'Txakolin' eta 'Chacoli' berbak dirala eta
2007-01-25 01:00 Euskerea berbagaiAspaldion berba horreen erabilera publikoan oker nabarmenak ikusi ostean, euskerearen eta gaztelaniaren ikuspegitik ondoko argitasunak emon behar dira.
Aspaldion berba horreen erabilera publikoan oker nabarmenak ikusi ostean, euskerearen eta gaztelaniaren ikuspegitik ondoko argitasunak emon behar dira.
Arabaren ipar eskualdean, Aiaran hain zuzen, Bizkaian eta Gipuzkoan legez, bertako mahatsagaz ardao berezia egiten da. Horren euskal izena txakolin da, eta kartel eta botiletan agertu ohi dan era mugatuan txakolina, eta holantxe deitu eta deitzen deutsie euskaldun guztiek. Horregaitik, euskal hiztegi guztietan be holantxe agertzen da, salbuespen barik. Etimologia ezezaguna dauka, baina, Azkuek inoanez, -in amaierea ‘edaria’ adierazoten daben beste berba batzuetan be badago, berbarako ozpin ‘ardao garraztua’ eta pitikin edo txuspin ‘ur-ardaoa’.
Euskal izen horreetatik gaztelaniazko chacolí dator, Real Academia Española-ren hiztegian edozeinek ikusi daiken legez: ‘chacolí: (Del eusk. txacolín) m. vino ligero algo agrio que se hace en el País Vasco, en Cantabria y en Chile’, nahiz eta hor, euskerazko etimoa txarto idatzirik agertu (zuzena txakolin dalako, eta ez txacolín). Hortik heldu da, berbarako, bertoko gaztelanian behintzat esaten dan chacolinero berbea be, kasu honetan jatorrizko berbearen azken ‘n’ hori gorderik.
Beraz, chacolí berba hori, euskeratik datorren arren, gaztelaniazko berbea da, fútbol legez, berori gaztelaniara ingelesezko football-etik hartutakoa bada be. Horretara ba, espainol izen hori erabili gura dauenak, RAEren arabera, chacolí idatzi daiala.
Euskeraz, barriz, berbea txakolin / txakolina da eta hortaz, Bizkaiko txakolina, Getariako txakolina, Arabako txakolina, baserriko txakolina, Txakolin zuria, txakolin gorria, txakolin ona, txakolin gozoa esan eta idatzi behar da. Haren egunaren iragarkietan, barriz, Txakolinaren Eguna idaztea litzateke egokiena, Txakolin Eguna-k, berez, El día de Chacolíes esan nahi dau eta, mugabakoan.
Era berean, gogoratu behar da, euskeraz txakolina edaria dala, eta bera, askotan beste jateko batzuekaz batera, saltzen dan lekuari, barriz, aspalditik txakolindegia esaten jakola, gaztelaniaz biei, bai edariari eta bai jatetxeari be, chacolí deitu ohi jaken arren. Euskeraz, beraz, alde batetik sagardaoa eta txakolina berbak doguz, edatekoei jagokezanak, eta bestetik sagardotegia eta txakolindegia, horreek saltzen diran lekuenak.
Gorago aitaturikoagaitik, argi eta garbi esan behar da Txakoli edo Txakoli Eguna lako idazkerak bai euskeraz eta bai gaztelaniaz txarto dagozala, eta irakurleak okerbidera eroan leikezala, ‘ch’ eta ‘c’ kenduta, behin ‘tx’ eta ‘k’ imini ezkero, berba hori euskerazkoa dala sinistuarazoz.
Beraz, zuzena eta egokiena euskeraz txakolina eta espainieraz chacolí esatea eta idaztea da, holan nahasbiderik eta hizkuntzen arteko interferentziarik izan ez daiten.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!