Andoni Sagarna euskaltzain oso izentau dau Euskaltzaindiak
2006-12-22 01:00 Euskerea berbagaiDonostian gaur egin dan osoko bilkuran, 25. eta 26. aulkiak beteteko bozketak egin ditu Euskaltzaindiak, eta, Akademiaren arauek agintzen daben legez, Andoni Sagarnak gehiengo osoa lortu dau. Xarles Videgainek, barriz, ez dau gehiengo osoa lortu eta, beraz, 25. aulkia hutsik geratu da.
Donostian gaur egin dan osoko bilkuran, 25. eta 26. aulkiak beteteko bozketak egin ditu Euskaltzaindiak, eta, Akademiaren arauek agintzen daben legez, Andoni Sagarnak gehiengo osoa lortu dau. Xarles Videgainek, barriz, ez dau gehiengo osoa lortu eta, beraz, 25. aulkia hutsik geratu da.
Akademiako iturriek gogoratu dabenez, joan dan zemendiaren 24an, Euskaltzaindiak Bilbon egin eban osoko bilkuran, hautagaiak aurkezteko epea amaitu zan, eta bi hautagai aurkeztu zituen euskaltzainek: 25. domina-hutsartea beteteko, Xarles Videgain euskaltzain urgazlea, Jean Haritschelhar, Piarres Xarriton eta Emile Larre euskaltzain osoek aurkeztua; eta 26. domina-hutsartea horniduteko, Andoni Sagarna Izagirre euskaltzain urgazlea, Mikel Zalbide, Bernardo Atxaga eta Adolfo Arejita euskaltzain osoek aurkeztua.
Andoni Sagarna (Donostia, 1947), goi-mailako industri injinerua da (1971, Nafarroako Unibersidadean), elektrizidadea-elektronika espezialidadean. 1988an, ‘Algunos aspectos de la modernización de léxico en diversas lenguas’ tesia aurkeztu eban Bartzelonako Unibersidade Autonomoan, eta Letretan doktoretzea eskuratu.
2004tik, aisia eta kulturako produktuen sorkuntzan dihardu, Elkar enpresa-taldeko I+G+b arloko zuzendaria dalarik. Bestalde, Euskera Zientifikoa irakasgaiko irakasle da, Nafarroako Unibersidadearen Ingeniaritza Industrialeko Goi-mailako Eskola Teknikoan. 2004tik hona, Eusko Ikaskuntzaren Hiznet Hizkuntza Plangintzako ikastaroan irakaslea da.
Euskaltzain urgazle 1987tik da, eta Euskaltzaindiaren barruan Hiztegi Batuko lan taldean dihardu azken urteotan. LEF (Lexiko Erizpideen Finkapena) batzordearen kide eta EEBS (Egungo Euskerearen Bilketa Sistematikoa) batzordearen idazkari-arduradun izana, martxan egozanean.
1972an, Elhuyar Kultur Alkarteko sortzaileetakoa izan zan, eta 1985tik 1994 arte, Elhuyar Kultur Alkarteko burua. 1981tik 1992ra, UZEIko zuzendari teknikoa izan zan. Zuzeneko esku hartzea izan eban Fisika Hiztegian, Banka Hiztegian, kirol-arloko Kirolkidea hiztegian, Glotodidaktika Hiztegian. Ardura nagusia izan eban Teknologia mekanikoa hiztegian.
1992-1999 bitartean entziklopediagintzako Eusenor enpresan zuzendari teknikoa izan zan. Ondoko egitasmoetan zuzeneko partaidetzea izan eban: Hiztegi entziklopedikoan, Euskal Hiztegi Entziklopedikoa (8 tomo), Gazteen Entziklopedian, Entzikloklik CD-ROMean.
1999tik 2004ra bitartean, Plazagunea enpresan informatika-arloko proiektu arduradun izan zan. Besteak beste, Jalgi bilatzailean parte-hartze zuzena izan eban. 1989tik 1993ra, EAEko Euskerearen Aholku Batzordearen kide izan zan.
’Soziologiaren hastapenak’ (1970), ‘Teknologia elektrikoa’ (1982), ‘Hizkuntza minorizatuen soziologia’ (lankidetzan, 1986) eta ‘Euskara-irakaslearen eskuliburua’ (1989, lankidetzan) argitaratu ditu. Artikulu ugari be idatziak ditu.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!