Roberto Laiseka: ‘bizikleteagaz lotutako zeozertan jarraitu gura neuke’

Koldo Isusi Zuazo 2007-01-22 01:00   Barriketan

Euskadi Fundazinoaren sorreratik gaur arte egon dan txirrindulari bakarra.

Profesionaletan Euskadi Fundazinoan lehenengo eta Euskaltel-Euskadin gero, danetara 13 urte egin ostean, Greg Lemond eta Fede Etxabe idolo izan dituan 37 urteko txirrindulariak ziklismoa ixtea erabagi dau oraintsu, igaz Italiako Giroan jausi, belaunean min hartu eta profesionaletan lehiatzeko ezintasunaz jaubetuta. Laiseka da Euskadi Fundazinoaren sorreratik, 1994tik orain arte egon dan txirrindulari bakarra. Lasterketa gitxi baina izen handikoak irabazi ditu, bat aitatzearren 2001ean, Luz Ardidenen Lance Armstrongen aurretik Frantziako Tourrean irabazitako etapea.


1.- Txirrindularitza profesionalari agur esan ostean, zelan zagoz? Zelan dago zure belaunburua?

Animo aldetik hobeto nago. Diputazinoan agur esateko ekitaldi ofizialean, barriz, txarto pasau neban ze erabagia asumiduta neukan arren, horrenbeste lagun, taldekide eta komunikabide ondoan ikustea emozionantea izan zan.

Edozelan be, aurtengo denporaldia datorren hilean hasiko da Mallorcako itzuliagaz eta hori be momentu gogorra izango da seguru ze barriro ikusi eta konturatuko naz saltsa horretatik kanpo nagoala daborduko. Kirolari baten ibilbideak amaierea daukala jakin badakit baina bizikleta gainean amaitu beharrean, lesino baten ondorioz amaitu behar izatea, horixe izan da mingarriena. Dana dala, denporea izaten da botikarik onena normaltasunera bueltetako.

Dakizunez, belaunburua txikitu egin neban Giroan pasa dan maiatzean. Zazpi zati txiki geratu jatazan golpearen ondoren eta zorionez, hausturea nahikoa ondo daukat orain baina muskulua indarrik barik dago. Kasu honetan be denporea beharko da. Eskilarak bajatukeran eta kotxean luzaroan egon ezkero, mina sentiduten dot, tarteka handitu be egiten jat baina bizikletan be ibilten naz, erritmo motelean egunean pare bat edo hiru ordu eta, beraz, nahikoa bizimodu normala egin neikela uste dot. Bizikletea oso ona da belauneko lesinoetarako.


2.- Denporaldia hasteko gitxi falta danean hartu dozu txirrindularitzeari agur esateko erabagia. Noiz ikusi zenduan argi profesionaletan jarraitzeko moduan ez zengozala?

Gabonak bueltan. Denporaldia hur ikusten neban eta belauna ez neukan ondo profesionaletan behar dan moduan ibilteko. Medikuak be esaten eustan, ganera, gatxa izango zala denporaldiaren hasierarako prest egotea. Pena izan da holan itxi beharra baina hoba izan da kaminoetan tatarrez ibili eta erridikulua egitea baino. Zikloturismorako sasoian egotea gauza bat da baina profesionaletan, lehia bizia dago, dana emon behar da, aldatzetan gora eperdia altzau egin behar da jarlekutik eta horretarako arazoak daukadaz.


3.- Luzaroan eta etxekoakaz hausnartutako agurra izan da, ezta? Bizitzako erabagirik gatxena, akaso?

Bai. Hamairu urteko ibilbidearen ostean, bizikletea baztertu eta agur esatea, ganera lesino baten ondorioz agur esatea nire bizitzako erabagirik gogorrena izan da, duda barik.

Etxekoak, zorionez, beti euki dodaz alde. Esan gura dot emazteak askatasun osoa emon deustala beti kirol ibilbidean neure erabagiak hartzeko. Etxekoen babesa eta animoak sentidu dodaz beti eta hori eskertzekoa da.


4.- Zaleentzat txirrindulari maitea izan zara beti. Garaipenak ez eze, zaleak eurak be gogoan eukiko dozuz...

Zelan ez! Beti esan dot hemengo zaleak onenak dirala. Bizikleta eta txirrindularitza kontuetan adituak dira, gure atzetik edonora doaz, Tourrera, Girora zein Vueltara eta euren berotasuna bizigarria izaten da guretzako. Egunotan be, agurraren ondoren be, sarri emon deustiez animoak eta esker ona adierazotea baino ez jat geratzen eta jakin dagiela nire bihotzean barru-barruan daukadazala zaleak.


5.- Profesionaletan bost etapa irabazi dozuz (Frantziako Tourrean bat, Espainiako Vueltan 3 eta Euskal Bizikletan bat) baina lehenengo bostean artean sarri ibili zara, berbarako, Tourrean Felix Cardenasen atzetik, bigarren... Pozik zagoz urteotan emondako maileagaz? Bete ez jatzun amesik?

Bai, pozik nago. Baina kirol profesionalean, badakizu irabazteak baino ez dauela balio. Bigarren, hirugarren edo lehen bosten artean gelditzea ez dago txarto baina palmareserako ez dira kontuan hartzen eta jenteak ez ditu horreek gogoratzen. Dana dala, 94an profesionaletan debutau nebanean, gustora sinatuko neukean holako palmaresa.

Edozelan be, ni neu pozik nago kasu batzuetan irabazi ez arren, lasterketa batzuetan emondakoagaz, berbarako, aitatu dozun horrezaz ganera, Asturiaseko itzulian bigarren eta hirugarren be gelditu izan naz eta Kataluiniako Voltan be bigarren eginda nago Perdigueroren atzetik.

Palmaresari jagokonez, Luz Ardidenekoa, akaso garrantzitsuena izan zan, aurreko etapan minutu piloa galdu ostean, Tourra zalako, atzetik Armstrong etorrelako zoro baten moduan eta Euskaltel Euskadirentzat lehenengoa zalako baina Vueltakoak be ez daukadaz ahaztuteko eta Euskal Bizikletan, Arraten irabaztea be zoragarria izan zan ze beti gustau izan jat etxeko lasterketatan irabaztea.

Pena bakarra, Giroan etaparik ez irabaztea izan da eta, beharbada, itzuli txikiren bateko sailkapen nagusia irabaztea.


6.- Euskadi Fundazinoak emon eutsun 94an, txirrindulari profesional izateko aukerea. Profesionaletan debutau aurreko hilebeteak edo urteak zelakoak izan ziran? Ibilbide osoa talde bakarrean egitea ez da ohikoena. Ez dozu beste eskaintzarik izan? Zer izan dira zuretzako Euskadi taldea eta Migel Madariaga bera?

Hogeita bost urtegaz afizionatuetan azken urtea izango zalakoan, estu eta larri, ixteko be prest nengoan Euskadi Fundazinoak eskaintzea egin eustanean. Suberte handia izan zan, nire salbazinoa. Cuesta, Solaun Palacin eta beste batzuentzat be aukera ezin hobea izan zan.

Bigarren itaunari erantzunez, eskaintzaren bat edo beste egin izan deustie baina pozik egon naz etxeko taldean, Migelegaz be oso ondo konpondu naz eta ez dot aldaketarik gura izan. Taldea nigaz jaio zan, taldearen filosofiagaz be bat nator bete-betean eta, ganera, maila polita emoten dogu, gaur egun UCI Pro Tourrean gagoz eta munduko lasterketarik garrantzitsuenetan parte hartzen dogu. Ez dot besterik behar izan.

Migel Madariaga, barriz, nire kirol-aitatzat daukat. Profesionaletara pasetako aukerea emon eustan baina arinagotik, afizionatuetatik eta ezagutzen gara, oso ondo konpontzen gara eta beti eskertuko deutsat nigaitik egin dauena.


7.- Profesional mailako talde kontinentala sortzeko asmoa iragarri eban oraintsu Migel Madariagak eta eskaintzea egin eutsun proiektuan parte hartzeko. Onartzeko prest? Entrenamentuen eta enparauen ardurarik barik, zelan hartu dozu ‘bizimodu barria’?

Pozik hartu dot eskaintzea ze bizikletea izan da nire bizimodua eta pasinoa eta horregaz lotutako zeozertan jarraitu gura neuke. Gustora onartuko dot eskaintzea, oraindino ezer zehatzik ez dagoan arren.

Bestetik, egia da entrenamentu, ordutegi, agindu eta enparauen ardurarik ez daukadala orain baina egunero nabil bizikletan, euria danean ez, profesionaletan be euriagaz entrenetea ez jat sekula gustau eta oraindino ez dot aldaketa handirik igarri. Denporaldia hasten danean, barriz, orduantxe jaubetuko naz bizimodu barriari ekin beharko deutsadala eta orduan hasiko dira koplak.


8.- ‘Kanpotik’ zelan ikusten dozu hain endredauta (doping kasuak, txirrindulari zigortuak, Eufemiano Fuentes, ‘Puerto’ auzia, Pereiro susmopean...) dagoan txirrindularitzea?

Merezidu ez dauen egoerea bizi dau txirrindularitzeak eta erruaren zati handi bat Komunikabide batzuena da; arrazoi jakinik barik txirrindularitzeagaz tematu dira. Zergaitik ez dabe jo eliteko beste kirol espezialidade batzuetara? Zergaitik gu? Kirolarien artean, txirrindulariok gara doping kontrolik gehien pasetan dogunok, hematokrito mugea be txirrindularientzat jarri eben. Puerto auzia guzur hutsa izan da, Manolo Saizen atzetik joan dira baina zortzi edo bederatzi hilebete pasau dira eta auziak ez dau egin aurrera. Kontua da ze Saizek eta Eufemiano Fuentesek zelan edo halan burua atarako dabela baina tartean nahastau dabezan txirrindulariei egindako kaltea nork konponduko dau? Zelan geratu dira Osa, Beloki, Etxebarria, Basso...? Nozal be Portugalen dabil talde txiki baten. Kaltetuenak txirrindulariak gara. Talde bi pikutara joan dira, Fuerteventura be hor dabil kili-kolo eta leitekeana da aurten hirurogeita piku txirrindulari gitxiago izatea tropelean.


9.- Denporaldi barria hasteko oso gitxi falta da. Euskaltel-Euskadiko Zubeldia, Anton eta Sanchez Californian egon dira haizearen tunelean erlojupekoetan hobetzeko asmoagaz. Zelan ikusten dozu taldea?

Ondo. Aldaketa urtea da eta denporea beharko da talde legez funtzionetako. Bajak dagoz eta bederatzi txirrindulari barri dagoz. Epe luzerako proiektua da eta ikusteko dago aurten ze maila emongo daben. Dana dala, aitatu dozuzan horreek asko emon leikiela uste dot; Sanchezek maila ederra emon dau eta garaipenak be lortu ditu. Haimar be polito ibiltea espero dot eta Antonek, barriz, gauzak lasai hartu behar dituala uste dot, aukerak izango ditu seguru baina geldiro-geldiro joatea komeni jako, itsutu barik.


10.- Profesionaletan emon dozuzan 13 urteetan makinatxo bat anekdota edo pasadizo biziko zenduzan. Bateren bat nabarmentzekotan?

Hasierako momentuak gogoratzen dodaz. Euskadi Fundazinoagaz, estualdiak pasetan genduzan, denporaldiaren erdian ez egoalako dirurik hurrengo lasterketetan parte hartzeko eta proiektua bera bertan behera geratuko ete zan be barruntetan zan. Tensino horregaz bizi izan gara sarri baina zorionez ez gara egon sekula kobrau barik. Gero Euskaltel proiektuan sartu zanean, ez dogu holako estualdirik bizi baina bai, ostera, kirol arloan, irabazten ez gendualako, komunikabideen presinoa...

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu