Edorta Roman: 'ezjakina eta sinismenik bakoa naz tenporen ganean'

Saioa Torre Gereketa 2007-01-29 01:00   Barriketan

Meteorologoa eta Sirimiri MeteoConsult-eko zuzendaria

Beroaldiak, hotzaldiak, euriteak, edurteak, urakanak, ekatx tropikalak... Planetea zoratuta dago ala geuk zoratu dogu? Edorta Roman meteorologo ezagunak itaun horri eta beste askori erantzun deutse.


1.- Sikate sasoiaren ostean eta Gabonak udagoieneko tenperaturekaz pasau ostean, hotza, euria eta edurra etorri jakuz, danak batera. Non dago horren aldaketa gogorren jatorria?

Ipar Hemisferioko zirkulazino atmosferikoan izandako aldaketek eragin dabe hori guztia. Mendebaldetik ekialdera joian lekuan lekuko zirkulazinoa izatetik hegoaldeko zirkulazinora izatera pasau gara bapatean. Horren ondorioz, poloetako aire masa hotzak bete-betean sartu dira Europan. Fenomeno hori oso ohikoa izaten da gure neguetan baina oraingoan bapatean heldu da, gogor.


2.- Aurtengo negua luzea izango da?

Oso gatxa da luzera begirako aurreikuspenak egitea, astebete baino harago doazenak. Halanda be, esan geinke zezeil ia osoan izango dogula negua ganean Euskadin.


3.- Beroaldiak eta hotzaldiak, urakanak, euriteek eragindako uriolak... Planetea zoratuta dago ala geuk zoratu dogu?

Danetarik. Kontuan hartu behar da komunikabideei eta teknologia barriei esker planetako edozein lekutan pasetan danaren barri daukagula minutuz minutu. Horrek zeozelako kaos meteorologikoa dagoala sentiarazoten deusku, askotan egoera atmosferiko horreek ‘normalak’ izan arren, normaltasun hori existiduten bada, behintzat. Gogoratu atmosferea etenik barik dagoala aldatzen eta ‘anormala’ horrelako gauzak ez pasetea izango litzatekela.


4.- Komunikabideetako eztabaida eta foroetan, aldaketa klimatikoaz behin eta barriro jarduten dabe. Bildur larregi daukagu ala horren baltz dago kontua?

Aldaketa klimatikoa sakon aztertu beharreko gaia da, nahasia. Zientzia, meteorologia, geologia, biologia eta beste hainbat diziplina hartu behar dira kontuan eta, nire ustez, askotan edozein jazoera meteorologiko azaltzeko erabilten da, oinarri barik. Atmosferearen ezagutzan hutsune larregi daukaguz aldaketa klimatikoaren ganean horren berba potoloak botaten ibilteko.


5.- Meteorologia ez da zientzia zorrotza baina adituek epe laburreko iragarpenak egin ahal dozuez. Asmau ezkero, inor be ez da zuetaz akordetan; hori bai, ez badozue asmetan...

Arrazoi guztia daukazu. Baia hori arlo danetan pasetan dala esango neike, gauzak ondo doazenean, danak pozik; baina zeozer okertzen diranean, beti topau behar da errudunen bat.


6.- Internet ezinbesteko tresnea da hainbat sektoretan. Ze aurrerapen ekarri deutsue meteorologoei?

Hainbat aurrerapen ekarri deuskuz, zelan ez. Iragarpenak egiteko hainbat datu behar dira eta, Interneti esker, erabilten doguzan programak osotzeko datuak lortzen doguz. Holan, iragarpenak ahalik eta zehatzenak dira.


7.- Bizi izan dozun esperientzia personal eta profesionalean oinarrituta, zein jazoera meteorologiko azpimarratuko zeunke? Zergaitik?

Neguko tenporalak aztertzea gustetan jat, hotzaldiak eta itsaso mailan edurra egiten dauenean. Eta, zelan ez, ekatx gogorrak be bai.


8.- Eguraldiaren ganeko kontuak interes handiagaz jarraitu ditu euskal gizarteak. Esaera zahar ugari dagoz horren ganean eta kaleko alkarrizketa arruntak beti edo ia beti hasten doguz zeruaren ganeko gaiakaz. Zergaitik hori?

Interes hori gure herri izaeratik datorrela uste dot. Jatorrian, arrantzale eta artzainen herriak gara eta aktibidade horreek oso estu dagoz lotuta atmosferearen gorabeherakaz. Horregaitik, gure arbasoak beti saiatu izan dira egoera atmosferikoaren iragarpenak egiten. Halan da be, honakoa aitatu behar dot: zientzia ikuspuntutik, meteorologia eta klimatologia gaietan ez gagoz horren aurrean. Europako edota munduko beste hainbat herrialdetan askozaz be ikerketa gehiago egiten dabez eta diru gehiago bideratzen dabe eguraldi azterketak egiteko. Hemen, ohituraz bai aztertzen dogu eguraldia, baina teknika aldetik ez gagoz horren aurreratuta.


9.- Zer dinozu tenporen ganean? Fidagarriak dira? Oinarri zientifikorik daukie?

Autortzen dot ezjakina eta sinismenik bakoa nazala tenporen ganean.


10.- Radio Euskadin eguraldia iragarteaz gan, Sirimiri MeteoConsult enpresearen zuzendaria be bazara. Ze zerbitzu eskaintzen dozuez? Zelako bezeroak daukazuez? Hau da, edozeinek jo leike zuengana iragarpenaren barri zuzen-zuzenean izateko?

Meteorologiagaz lotutako danetariko zerbitzuak eskaintzen doguz. Atmosferearen aldaketa arriskutsuak, beroaldiak, hotzaldiak, ekatx gogorrak, inetasi-ekatxak, haize bolada gogorrak, euriteak... danetarik iragarten dogu edo, behintzat, ahalik eta zehatzen iragarten ahalegintzen gara.

Zerbitzu horreek edozein muetatako enpresak kontratau leikez: komunikabideak, eraikuntza enpresak, turismo arlokoak edota kanpoan ekitaldiak antolatzen dituan edozein eta, azken batean, eguraldiaren pentzura dagozanak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu