Kontseiluak aztertutako udaletatik hirutik batek ez dauka euskera plan orokorrik

Bizkaie! 2007-01-19 01:00   Euskerea berbagai

Kontseiluak Euskal Herriko hamar mila biztanletik gorako 66 herri eta uritako udalen hizkuntza politikea aztertu eta salatu egin dau udal gehienetan ebitau egiten dala euskerea exijiduteko neurriak hartzea.

Kontseiluak Euskal Herriko hamar mila biztanletik gorako 66 herri eta uritako udalen hizkuntza politikea aztertu eta salatu egin dau udal gehienetan ebitau egiten dala euskerea exijiduteko neurriak hartzea. Erakundeak aztertu dituan 66 herri eta urietatik erdiek baino ez daukie euskereari buruzko ordenantzarik, 14 udalek bakarrik erabagi dabe langile elebidunak kontratetea, udalen % 60k ez deutse hizkuntza eskakizunik eskatzen diru laguntzak jasoten dituenei edo azpikontratetan dituen enpresei, eta kasu askotan, euskera planak onartu arren edo euskerea bultzatzeko neurriak hartu arren, ez dalako baieztatu eta kontroletan erabagitakoa beteten dan edo ez.

Udalek euskereari hamar ataletan emoten deutsen garrantzia aztertu dau Kontseiluak, herriz herri: erabagi orokorrak; hizkuntza paisaia; udal langileak; udalaren komunikazinoa; beste zerbitzuak eta kontratak; udalaren kultur ekintzak; 0-3 urte arteko hezkuntzea; euskalgintzea; merkataritzea eta lan mundua, eta kirola eta aisia. Danetara, 55 galderako galdetegi bat preparau dabe atal horreetan euskerearen garrantzia neurtzeko. Euskera zinegotzien, zinegotzi ohien, euskera teknikarien, euskalgintzako adituen eta soziologoen laguntzinoa jaso dabe galdetegia preparetako.

Kontseiluak balio bat emon deutso erantzun bakotxari, gehinezkoa hamar puntukoa eta zazpi puntutan jarri dau euskera lehenesteko politika sistematikoaren mugea, euskaldunen hizkuntza eskubideen bermea, hain zuzen. Ez dau udal bakar batek lortu, baina zenbait nahiko hur dagoz.

Aztertutako udaletatik hirutik batek ez dauka euskera plan orokorrik; hau da, helburuak eta epeak zehaztutako hizkuntza politika antolaturik; hori esanguratsua da Kontseiluarentzat. Eta udalen erdiek ez daukie euskera ordenantzarik. Herri horreetan borondatean oinarritutako eta babes juridikorik bako hizkuntza politikak apliketan dirala salatu dau.

Kontuak kontu, 66 udaletatik 14tan bakarrik erabagi dabe kontratautako langile barriek elebidunak izan behar dabela; hau da, langile erdaldunak kontratetan dituen udalek gero dirua gastau behar dabe langile horreek euskalduntzen, euskaldundu nahi izan ezkero behintzat.

Erabilereari jagokonez, 16 udaletan baino ez dago langile guztiak hartzen dituan herritarrei zerbitzua euskeraz bermatzeko plana.

Herrien zerrendan, barriz, Azpeitia da euskerea bultzatzeko gehien egiten dauena. Bigarren Lekeitio dago eta hirugarren Oñati.

Uriburuen artean Donostiak lortu dau puntu gehien (4,22), baina urrun dago hizkuntza eskubideen bermetik, hau da, zazpi puntuetatik. Edozelan be, urrunago dagoz Gasteiz (3,55), Bilbo (2,61) eta Baiona (0,002). Kontseiluak ez ditu neurtu Donibane Garaziko eta Mauleko hizkuntza politikak. Kontseiluaren esanetan, uriburuek, herrialdeko biztanle guztientzat erreferente diran arren, oso maila eskasa emoten dabe.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu