Irrintzi bat entzun da...

Asier Madarieta Abertzaletasunaren Agiritegiko Teknikaria 2007-01-23 01:00
36ko gerrako gudariak

Gaurko artikuluan, ‘Euskal Ejerzito’ hori osotzen eben gudarien barri jakin gura dogu. Nortzuk ziran? Nongoak? Ze edadekoak? Zergaitik joan ziran burrukara?

Gerrearen ganean berba egiten dogunean 1936. urtea aitatzen da gehienetan. Baina, egia esan, eta Mola jeneralaren lehenengo erasoari emondako erantzuna edo Gasteizerako erasoaldian Legutio inguruan izandako burrukak alde batera itxita, gerran gudariez osotutako ‘Euskal Ejerzitoaren’ burrukarik handienak 1937an izan ziran. Urteko lehenengo hilebeteak nasaitasunez igaro baziran be, martiaren 31tik aurrera Frankotarrek aurrera egin eta gudariek gogor burrukatu behar izan eben.

Gaurko artikuluan, ‘Euskal Ejerzito’ hori osotzen eben gudarien barri jakin gura dogu. Nortzuk ziran? Nongoak? Ze edadekoak? Zergaitik joan ziran burrukara?

Gerrea hasi eta berehala alderdi politiko, sindikatu zein aisialdirako beste hainbat taldek, batez be mendizale taldeek, euren kide eta zaleei dei egin eutsen euskal ejerzitoa osotzeko. Deiak egunkarietan agertu ziran eta, osotzen hasi ziran batailoietan parte hartzeko, herri bakotxean alderdi politiko zein edozein taldek eukazan egoitzetara hurreratzeagaz nahiko zan. Bakotxaren ideia politikoen arabera, etorkizuneko gudariak, EAJ, Alderdi Sozialistea, Komunistea edo Anarkisteak eukiezan egoitzetara hurreratu ziran. Han, izena emon eta berehala eroan ebezan eskualde bakotxean atonduta egozan eskola eta seminarioetara, bertan instrukzino edo trebatze ikastaroa egiteko. Frankotarrek Nafarroa, Araba eta ia Gipuzkoa osoa bere eskuetan euken eta handik iges egindako gazteek zein Bizkaiko herri guztietako gazteek osotu eben ejerzito barria.

Gudari gehienak bolondresak izan baziran be, gerrea aurrera joan ahala eta soldaduen beharrizenei aurre egiteko, Agirreren Jaurlaritzeak hainbat gazte deitu ebazan ejerzitoan parte harteko. Salbuespen batzuk egon arren, gehienak 18 eta 30 urte bitartekoak izan ziran.

Gudariak konpainiatan batu ziran. Konpainia askotan, gerra hasi eta gitxira, hainbat hildako izan ziran, Itxas Alde batailoiko ‘Telleria’ konpainian berbarako. Konpainia bakotxean 150 gudari batzen ziran eta oinezko lau konpainiagaz gehi ametrailadora konpainia bategaz batailoia osotzen zan. Batailoi abertzaleak izentetako, Euskal Herriagaz zerikusia euken gai historikoak erabilten ziran, berbarako 'Amaiur' eta 'Rebelion de la Sal'. Personaia garrantzitsuak be hartzen ziran gogoan, 'Arana Goiri' edo 'Kirikiño' batailoiak, edota jatorria, esaterako 'Mungia' edo 'Itxas Alde' batailoiak. Sozialista, komunista edota anarkistek be izenak jarterakoan euren ideiakaz zerikusia euken personaiak erabilten ebezan, 'Azaña', 'Rosa Luxemburgo' edo 'Indalecio Prieto' batailoiak berbarako, edota eurentzako eredugarri ziran herrialdeen, 'Mexico' edota 'Rusia' batailoiak. Beste askok zenbakiak erabili ebezan batailoiei izena emoteko. Gitxi gorabehera 700 lagunek osotzen eben batailoi bakotxa. Konpainia bakotxak kapitaina eukan buru eta batailoiaren agintean Komandantea jarten zan. Horreetariko gehienak bolondresak izaten ziran.

Gudari bakotxak 10 pezeta kobretan ebazan hamabostero eta diru hori batailoian bertan pagetan jaken edo bestela euren senideek koartelean kobretako aurkerea euken.

Gerrea hasi eta segiduan frankotarren ejerzitoari aurre egin behar izan eutsen eta, beraz, ez zan trebakuntza ikastarorik egiteko aukerarik izan. Uniformea bera be, gehienetan lan erropea edo ‘buzoa’ bazan erabiliena, ez zan ezelako uniforme edo erropa ofizialik egin. Egia da, abertzaleak, errepublikarrakandik bereizteko, soineko edo uniforme antzeko bat erabilten ahalegindu zirala, baina ez zan uniformerik egiteko astirik egon.

Gerran erabilitako materiala be eskasa izan zan. Berez, Espainiako gerrea zalakoan, Europako herrialdeek ez eben ezelako parte hartzerik izan. Baina danak ez eben berbea bete eta, dakigunez, Frankok Alemania zein Italiarren laguntzinoa izan eban. Holan ba, euskaldunek gerrea hasi eta hilebete batzutara, urrirako hain zuzen be, ez euken ia kartutxorik. Metrailetak eta fusilak be nahiko eskasak ziran kopuru eta kalidade aldetik. Pentsau daigun herenak baino ez eukala armaren bat. Orduan, Jaurlaritzeak bialduta, Monzonek lehenengo eta Lezo Urreztietak gero, armak erosi ebezan isilpean Europako hainbat herritan, tartean Alemanian. Baina helduta ziran horreek be nahiko eskasak izan ziran.

Halanda be, ‘Euskal Ejerzito’ dalakoak gerreari aurre egin behar izan eutson. Eta ez zan bromatako gerrea izan. Aurrean euken ejerzitoa, Frankorena, ondo trebauta, ondo jantzita, ondo armauta eta Afrikan izandako gerren ondoren, eskarmentu guztiagaz etorren. Beraz, nahikoa egin eben gudariek ia urtebeteko gerran.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu