Bertsoa.com, bertso plaza digitala

Bizkaie! 2007-01-19 01:00   Bertsolaritzea

Jexux Mari Irazu bertsolariaren eskutik dator webgune barria. Bertan, plazaz plazako bertso bideoak ikusi ahal izango dira, baita asteburuetako bertso saioen antologia eta saio bakotxeko bertso onenak be.

Plazaz plazako bertso sormenari zabalkunde bide barriak zabaltzea eta gune propio eta iraunkorra izateko helburuagaz, www.bertsoa.com webgunea aurkeztu barri dau Jexux Mari Irazu bertsolariak. ‘Bertsolaria euskarri iraunkorrik barik ibili da gehienetan plazan; bertsolariaren sormen lanak baditu zabalkunde bide desbardinak, baina ez dago espazio propio batean eskuragarri, kasu zehatzetan ez bada behintzat’, dino Irazuk. Horregaitik, bertso lanak batu, antolatu, zabaldu eta gestionetako gune bat sortu behar ebala otu jakon, ‘nirea bakarrik izango ez dana baina, aldi berean, nirea be bai’. Euskarri legez Internet erabili dau, ‘aproposa dalako bertsolaritzea zabaltzeko, bertsoa, azken batean, produktu audiobisuala dalako eta denpora eta espazioa ez diralako arazo sarean’.

Webgunera jo ezkero, honako atal honeek topauko doguz, besteak beste: bertso-eskola digitala, bertsolariak, agendea, albisteak, gogoeta faroa, argazkiak, bertso jarriak, loturak... Proiektuaren alderik esperimentalena, akaso, bertso-eskola digitala da. ‘Bertan, bertsotan trebatzeko edukiak egongo dira, batez be ikus-entzunezko edukiak’. Bertsolaritzearen egunerokotasun informatiboa eta intereseko gaiak lantzeko gunea izango da bertsoa.com, ‘neurri batean, plaza librea be badalako’.

Proiektuaren atal teknikoari jagokonez, webguneaz arduratu dan enpresako zuzendari Aitor Ubarretxenaren esanetan, ‘gatxena zuzeneko emonaldietan banda zabaleko konekzinoa lortzea da’. Europako herrialde askoren atzetik goazela dino eta, horregaitik, ‘hainbat proba egin ostean, 3G teknologiaren alde egin dogu, konekzino puntu finkorik bakoa’. Bideoak ikusteko streaming teknologia behar da, ‘bertso-saio bera 30.000 lagunek ikusteko aukerea emoten dauelako’.

Bertsolariei eta Bertsozale Alkarteari laguntzinoa eskertu deutse Irazuk, ‘euren babesa ezinbestekoa dalako holako proiektu batean’.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu