Bilboko Udalak II. Errepublikan udaltzainburu izandako Modesto Aranbarri gogoratu dau bere biografia argitaratuz
2007-02-01 01:00Andoni Vergara historialariak idatzitako ‘Modesto Arámbarri Gallastegui (1902-1988). Biografía’ liburuaren argitalpenagaz, Bilboko Udalak II. Errepublikako eta Gerra Zibilaren hasierako urte gorabeheratsuetan Udaltzaingoa modernizetearen alde gehien egin ebenetako bat gogoratu gura izan dau.
Andoni Vergara historialariak idatzitako ‘Modesto Arámbarri Gallastegui (1902-1988). Biografía’ liburuaren argitalpenagaz, Bilboko Udalak II. Errepublikako eta Gerra Zibilaren hasierako urte gorabeheratsuetan Udaltzaingoa modernizetearen alde gehien egin ebenetako bat gogoratu gura izan dau.
Modesto Aranbarri Bilbon jaio zan 1902ko apirilaren 18an. Karrera militarra amaitu ondoren, 30 urtegaz Bilboko Guardia Zibil izentau eben, uriko alkateak (Ernesto Erkoreka errepublikanoak) ondorio horretarako antolatutako oposaketea gainditu ondoren. Ernesto Erkoreka izan zan hautesleen zuzeneko sufragioaren bidez izentautako lehenengo alkatea (ordura arte errege izendapenaren bidez aukeratzen ziran).
Aranbarri karguan izan zan Gerra Zibila hasi arte. Denpora horretan Bilboko Udaltzaingoa profesionalizetako oinarriak ezarri ebazan: soldatea, ekipamendu materiala eta agenteen preparazino fisikoa eta intelektuala hobetu ebazan, eta agenteek edozein korronte politiko edo ideologikogaz izan eikiezan lotura guztiak ezabatu ebazan.
Egungo Bilboko errealidade kosmopolitari ia mende bat aurreratu jakon, Aranbarrik, horrezaz gan, udaltzainek hizkuntzak ezagutzearen alde egin eban, hura eskatzen ebenei zerbitzu hobea eskaini ahal izateko. Horretarako, interpretarien unidade bat sortu zen, gazteleraz, euskeraz, ingelesez, frantsesez, italieraz eta alemaneraz berba egiteko gai ziran bederatzi agenteek osotuta.
Bilbo erori eta Kantabriako lurretara erbesteratu arte, Aranbarrik erantzukizun militar nagusienak garatu ebazan Euskadiko Armadearen zerbitzura (Euzko Gudarostea). Bertan, operazinoetako burua izan zan.
Santoñan, Modesto Aranbarrik kartzela ebitetea lortu eban, aitaginarrebaren bidez, Ricardo Zuricalday komandante frankistea, eta erbestean segurtasun alorrean egin eban lan Jose Antonio Agirre Eusko Jaurlaritzako lehenengo lehendakariaren zuzeneko agindupean.
Hamar urte beranduago, Bilbora bueltetea erabagi eban. Horretarako, beste gerra-kontseilu bati aurre egin behar izan eutson, ondoren parkatu eutsen 30 urteko kartzela-zigorra jaso, eta Errepublikeari emondako leialtasunagaitiko meritu eta sari guztiak kendu eutsezan.
Modesto Aranbarri 1988an hil zan erabateko anonimatuan, baina Andoni Vergara historiagilearen (Barakaldo, 1959) ahaleginari esker, (Filologia Hispanikoan Lizentziatua Deustuko Unibersidadean eta Udaltzaingoaren Akademiako irakaslea) bilbotar berezi hau berreskuratzea lortu da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!