Ardao zuria egiteko bariedade barriak Errioxan lehen aldiz

Imanol Sarasola Enologoa 2007-01-19 01:00   Jan edanak

Errioxako Kontseilu Erregulatzaileak, aho batez, onartu ditu ardao zuria egiteko mahats bariedade barriak, besteak beste, Chardonay, Saugninon Blanc eta Verdejo eta baita bertakoak diran bariedadeak, Tempranillo zuria eta Turruntés.

Errioxako Kontseilu Erregulatzaileak, aho batez, onartu ditu ardao zuria egiteko mahats bariedade barriak, besteak beste, Chardonay, Saugninon Blanc eta Verdejo eta baita bertakoak diran bariedadeak, Tempranillo zuria eta Turruntés. Honen helburua, Plan Estrategikoari jarraituz, Errioxako produktuak merkatuaren eskaerei egokitzea da. Bestalde, ardao baltzei jagokenean be, bertakoak diran bariedadeak ardao baltzen zerrendan sartzeari oneretxia emon jako, Bertako Bariedade Minoritario izentapena erabilita, besteak beste, Maturana Tinta edo Maturana Parda eta Monastel, ardaogintzearen jatorrizko patrimonioa berreskuratu guran.

1925ean Jatorrizko Izentapena lortu zanetik, gaur egun onartzen diran zazpi bariedadeez gan, hauxe izan da bariedade barriak sartu diran lehen aldia: lau baltz (Tempranillo, Garnacha, Graciano eta Mazuela) eta hiru zuri (Viura, Garnacha zuria eta Malvasía). Aitaturiko barrikuntza hau, Kontseiluaren Miaketa alorreko eta Batzorde Teknikoaren azterketa sakona egin ostean etorri da, batez be, kontuan harturik 2005-2020rako egindako Plan Estrategikoan ari zehazten dala bertako bariedadeak berreskuratu beharra. Beste arrazoi bat, Errioxako ardao zuriak gaur eguneko kontsumitzaileen gustoetara egokitu beharra izan da.

Bestalde, onarturiko bariedade barri honeek, aurretiaz landaturik dagozan mahastiak kentzen diranean baino ezin izango dira landatu, mahasti kopurua ezin baita gehitu. Epeak beteten badira, landare barriak 2008an landatuko dira eta bi urte barru produziduten hasiko dira.

Bertako bariedade baltz eta zurietan ardao monobarietalak egin ahal izango dira, izan be, ez da adierazo portzentajerik bertako edo autoktonoei jagokenean. Kanpoko ardao zurien arloan (Chardonay, Saugvinon, blanc eta Verdejo) ezin izango dira nabarmendu edaterakoan, inoiz bariedadeok etiketan ipintekotan be, lehenengo bertako bariedadeak edo tradizionalki Errioxa agertu beharko litzatekezalarik.

Azken buruan, danon eretxia da ardao zuriari Errioxan bultzadea emon behar jakola; dana dala, beste kontu bat da Errioxako Jatorrizko Izentapenean ardao baltzen bariedade gehiago agertu behar ete dan, izan be, kasu honetan jarrera desbardinak dagoz; orain artekoa hobetu eta bultzatu behar dala dinoe askok, bertako Tempranilloa hain zuzen be.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu