Hizkuntza Politikarako aurrekontua 51,1 miloe eurokoa da, igaz baino %13,3 handiagoa
2007-01-03 01:00 Euskerea berbagaiEuskereak behar dauen aurrekonturik ‘handi, eraginkor, erabagigarri eta garrantzitsuena euskerea erabiltea da, euskereak hiztunak behar ditualako eta ez salbatzaileak’ adierazo dau Patxi Baztarrika Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak.
Patxi Baztarrika, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntz Politikarako sailburuordeak esan dau igaz hizkuntza politikearen aurrekontuan emondako aurrerapausua aurten mantendu ez eze areagotu egin dala. Era berean, Jaurlaritzearen zeregin horretan Legebiltzarreko taldeen laguntzinoa be eskertu dau. Lehenengo eta behin talde sozialistea izan dau aitagai, ‘talde horren aldeko botoakaz eta Gobernuko hiru taldeenagaz onartu baita aurrekontua’. Bestetik, hainbat zuzenketa aurkeztu eta aurrera atara daben talde parlamentarioen ekarpena eskertu dau. Alde horretatik, gogorarazo dau zuzenketarik gehienak eta nabarmenenak Aralar taldearenak izan dirala, eta eskertzekoa dala hori. Ganera, aurten, igaz ez bezela, Ezker Abertzalea taldeagaz hiru zuzenketa adostu ahal izan dirala nabarmendu dau, horreetatik bat Ezker Abertzalea taldeagaz bakarrik eta bi Aralarregaz batera.
Erabilerea goiburutzat hartuta 2007ko aurrekontuak garatuko dituan zenbait lan-ildo nagusi dagoz. Arlo sozio-ekonomikoan, lan-munduan, 2006an abian jarritako ‘Lanhitz’ programea sendotu eta zabalduko da. Programa hori garatuz enpresei aholkularitza eta laguntzino tekniko nahiz ekonomikoa emongo jake euskerearen erabilera-planak zabaltzeko. Era berean, euskerea kalidadeagaz eta barrikuntzeagaz lotuko dauen ziurtagiri sistemea be osotuko da Euskalitegaz alkarlanean.
Bestalde, beste zenbait ekintzen artean, euskerazko itzultzaile automatiko bat sortzeko ekimena bultzatuko da aurten, eta, gainera, euskerazko eduki digital bikainak sortzeko bultzadea emoten jarraituko da.
Helduen euskalduntze-alfabetatzeari jagokonez, euskaltegien sektorea normalizetako ‘berebiziko saltoa’ emon da 2006an, besteak beste, hiru ikasturtetarako finantzaketa adostu da eta. Ganera, ikasleentzako diru-laguntza indibidualak % 100 gehitu dira 2007rako (2006ko 625.000 euroetatik 2007ko 1.250.000 euroetara), eta 2006a euskaltegi pribatuen sektorea normalizetako pausua emon dan urtea izan dan legez, 2007an euskaltegi publikoen sarea hobetzeko neurriak hartuko dira, Eudelek eta Kultura Sailak osoturiko batzordeak lortzen dituan akordioen arabera.
Gainera, HABEk formazino modulu espezifikoak lantzen jarraituko dau, besteak beste osasun-arloan, etorkinentzako, merkatarientzako eta abar.
Elebide eta EBPN
Elebide, hizkuntz eskubideak bermatzeko zerbitzua garatu eta sendotuko da, hizkuntz eskubideei buruzko informazinoa eta kontzientzia gizarteratzeko lanak egingo diralarik.
Euskerea Bizibarritzeko Plan Nagusiari (EBPN) bultzadea emongo jako aurten, eta horretarako Eudelegaz sinatu barri dan hitzarmena garatuko da. 2006an 95 udalerri ziran EBPN onarturik eukenak, eta 2007an 140ra heltzea jarri dabe helburu.
Euskal Herriko IV Inkesta Soziolinguistikoa egin eta argitaratuko da. Iparraldeko Euskeraren Erakunde Publikoagaz, hau da, Frantziako erakunde publiko guztiak (Pariseko Gobernua barne) bere barruan batzen dituan erakunde publikoagaz hitzarmena sinatu eta diru-laguntzino konpartituak emongo dira Iparraldean euskerea bultzatzeko.
Euskera munduan zabaltzeko lanei jagokenez, orain ikasturte bi martxan jarritako unibersidadeetako lektore-programea indartu eta zabalduko da. 2007an 12 herrialde eta 20 unibersidadetan euskerea eta euskal kulturearen lektoreak izatea da helburua.
Etxepare Euskal Institutua
2007an onartuko da euskerea eta euskal kulturea nazinoartean zabaltzea helburu izango dauen Etxepare Euskal Institutua sortzeko legea.
Herri-administrazinoetan euskerearen erabilerea normalizatzeko IV. Plana preparauko da, 2008-2012 iraunaldia izango dauena, eta urtean zehar Eusko Jaurlaritzako sailetan erabilera-planak garatuko dira.
Euskerearen erabilerearen normalizazino sozialari buruzko gogoeta zabala antolatuko da, orain arte egindako bideari buruz eta etorkizunean egin beharrekoari buruz hausnarketea egiteko ehunka lagunek parte hartu ahal izango daben eztabaidea.
Euskal gizartearen euskereagazko atxikimendua eta konpromisoa sendotzeko helburuagaz ‘Ukan’ alkarbizitzarako birus osasungarriaren mezuari jarraipen barritua emongo jako. Euskereak komunikabideetan presentzia gero eta bikainagoa izan daian bultzadea emongo da eta euskerazko komunikabideen kontsumoari buruzko gogoeta zabala antolatuko da.
Euskerearen erabilerea gizarte-bizitza arruntean areagotzeko saio berezitu eta pilotuak bultzatuko dira merkataritzearen esparruan uriburuetan eta kirol eta aisialdi arloan gaztetxoei jagokenean.
ONCEgaz euskal literaturako dozenaka obra 'braille' sistemara eta entzutezko formatura egokitzeko lankidetzan jarraituko da, eta Gipuzkoako toponimia berrikusteko lanak egingo dira Deiker enpresearen eskutik. Gainera, Euskadiko arlo publikoko hizkuntz paisajean euskerearen presentzia normalizetako plana egingo da.
Azkenik, euskalgintzako erakunde eta alkarteakaz ohiko lankidetzan jarraituko da: Euskaltzaindia, Labayru ikastegia, Bertsozaleen Alkartea, EIE, EIZIE, UNESCO Etxea, Literatura Unibersalaren programea eta abar. Terminologia arloko lan berezituakaz eta hiztegigintza lanakaz be jarraituko da.
Azken buruan, Baztarrikak esan dau gaur aurkeztutako aurrekontuak eta lan-programeak Eusko Jaurlaritzearen politikea publiko ‘positiboak bultzatzeko’ eta diru-baliabide egokiak jarteko dauen ‘konpromisoa islatzen’ dauela.
Dana dala, aurrekontuak eta diruak beharrezkoak badira be, euskerearen etorkizunaren giltza gizarteak daukala, gutariko bakotxak, herritar bakotxak egiten dauenaren esku dagoala esan dau.
Euskereak behar dauen aurrekonturik ‘handi, eraginkor, erabagigarri eta garrantzitsuena euskerea erabiltea da, euskereak hiztunak behar ditualako eta ez salbatzaileak’.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!