Euskerea Pariseko Expolangues azokan

Bizkaie! 2007-01-23 01:00   Euskerea berbagai
Urtarrilaren 24tik 27ra

‘Munduko hizkuntzak. Hizkuntzen mundua’ izenburupean, erakustazokearen XXV. edizinoan Errusiar Federazinoa izango da ohorezko konbidaua. Aurtengoagaz, 22. urtea da Eusko Jaurlaritzea Expolanguesera doala, azokea sortu eta hirugarren urterako euskera bertan zan eta.

Euskera Parisko Expolangues hizkuntza, kultura eta kultur hartu-emonen ganeko azokan izango da, urtarrilaren 24tik 27ra bitartean, Eusko Jaurlaritzeak jarriko dauen erakustokian. Patxi Baztarrika Hizkuntz Politikarako sailburuordea, Joseba Erkizia HABEko zuzendari nagusia eta Lorea Bilbao Hizkuntz Politikarako aholkularia izango dira bertan eta Pariseko Euskal Etxeko kideek egingo deutsie harrerea.

‘Munduko hizkuntzak. Hizkuntzen mundua’ izenburupean, erakustazokearen XXV. edizinoan Errusiar Federazinoa izango da ohorezko konbidaua. Aurtengoagaz, 22. urtea da Eusko Jaurlaritzea Expolanguesera doala, azokea sortu eta hirugarren urterako euskera bertan zan eta.

Erakustazokea mundu mailan bere arloko erakusketa garrantzitsuena da; 23.000 bisitari baino gehiago joango dira, horreetatik erdia baino gehiago hizkuntza arloko profesionalak. Danetara, 200 erakusle inguru izango dira 20 herrialde eta 60 hizkuntzaren ordezkari legez. Gobernuak, enbaxadak, argitaletxeak, eskolak, unibersidadeak, multimedia-enpresak, itzulpengintza arloko espezialistak, hizkuntzen irakaskuntza eta etenbako prestakuntzetako adituak edota turismo bulegoak izango dira bertan.

Milaka lagun pasetan dira urtero erakusketa honetatik. Bisitarien artean, ikasleak, irakasleak, enpresetako prestakuntza arduradunak, itzultzaileak, ikerlariak eta, oro har, hizkuntzen inguruan interesa dauen jentea.


Egitaraua

Eguaztenean, urtarrilak 24, Hizkuntzen Kioskoa izeneko gelan euskerazko eskolea emongo dabe Parisko Euskal Etxeko irakasleek.

Eguenean, urtarrilak 25, Patxi Baztarrika, Joseba Erkizia eta Lorea Bilbaok bisitatxua egingo dabe oraintsu barriztau daben Pariseko Euskal Etxera eta Baztarrikak berbaldia egingo dau bertan. Ondoren, gela barriaren inaugurazinoa izango da eta, gero, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzearen eta Euskal Etxearen arteko hitzarmena sinatuko dabe. Amaitzeko, 21:00etan, bilera-afaria egingo dabe.

Azokan, euskerearen standera interes handiz hurreratzen diran lagunek euskeareagaz zerikusia dauen edozein gairen ganean galdetzeko eta gura beste informazino lortzeko aukerea izango dabe. Euskerea ikasteko ikas-materialak eta sistemak, hiztegiak, euskerearen inguruko informazinoa, ikerketa linguistiko eta soziolinguistikoak, multimediak, euskeratik beste hizkuntzetara itzulitako eta beste hizkuntzetatik geurera itzulitako lan literarioak topauko ditue bertan.

Ganera, literatura-liburuak, ume eta gazteentzako aldizkariak, euskerazko aldizkari eta egunkariak, metodoen ganeko informazinoa, helbideak, bideoak eta Internet bidezko informazinoa be egongo dira eskuragai.


Euskera eskolak munduan

‘Euskera eskolak munduan’ egitasmoaren barruan, Espainiako hainbat uriburutan (Madril, Bartzelona, Valentzia, Valladolid), Europan (Paris, Londres, Brusela) eta Ameriketako hainbat uri eta herritan helduentzako emoten diran euskera eskolak arautu eta garatu dira. Horretarako, irakasleen trebakuntzeari garrantzi berezia eskaini jako eta horren erakuslea da HABEren BOGA sistemea, euskera Internet bidez ikasteko programa informatikoa.

Euskal Herritik kanpo, araututako helduentzako euskera eskolek 2.000 ikasle inguru batzen ditue. Eskola gehienak Euskal Etxeetan emoten dira. Espainian 400 lagun inguru dagoz euskerea ikasten edota hobetzen; Madril (200 ikasle) eta Bartzelona (200 ikasle) dira gunerik nagusienak (beste batzuk: Valentzia 30, Valladolid 25, Salou, Palma Mallorca, Zaragoza).

Espainiatik kanpo, Europan, beste 150 lagun dagoz euskera eskoletan. Paris (80 ikasle) eta Londres (30) dira gunerik sendoenak.

Ipar eta Hego Amerikan, 1.500 lagun baino gehiago dagoz euskerea ikasten. Argentinan dago euskera ikasle gehien: 900 lagun. AEBetan dagozan 60 Euskal Etxeen artean, erdietan emoten dira euskera klaseak.

2006-2007 ikasturtean, 19 Euskal Etxe eta hiru federakuntzakaz sinatuko dau hitzarmena HABEk (danetara, 70 Euskal Etxe baino gehiago batzen dira). Horreetan, 19.290 ordu emotea aurreikusten da eta, horrek, diru-laguntzinoetan igaz baino % 18 gehiago behar izatea ekarriko dau.

Igazkoez gan, hau da, NABO (North American Basque Organizations), Sydney, London, Paris, Mexiko, Txile, Uruguay, Argentina, Erroma,Montreal, Sao Paulo eta Espainiakoez gan (Madril, Bartzelona, Murtzia, Valladolid, Mallorca, Valentzia), ikasturte honetan Euskal Etxe barri barri bi gehitu behar dira: Bordeleko ‘Euskaldunen Biltzarra’ eta ‘Fundación Euskal Etxea de Bogotá’.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu