Frantziako ardao nahasketea

Imanol Sarasola Enologoa 2007-01-30 01:00   Jan edanak

Frantzian, ardaogintza arloan aspaldian daukien krisiari aurre egiteko, leku desbardinetako ardoak nahastau ahal izango dabez udabarritik aurrera. Sistema barriak eretxi desbardinak sortarazo ditu.

Frantzian, ardaogintza arloan aspaldian daukien krisiari aurre egiteko eta Ameriketako Estadu Batuetako produktoreekaz lehiatzeko, frantziako ardaoak izentapeneko ardaoak ataratzeko prest dagoz honezkero. ‘Vignobles de France’ jarriko dauen etiketa barriagaz, frantziako produktoreek ‘vins de pays’ edo, beste era batean esanda, frantziako leku desbardinetako ardaoak nahastau ahal izango dabez.

Ideia horren bultzatzaileek frantziako ardaoa eskuragarriagoa bihurtuko dabela dinoe. Era berean, kontsumitzaileak beste gustu batzutara ohituko dirala uste dabe eta, holan, orain arte konpetentziak frantziako ardaoak baztertu dituan lekuetan (AEB, Hego Amerika…) galdutako bezeroak berreskuratzeko aukerea izango dabe. Jarrera horren aurrean, euren ardaoak oso ondo saltzen dabezan hainbat produktorek betiko frantziar ‘terroir’ galduko dala dinoe eta hori txarra dala sektorearentzako.

Aldaketeagaz, edozein ardaogilek sauvignon izentapenagaz lurralde desbardinetako ardaoa botilaratu leike. Hori dala eta, dinoe jentea gustu barrietara ohitzen joan beharko dala. Izan be, Loirako usainek sortutako azidotasuna daukien ardaoak eta Languedoceko gustua daukienak nahastauta egon daitekez. Bestalde, lekuan lekuko ezaugarrietara be moldatu ahal izango da ardaoa, hala nola, gozoago jarri Japonian saltzeko, egur gustu gehiagogaz Ameriketako Estadu Batuetarako...

Ideia barriak enpresetako nagusien oneretxia izan eban, danen adostasunagaz ganera. Programea udaberrirako martxan egon daiteke, oraingo egoera larria gehiago ez luzatzeko, izan be, ezin daiteke ahaztu Frantzian 75.000 lagunek egiten dauela lan sektore horretan.

Krisiaren zergaitien artean, besteak beste, bertako kontsumoaren beherakadea, 1970ean urteko 100 litro ardao pertsona bakotxeko izatetik 55 bat litrora bajau izana eta AEBk sortutako lehia aitatzen dabez. AEBk, itzelezko marketin kanpainen bidez, beraien ardoak saltzen dabez bai Argentinan, Txilen, Zelanda Barrian eta baita Australian be, frantziarren kalterako.

Bestalde, Frantzian 140 ‘Vins de Pays’ (bertako ardaoa) dagoz, bakotxak ezaugarri propioak daukaz eta lurralde bakotxeko gustu propioa be bai, baina gitxi batzuek baino ez dabe aitatzen erabilitako mahats muetea.

Baina frantziarrek balio handia emoten deutse ardaoaren jatorria ezagutzeari, ‘terroir’ deiturikoari, bai jatorduetan eta baita ardaogintzan be. Horregaitik, etiketa sistema barriagaz hori galduko ete danaren bildur dira. Languedoc-Rosellóneko produktoreak eta Vins de Pays d´Oceko ardaogileak oso haserratuta dagoz ideia barriagaz.

Languedoceko lurraldekoek saltzen dabe gehien kanpoan, Bordelek baino gehiago, Bordele askorentzat entzutetsuagoa izan arren. Bestalde, Australia, Txile eta AEBen atzetik, laugarrena da bertako mahats bariedadeagaz eginiko ardaoa saltzen munduan. Hori dala eta, Pays d´Oceko presidentearen esanetan, hango produktoreei kalte handia egingo deutse sistema barriak, hau da, bariedade nahasketeak, eurek bertako bariedadea baino ez dabelako saltzen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu