Berta Garcia: 'publizidadearen kontrol faltea dago'

Saioa Torre Gereketa 2007-01-15 01:00   Barriketan

URKOA kontsumitzaileen alkarteko presidentea

Gabon sasoia pasau dan arren, merkealdian gagoz eta han edo hemen topetan dogu sobrautako diru apurrak gastetako aukerea, beharrizanik barik bada be. Berta Garcia Uribe Kostako Kontsumitzaileen alkarteko (URKOA) presidentea da eta inork baino hobeto dakiz saltokiek erosleak erakarteko erabilten dabezan teknikak, askotan legezkotasunaren mugan.


1.- Euskal Herria aitzindaria izan zan Kontsumitzaileen Defensarako Legearen garapenean eta aplikazinoan. Hori 1981ean izan zan. Ze aurrerapen izan dira ordutik hona eta zer falta da egiteko oraindino?

Hego Euskal Herrian izan ginan aitzindariak, Nafarroan urte batzuk geroago atara eben legea. Europan urteetako tradizino demokratikoa euken herrialdeetan kontsumoaren arloaren espilu izatea zan helburua eta oinarri minimoak, behintzat, lortu genduzan, hasibarriak izan arren. Meritu handia zan hori, gero.

Baina bizitzako gainontzeko arloetan legez, aurrera jarraitu arren, bide luzea dago oraindino egiteko persona eta kontsumitzaile moduan eta horreen defensan. Halanda be, sasoi batean ‘kopiau’ gura genduzan herrialdeen parean gagozala esan geinke.


2.- Europa aitatuta, kontsumitzaileen babes mailea desbardina da herrialde batetik bestera. Lege bateratua behar dala uste dozu?

Ez. Lehen esan dodan legez, egoerea antzekoa da. Kontuan hartu behar da Europako Batasunak ezarritako Direktibek erritmo bera ezarri dabela estadukide danentzako. Holan, hemen erabagiak hartzeko eskubide gehiago euki ezkero, Espainiako estadua baino aurreratuago egongo ginateke legeei jagokenez; izan be, honezkero Espainiari behin baino gehiagotan ohartarazo deutso Komisinoak atzean geratzen dagoala.

Halanda be, uste dot ez dirala horrenbeste lege barri behar. Garrantzitsuena dagozanak betetea da eta, zentzu horretan, Euskadin (edo Hego Euskal Herria) oso gatxa da aurrera egitea zeozelako protekzionismoa dagoalako. Zintzotasunez eta argi eta garbi esanda: hainbat boikot kanpaina egin dira (edo egin gura izan dabez) gure produktuen eta enpresen kontra eta, horren aurrean, gura barik bada be, bide okerra aukeratu dogu, okerrena ez aukeratzeko. Badakigu lege danak ez dirala beteten baina isildu egin behar gara. Halanda be, horrek guztiak badauka alde positiboa: hemen, bitartekariak eskurago daukaguz.


3.- Kontsumitzaileek jasoten daben babes-mailea kontuan hartuta, zein herrialde nabarmenduko zeinke?

Herrialderen bat nabarmendu baino, Europako Batasunak estadukideetako kontsumitzaileen alkarteoi egiten deuskun jaramona nabarmenduko neuke. Berbarako, alerta sistema barria jarri da martxan Europa mailan arau teknikoak beteten ez dabezan produktuen, enpresen eta horreen jaubeen izenen barri emoteko. Erabagia hartu ostean, estadu bakotxaren atzean ibili behar izan da araua betearazoteko. Anektdota moduan kontau neike niri, Bruselatik, astero bialtzen deustiela merkadutik kendutako produktuen zerrendea. Kontsumizaileen alkarteok daukagun pasahitz baten bidez egiten dabe bialketea eta legea beteten ez daben fabrikatzaileen izenak be jakinarazoten deuskuez.

Produktuen segurtasunagaz kontu handiz ibili behar da, sasoi batean alimentazino arloan kontsumitzaileak eta administrazinoak arduratuta euki ebazan krisitik hona batez be. Nota ona ataratea da helburua eta ez da gitxi, gero. Zerbitzuen arloan, barriz, hutsuneak dagoz: teknologia barriak (on-line erosketak, eskuko telefonoak...), aire-konpainiak, aseguru-etxeak eta beste hainbat produktu-zerbitzu gitxiengo bati zuzenduta egozan; orain, barriz, jente gehiagorengana heltzen dira Europan. Hori kontsumo masiboa da.


4.- ‘Euskaldunon Kontsumo Aldizkaria’ argitalpenaren azken edizinoko editorialean idatzi dozu komertzioek ‘behartu’ egiten gaituztela begien aurrean daukagun guztia erostera. Eurena da ‘erru’ bakarra?

Baieztapen hori ez da guztiz benetakoa. Presinoa ez dator komertzio txikietatik, multinazional eta transnazional erraldoietatik baino. Horreek daukie ahalmena publizidade, marketin eta merchandising arloan dirutzak inbertiduteko. Ondo baino hobeto dakie publizidadeak baino zeozerk gehiagok eroaten gaituela erostera eta horregaitik erabilten dabez, askotan ezeri begiratu barik, teknika agresiboak. Persona-iragarkien sorrerea (kirolariak, zine-musika-literatura munduko personaiak...), hirugarren munduko herrialdeen aldeko ‘alkartasun’ kanpainak; telebista-programen laguntzaileak; hori guztia egunero sartzen jaku begietatik eta belarrietatik. Txikitatik erakutsi deuskue kontsumoa dala onena eta erosoena mundu guztiarentzako. Aldaketez berba egitea gatxa da, gure bizimoduari egindako mehatxu legez hartzen doguzalako bihar-etziko belaunaldiei egindako laguntzino legez hartu beharrean.


5.- Publizidade subliminala eraginkorragoa dala dinoe adituek. Edozelan egin leike edozeren publizidadea?

Ez, ezta pentsau be, baina... administrazinoetatik kontrol faltea dago. Alkarteoi boluntadea eskatzen deuskue baina kontrolak ezartzeko baliabide eskasak daukaguz, bai ekonomikoak baita giza baliabideak be. Halanda be, kontrol bikotxa dagoanean, gizarteak eta administrazinoek egiten dabena, ospe txarra euki ezkero ez deutsue zure beharra ondo egiten ixten eta Parlamentuan betau egiten zaitue.

Publizidade guzurtia merkaduan akasdun produktu bat jartea bezain larria da, baina publizidadeak emoten dauen diruari esker bizi dira komunikabide gehienak, publikoak zein pribaduak. Catalunyan, lehenengoak izan dira Kontrol Batzorde bat sortzen eta oso ondo funtzionetan dau. Legegintzaldi honen hasieratik nabil ni holako batzorde bat sortzeko eskatzen baina kanpoan geratu naz. Kontsumitzaileen alkarte biren ordezkaria izandakoa naz eta logikoa da holako batzorde baten sorreran neu be egotea baina ez da sortu eta kontsumitzaileok kanpoan ixteko erabagiak harritu egin nau. Dana dala. Helduko da egun hori nonoiz.


6.- Igaz euro bat balio eban ogia 1,15 euroan pagau behar dogu aurten. Ogia preminazko jatekoa dala kontuan hartuta, posible da holako igoerea izatea?

Bai, zelan ez, ez dogu ahaztu behar gure botoagaz, politikoez gan, sistema ekonomikoa be aukeratzen dogula eta, antza danez, gehienek merkadu librean bizi gura dabe, ergo neoliberalismo gordinean. Gobernuaren partetik, zerbitzuen arloko esku-hartze gitxi batzuk baino ez dira geratzen (prezioen komisinoak), garraio publikoan, elektrizidadean edota gasean, berbarako. Baina, bestalde, merkadu librea ez da ehuneko ehunean beteten. Gogoratu Alemaniako enpresa elektrikoak euki dituan trabak Eon espainiarrean sartzeko; azkenean, Europako Komisinoak be hartu dau parte operazinoan. Eta aurrezki kutxen arteko aliantzak (talde politikoen betoagaz) be hor dagoz. Horregaz ez dot esan gura enpresa txikien eta ertainen absorzinoaren alde nagoanik baina bai neoliberalek aldarrikatutako liberalizazino horrek arazoak ekarten dituala. Azken batean, behin eta barriro ‘saldu’ gura deuskuen sistema ekonomiko perfektua ez da existiduten.


7.- Etxebizitzen prezioak be neurriz kanpo dabiz. Nora arte helduko gara?

Gazteak oraintsu Frantziako gazteek egindakoa egiten hasi arte. Etxerik bako lagunen altxamentua ikustea oso grafikoa izan da eta meritu itzela daukie. Halanda be, hemengo gazteak luzaroan egoten dira gurasoen menpean, beste herrialde batzuetakoak etxetik lehenago urteten daben bitartean. Kultura desbardinak dira. Hausnarketa hori albo batera itxita, oraingo egoerara arlo politikoan lurraren espekulazinoa baimendu dalako heldu gara. Horri aurre egiteko biderik onena epaitegietara joatea da ze, presino taldeak beti egon izan arren, presinoa egiteagaz ez da nahikoa korrupzinoari aurre egiteko. Eta gogoratu: korrupzinoa hegoaldean zein iparraldean dago.


8.- Ezin dogu merkealdia ahaztu. Ze ezaugarri nabarmenduko zeunke denporaldi honetan?

Betikoa: enpresek esku-dirua behar dabe eta guk dirua aurreztuko dogula esaten deuskuenean sinistu egiten dogu, inoiz ez gagozalako konforme daukagunagaz. Baina beti jarraitu gura dogu modea. Datorren urtean seguru pentsauko dogula aurten erosi doguna modaz kanpo dagoala eta zeozer barria erosi behar dogula, benetan beharrizana daukagulako eta, eskaintza barriagaz, aurreztu egiten dogulako. Merkealdia publizidadeagaz lotuta dago eta kontsumitzaileari kontsumidutera bultzatzea da helburua, holan ondo sentiduko dalakoan.


9.- Zeintzuk dira zuen erakundean egiten dabezan itaunik ohikoenak?

Zerbitzuen arlokoak dira gehien bat: telefono operadoreak, enpresa iruzurgileetan inbersinoak, produktua erosi osteko zerbitzu eskasak, aseguru-etxeen arteko trabak eta, orokorrean, informazinoaren gardentasun falteagaitik.


10.- Urtero-urtero, 1983tik, ‘Kontsumitzaileen Mundu Eguna’ ospatzen da martiaren 14ean. Hasi zaree ezer berezirik preparetan?

Bai, aurreko urteetan pasau jakuna ez pasetako, hasi gara lanean, bestela alperrik galduko dogu energia. Komunikabideek ez deuskue jaramonik egiten eta, politikeari jagokonez, askoz errentagarriagoa da eurentzat bardintasunaren, genero indarkeriaren eta aldaketa klimatikoaren ganeko gaiak jorratzea. Beraz, egunero-egunero eta gitxika-gitxika ekin behar deutsagu gureari. Bihar etziko kontsumitzaileetan jarri behar da atentzinoa, belaunaldi barriak edukau behar dira beharrezko erosketak behar dan moduan egiteko. Sistemearen ganeko galderak egin behar deutsiez euren buruei eta kontsumiduten daben hori zer dan eta nondik datorren jakin behar dabe.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu