‘Udale’, euskerearen normalizazinorako programak indartu eta koordinetako udalen sarea

Bizkaie! 2006-12-27 01:00   Euskerea berbagai

Euskal Udalen Alkarteak (Eudel) Udale, udalen euskera sarea abiarazo dau euskerearen normalizazinoaren aldeko programak indartzeko eta koordinetako.

Euskal Udalen Alkarteak (Eudel) Udale, udalen euskera sarea abiarazo dau euskerearen normalizazinoaren aldeko programak indartzeko eta koordinetako. Gainera, aholkularitza teknikoa eskainiko deutse udalerrei euren hizkuntza politika egin dagien.

Miren Dobaran, Eudeleko Euskera arduradunak eta Patxi Baztarrika, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak Bilbon eskainitako prentsaurrekoan jakinarazo dabenez, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzearen babesa dauka proiektuak, eta horretarako lankidetza-hitzarmena sinatu dabe.

Dobaranek azpimarratu dauenez, sare barriaren helburu nagusiak euskerearen aldeko jarduerak koordinetea eta udalek normalizazinorako planak egin daiezan aholkularitza teknikoa eskaintzea dira. Gainera, Udale egitasmoaren barruan, udalen arteko esperientziak partekatuko dira.

Era berean, udalen sare barriak udalak ordezkatuko ditu euskerearen alorrean ganerako instituzinoen aurrean, hau da, foru diputazinoen eta Eusko Jaurlaritzearen aurrean.

Patxi Baztarrikak adierazo dau Udale sarea bultzada bat izango dala udalen euskerearen normalizazinorako planak burutu eta defendiduteko. Haren esanetan, planon helburua da euskeraz bizi nahi daben herritarrei horretarako aukerea emotea.

Udale sarearen parte izateko, udalek euskereagazko konpromiso politiko sendoa izan behar dabe, Eudeleko Euskera arduradunak azpimarratu dauenez. Gainera, euskaldunen portzentajea % 70etik gorakoa izan behar da, eta euskerearen erabilerea sustatzeko plan nagusi bat onartua eta hori garatzeko giza zein ekonomia baliabide nahikoak izan behar ditue.

Dobaranek azaldu dauenez, Udale egitasmoan sartzea osoko bilkura batean onetsi behar da azkenean, eta baldintza horreek beteten ez dituen udalek ez dabe sartzeko aukerarik izango.

Bestalde, Baztarrikak hitzarmenaren garrantzia azpimarratu dau, euren plan propioa garatzeko giza zein ekonomia baliabide nahikorik ez daben 5.000 biztanletik beherako udalerriei atentzino berezia eskainiko deutselako. Gainera, azaldu dauenez, hizkuntz politikearen alorrean, erakundeen arteko koordinazinoa sustatzeko balioko dau sareak, alor honetan ahaleginak eta erispideak bateratzeko helburuagaz.

Eudeleko ordezkariak azaldu dau Udale honezkero bizirik dagoan sarea dala, neurri handi eta ertaineko udal batzuekaz hartu-emonetan jarri diralako eta urtarrilerako lehenengo atxikimenduak espero dituelako. Dobaranek adierazo dauenez, udalerri bakotxaren euskera planen egoerearen argazki zehatz bat eginaz hasiko dira, hizkuntza politikearen alorrean orain arte zer egin daben ikusteko.

Bestalde, Miren Dobaranek adierazo dau plan hau Nafarroako udalerrientzako be zabalik dagoala, nahiz eta bertan sartzeko Eudeleko kide izan behar dan, eta, gaur egun, Nafarroako zortzi udalerri besterik ez dira Eudeleko kide.

Udale sarea garatzeko, Eusko Jaurlaritzeak 25.000 euro emongo ditu urtero, hitzarmena indarrean dagoan hiru urteetan zehar, eta bakotxaren normalizazinorako plana garatzeko, udalerri bakotxak beharrezko ikusten dauena inbertiduko dau, orain arte legez.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu