Honezkero 1.410 enpresa, saltoki eta era guztietako erakundek lortu dabe Bai Euskarari Ziurtagiria

Bizkaie! 2007-01-23 01:00   Euskerea berbagai
Lan-mundua euskalduntzeko Bai Euskarari Ziurtagiriaren alkarte barria sortzeko lanak aurrera doaz

‘Uste dogu Bai Euskarari Ziurtagiriaren bitartez 6 urte luze honeetan egindako lana aintzakotzat ez hartzea eta bikoiztea lan munduaren euskalduntzean egin daitekeen akatsik larrienetakoa dala'.

Bai Euskarari Ziurtagiriaren alkarte barriaren sorrerea aurrera doa. Osotu baino lehen, Kontseiluko ordezkariak Euskal Herriko hainbat eta hainbat eragileren ekarpenak jasoten dabilz. Testuinguru honetan, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzeari bilera eskaerea luzatu deutse, Kontseiluaren asmoak lehen eskutik ezagutu daizan. Lan-mundua euskalduntzeko Administrazinoak zeregin horretan ezinbestekoak diran eragileen artean alkarlana bideratu eta gidatzeko ardurea izan behar dau. ‘Uste dogu Bai Euskarari Ziurtagiriaren bitartez 6 urte luze honeetan egindako lana aintzakotzat ez hartzea eta bikoiztea lan munduaren euskalduntzean egin daitekeen akatsik larrienetakoa dala. Alkarlanak ateak edegiko deuskuz, Bai Euskarari Ziurtagiria eta beste egiaztagiri bat egoteak, barriz, nahasmena eragingo dau’, adierazo dabe Kontseiluko ordezkariek.

Agerraldian Bai Euskarari Ziurtagiriaren arduraduna, Rober Gutiérrez, Kontseiluko lehendakariagaz azaldu da, Mikel Arrizabalagagaz. Biek nabarmendu dabe momentu hau lan munduaren euskalduntzea hizkuntzearen normalizazinoan estrategikoa dala. ‘Alkarregaz lan egin behar dogu normalizazino prozesu honetan ezin doguzalako indarrak alperrik galdu’ esan dau Kontseiluko buruak.

Kontseiluaren zuzendaritzeak urrian adierazo eban legez, alkartearen sorrerea abian da. ‘Hartu-emon-fasea luzatu dogu interes handia sortu dauelako eta ahalik eta entidade gehienakaz alkarlana abiatu nahi dogulako’, azaldu dau Rober Gutierrezek, Bai Euskarari Ziurtagiriaren arduradunak. Beraz, hartu-emon-faseagaz jarraitzea erabagi dabe arduradunek: ‘Eragileen ekarpenak jasoten ari gara alkartearen parte hartzea ahalik eta zabalena izateko’. Hilebeteotan hartu-emonak izan dira hainbat erakundegaz, besteak beste, Adegi, Ekonomisten Euskal Elkargoa, Euskal Ganberakaz eta Euskadiko Kooperatiben Konfederazinoagaz. Sindikatuakaz be bardin, CCOO, ELA, ENHE, ESK, Hiru, LAB, STEE-EILAS eta UGTgaz.

Alkarlana gauzatzeko Kontseiluak bilerea eskatu deutso Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzeari. Bilera horretan, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzeak lan-mundua euskalduntzeko abiatu dauen bidean sakontzeko eskaintzEa egingo deutso Kontseiluak, Bai Euskarari Ziurtagiriaren alkarteagaz beste akordio bat landu eta sinatuz.

Administrazinoak egunotan lan-mundua euskalduntzeko aurrerapausuak emoteko asmoa jakinarazo izana pozgarria izan da Kontseiluarentzat eta, esangura horretan, ordezkarien eretxiz, orain arte arrakastatsua izan dan Bai Euskarari Ziurtagiriaren lanagaz bat egitea bide egokia izango litzateke. ‘Beste egiaztagiri bat sortzea lana bikoiztea izango litzateke’, ohartarazo dabe.

Bai Euskarari Ziurtagiriaren alkartea osotu bitartean, Euskal Herriko eragileen ekarpenak jasoten jarraituko dabe arduradunek. Era berean, Bai Euskarari Ziurtagiria zabaltzen jarraituko dabe: ‘Honezkero 1.410 enpresa, saltoki eta era guztietako erakundek lortu dabe Bai Euskarari Ziurtagiria’ zehaztu dau Rober Gutierrezek.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu