Bideokluben etorkizuna

Gotzon Plaza Informatikoa 2007-02-01 01:00

Hurrengo urteotan telebista eta Internet-en arteko buztarketea gero eta estuagoa izango da eta hori heltzen jakunean, guk geuk aukeratuko dogu ze pelikula (edo telebista saio) ikusi gura dogun momentu bakotxean.

Bariku edo zapatu iluntzea. Aita, ama eta seme-alaba txiki biko familia. Ai, lehengo bariku gauak, ezelako konpromisurik ez eta parrandan joateko prest. Orain, barriz, planak sano aldatu dira, ume txikiekaz ezin da horrenbeste ibili etxetik kanpora eta etxe-barrukoa antolatu beharrean gagoz. Umeak oheratu ondoren, telebistea edo bideoklubeko pelikulea izaten dira konponbide errazena. Dana dala, emoten dau bideoklub zaharren etorkizuna kolokan egon daitekela teknologiaren erruz.

‘Top mantan’ ez eze, Interneten be eskaintza zabala dago. Bertatik hainbat pelikula eta kantu hartzen dogu eta jokabide hori ohiko zinemaren eta bideoklub eta zine-aretoen negozioaren kontra doa bete betean.

Bideoklubek teknologiagaz daukien lotura bakarra pelikulak kobretako erabilten daben kutxa elektronikoa da. Katalogo elektronikorik ez da egoten, ezta bezeroen zerrendea erabiliz egin daitekeen publizidade edo marketing kanpainarik. Film arrakastatsuenen zerrendarik ez dabe eskaintzen normalean eta bezeroen eskabideei be ez deutse larregi erreparetan. Holan ez dago Interneten kontra egiterik.

Zine-klubek, ostera, hasieratik teknologiaren aldeko apostua egin dabe. Bertan ez dogu gure karnetik erakutsi behar, tresna batek hatz-markak irakurriko deuskuz nor garan ziurtatzeko. Negozioak web gunea dauka, bertan nobedadeak eta eskaintzak adierazoten dira eta nabegazino errazaren ondoren, filmak on-line erreserbetako modua euki dogu. Horrez gainera, gure sakeleko telefonora SMS-ak bialtzen deuskuez bai pelikulea bueltau behar dogula gogorazoteko, bai gura dogun filma libre dagoala esateko edota eskeintza bereziak egiteko. Bezeroei iragarki-kanpainak luzatzen jakez, atalka, bai edadea bai euren gustuak kontuan hartuta. Pelikulak ez eze, ordenagailurako bideo-jokoak be eskuratzeko modua dago eta atal honek pisu handia (gero ta handiagoa) dauka negozioan.

Dana dala, zine-klub honek be ez dauka ziurtatuta etorkizuna. Aurrean daukan konpetentzia gogorra baino gogorragoa da eta.

Orain dala urte batzuk, Apple-ekoek erakutsi euskuen bidea musikea Internetik hartzeko modua zabalduz. Euren ‘iTunes’ negozioak sekulako etekinak sortarazo dauz eta Internet holakoetarako arlo barria dala azaldu euskuen. Musikea legez kontra be ‘bajatu’ geinke, jakina, baina horren truke pagetako prest gagoz. Filmakaz bardin pasauko da. Legez kontra, pirateoa eginaz lortu daitekez baina babes guztiakaz eta kalidate guztiagaz legea betez (zeozertxu pagauta) egiteko aukerak be izango doguz.

Eta ez bakarrik Internet-en bidez, hurrengo urteotan telebista eta Internet-en arteko buztarketea gero eta estuagoa izango da eta hori heltzen jakunean, guk geuk aukeratuko dogu ze pelikula (edo telebista saio) ikusi gura dogun momentu bakotxean. Pelikula barria edo deskatalogatuta dagoan bateren bat, antxinako saio ikusgarria edo hamaikatxu aldiz ikusita daukaguna. Internet-en izango dogu katalogo osoa eta bertan nabegau eta gura doguna aukeratzea gauza erraza izango da. Hori uste baino azkarrago egin ahal izango dogu eta orduan, akabo bariku-zapatu iluntzetan zine-klubera egiten dogun ibilalditxua.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu