Aitziber Azkondo: 'industriak eta sorkuntzeak bat egingo dabe Bilbon'

Koldo Isusi Zuazo 2006-12-29 01:00   Barriketan
Bilboko Creativity Zentrumeko zuzendaria

Egunotako tripakada eta neurri bako oturuntza sasoia ez da onena izan moda kontuak berbagai hartzeko baina urte barriagaz, asmo eta proiektu barriei ekingo deutsegulakoan, aukera ederra izango da Bilbon moda kontuetan trebatzeko London College of Fashion unibersidadearen eta sortu barri dan Creativity Zentrumaren eskaintzeari esker. Hona hemen, Creativity Zentrumeko zuzendari Aitziberrek kontau deskuzanak:


1.- Zer da Creatitvity Zentrum? Noiztik zagoze Bilbon?

Argi esateko Creativity Zentrum Bilbon zabaldu dan sormen industrien errendimendu handiko Zentroa da, industriak eta sorkuntzeak bat egiten daben espazio fisikoa, hain zuzen be. Bertan, hiru zentro edo jarduera eremu dagoz; alde batetik, nazinoarte mailako heziketa zentroa; bestetik, sormen industriara zuzenduriko ekimen zentroa eta, azken buruan, entretenimendu eta merkatal jarduera zentroa.

Labur-zurrean, sormena, barrikuntzea eta etorkizun-sena daben arlo guztiak lantzen eta jorratzen doguz. Ideia eta asmo potoloa orain pare bat urte hasi ginan garatzen eta gauza guztiak ondo zehaztu ondoren, ilusino eta gogo handiagaz aurten (2006) abiarazo dogu.


2.- Irratia, telebista, moda, diseinu industriala, musika garaikidea, entretenimendurako software-a, arte eszenikoak eta artisautza lantzen dozuez. Zein arlo da jenteak gehien eskatzen dauena?

Arlo danak dira erakargarriak baina kontuan hartu momentu honetan interes handia dagoala moda kontuen ganean. Barrikuntzea eta teknika barriak dakarzan arloa da. Gaurko Bilbo be ez da orain urte batzuetakoa, Bilbo gero eta gehiago dago nazinoarte mailara begira, kanpoko joera eta gauza barriak jaso eta bereganatzeko prest eta guk bide hori zabaldu nahi dogu. Halan da be, aitatutako aldaketea ez da bakarrik moda inguruan jazoten, zinearen eta diseinu grafikoaren alorretan be bardin pasetan da.

Kontuak kontu, nor ez da ba interesauta egongo New York Film Academy eskolatik datozen ikastaroak jasoteko prest? Mundu mailan dagoan zine eta antzezpen eskolarik ospetsuena eta onena da eta Madrilen ez, baina Bilbon egon egongo da.


3.- London College of Fashion Britainia Handiko unibersidade ezagunagaz berbatutako akordioari esker, lehenengoz izango dira gurean aitatu erakundearen moda eta gidoilaritza ikastaroak, ezta? Moda kontuetan zerenbesteko garrantzia dauka London College of Fashionek?

Bai, lehenengoz, aukera ezin hobea, beraz. Munduan izen handiko erakundea da eta datu legez baino ez bada be, dagoeneko 100 urte bete ditu modearen barruan dagozan alor guztietan lanean eta jentea preparetan. Diseinua, argazkilaritzea, makillajea, eta ez hori bakarrik, moda negozioak martxan zelan jarri, zelan eratu eta produktuak merkaturatzeko heziketea be emoten dabe. Produktua garatu eta amaitu bakarrik ez, merkatuan zelan jarri ikastea be beharrezkoa da. Berbarako, London College of Fashion ospetsuan John Galliano eta Stella McCartneybe ibilitakoak dira eta ez jake bape txarto joan...

Gidoilaritza ikastaroei jagokenez, estadu mailako gidoilari onenetakoek emongo dituzte, El Comisario, Policias eta bestelakoetan, estatu mailan serie eta pelikula ospetsuenetan gidoiak landu dabezan profesionalek, hain zuzen.


4.- Zein izaten da holako ikastaroetan izena emoten daben ikasleen perfila (adina, sexua, ikasketak...) Izena emoteko epea zabalik dago?

Ez dago danak zaku berean sartzerik. Danetik dago, gehienak profesionalak dira, euren perfila edo kurrikuluma hobetu nahi dabenak. Dana dala, aitatutako arloak lantzen hasi gura dabenak be hurreratzen dira. Ikastaro bakotzak publiko berezitua dauka.


5.- Urtarrilean eta zezeilean, besteak beste, moda estilismoa, modako marrazkigintzea eta argazkilaritzea, makillaje teknikak, pantaila eta esezenarako jantzien diseinua zein gidoilarientzako ikastaroak antolatu dozuez. Zein azpimarratuko zeunke?

Nire eretxiz danak dira kontuan hartzeko modukoak baina bakotxak zertan hasi edo zein arlo landu nahi dauenaren arabera da. Argi dagoana da modearen industrian sartu edo preparazinoa hobetu nahi izan ezkero, London College of Fashion dala aukera onena.


6.- Ikastaroak nortzuk emongo ditue? Zein hizkuntzatan?

Ikastaroak aitatutako unibersidadetako irakasleek emongo ditue eta, beraz, ingelesez izango dira. Halan da be, ingelesagaz lagunduko dauen itzultzaile bat be izango da baina komenidu da ingelesaren oinarria izatea. Pentsaizue ez dala itzulpen simultaneorik izango.

7.- Ez da makala zuon filosofia: ‘talentua landu, disziplinen arteko alkarrekintzea biztu eta sormen industriak sustatu’....

Ez ezta? Hemengo jentearen talentua bultzatu nahi dogu. Badakigu handia dala baina askok atzerrira joan behar izaten dabe talentu hori lantzera. Hori ebitetea da gure helburuetariko bat. Ez da Londresara edo New York-era joan beharrik egongo heziketa onena jaso gura izan ezkero. Horrek aldaketea ekarriko dau. Bilbon sormen industriak erreferentzia bilakatuko dira, bai estadu espainiarrean, baita Europa mailan be.


8.- Zelan definiduko zeunke ‘talentua’?

Norberak izan leiken ahalmena edo trebetasuna gauzak egin eta lantzerako garaian.


9.- Badago talentua, sormenerako sena edo intuizinoa lantzerik?

Baietz pentsetan dot, baina talentua edo berez daukagun hori lantzeko bide aproposak jarri behar dira.


10.- Azken mezurik ikastaroetan parte hartzeko dudan dagozanentzat?

Ikasteaz gain esperientzia aberasgarria izango dabela; heziketa esklusiboa jasoko dabela eta horrek euren bizitza aldatu leikela.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu