Getxok Xabier Paya omenduko dau

Bizkaie! 2007-01-17 01:00   Bertsolaritzea
Ekitaldia urtarrilaren 18an izango da Getxoko Villamonte aretoan

Algortarra Bizkaiko Bertsolari Txapelketea irabazi dauen bertsolari gazteena da eta herriak esker ona adierazo gura deutso.

Getxoko Udaleko Euskara Zerbitzuak Xabier Paya bertsolari algortarrari zorionak emoteko ekitaldia antolatu dau, pasa dan abenduan Bizkaiko Bertsolari Txapelketea irabazi ostean. Ekitaldia datorren eguenean, urtarrilak 18, izango da Algortako Villamonteko Kultur Aretoan, arratsaldeko 19:00etatik aurrera.

Getxoren izenean, zorionak emon eta esker ona adierazo gura deutso herriak gazteari eta, horretarako, bertsolari konbidau bat egongo da ekitaldian bertso batzuk kantetako.

Xabier Paya Algortan jaio zan 1983an eta udalerriko ordezkariek gogorarazoten daben legez, ‘bertsolaritzearen munduan ibilbide ikusgarria egin dau, aurreko edizinoan Bizkaiko Txapelketan debutau eta finalera heldu zanetik hona batez be’. Ondoren, plazarik plaza ibili da esperientza hartzen, igaz Euskal Herriko Txapelketa nagusiaren finalaurreraino heldu arte eta 2006ko abenduan Bilboko Euskalduna Jauregian Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren txapela lortu arte. Bere amari eskerrak emonaz eta gaztelaniaz bota eban agurreko bertsoa, oihartzun handiko bertsoa izan da.

Bertsolaria izateaz gan, Paya interpretea eta itzultzailea da. Holan, Peter Pan ipuin ofizialaren bigarren partea (‘Peter Pan eta jaka eskarlata’) itzuli dau euskerara eta bertso eskoletako materiala be egiten dau, ‘Mainontzi’ mahai-jokoa, berbarako.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu