Elorrioko toponimia plazan

Labayru Gaur 2007-01-03 01:00   Euskerea berbagai

Elorrioko uria sortu zaneko 650 urte bete dan urte berean, ze opari hobeagorik herriaren esentzia hobeto erakusten lagunduko deuskun ‘Elorrioko Toponimia’ liburua eta mapa toponimikoa baino?

Elorrioko uria sortu zaneko 650 urte bete dan urte berean, ze opari hobeagorik herriaren esentzia hobeto erakusten lagunduko deuskun ‘Elorrioko Toponimia’ liburua eta mapa toponimikoa baino? Izan be, herri baten izatea, ezagutza eta historia ez dogu topauko idatzi, museo edo monumentuetan bakarrik; herri baten izatea bertako leku-izenetan be gordeta dago, bere auzo, mendi, erreka, baserrietxe, kale, baso, landa, zubi, zein ganerako lekuetan, eta jakina, herritarrek aitatutako lekuoi emondako izenetan. Elorrioko historiaren ibilbide luzean herritarrak izena emon deutsie garrantzizkoa eretxitako leku bakotxari eta, apurka-apurka, Elorrioko lurralde osoa izenez josi da, euskal izenez, hatan be. Gogoratu daigun toponomia gure herri-jakintzaren alderdi sendo eta itzal handikoa dala. Leku-izenak ez dira izen soilak. Izenon ostean historia bat dago, gizarte bat, hiztun batzuk; leku-izenok belaunez belaun iraun dabe, luzaroan; itxuraz aldatzen joan dira apurren bat, euren azalean, baina lurrari eta etxeai sendo eutsi deutse denporearen eta jentearen joan-etorri etenbakoen gainetik. Horregaitik, Elorrioko Udalak zuhurtasunaz hartu eban aspaldi ebatzia, udal esparru osoko leku-izenok batzekoa, bai agiri historikoetan egozanak, eta bai bizi diran lekuko zaharren gomutan dirauenak be. Egitasmoa burutzeko ardurea Labayru Ikastegiaren eskuetan itxi, eta ikastegiak 2003-06 epealdian bete dau eginkizuna. Asier Bidart izan da ikerketa-arduradun, eta aldamenean laguntzaile bi bata bestearen hurrengo: hasieran Mikel Basabe eta haren ondorik, Mirian Eriz.


Metodologia eta liburua

Ikerlana egiteko Labayru Ikastegiak Lezama eta Etxebarriko leku-izenak aztertzeko erabili dauen metodologia berbera erabili dau oingoan be, urteotan Ikastegiak zehaztu, garatu eta ondu dauena: datu-base egoki baten diseinua, idatzizko agirien eta ahozko tradizinoaren bilketa sistematikoa, eta informazino guztiaren sailkatzea. Idatzizkoari jagokonez, ugaria eta antxinakoa dogu materiala: XI. mendekoa, berbarako, San Agustinen sortze-agiria eta, aldian-aldian, batez be XVI. menderik honunzkoa baserri askoren lehen-lehenengo errastua. Ahozko zehaztasunak batzeko, ostera, berrehundik gora informante alkarrizketatu dira eta euren oroimenean gordeta egozan leku-izenak jasoaz gainera, garai bateko bizimodu eta ohiturak be batu eta transkribatu dira. Ikerketea amaitu orduko makinatxu bat datu batu zan, eta liburua eratu orduan egileak kargutu zinan ezinezkoa zala dan-dana liburura eroatea, eta papelezko euskarrira informazino guzti horretatik alderdirik garrantzitsuena baino ez da eskaini: leku-izenei jagoken informazino adierazgarriena. Ganerako informazino osogarria, batez be dokumentazinoari jagokona, liburuari dautsan cd-an emon da.


Mapa toponimikoa

Baina batutako datu guztiak galbahetu, aztertu, buztartu eta liburuan nahiz pdf formatoan ondo ehundu ostean, Elorrioko mapa toponimikoa be egin da, non Elorrioko toponimia esanguratsu guztia argiro eta zehatz emonik azaldu dan. Horretara, liburuaren osogarri, mapa dotorea ondu da, bertako etxeen, mendien eta basoen izenak ezeze, baserrien irudiak be eskaintzen dituana. Irudiok Niko Moreno eta Silvia Molero elorriarrek marraztu dabez. Mapa toponimikoa kuadranteetan banatu da, liburuan agiri diran toponimoen kokapena kontsultetako orduan beharra arindu guran.


Toponimia on-line

Datorren urtean liburuko nahiz cd-an agiri diran datuak on-line kontsultetako erea egongo da. Datuok bilatzaile batek lagunduta topau ahal izango dira eta Labayru Ikastegiko webgunera edo Elorrioko Udalekora jo beharko da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu