultzatuko dira.
Hitzarmena alkarlanerako marko eta erreferentzia nagusia dala kontuan hartuta, urtero sinatuko da alde bien artean alkarlanerako eranskina. Urtero, eranskin horretan zehaztuko dira erakunde biek alkarlanean egingo dituen programa zehatzak. Proiektu horreek diru-laguntzinoa jasoko dabe eta alde bien arteko adostasunez kudeatuko dira.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!