Xabier Paya: 'bertsolaritzea unean-unean dagoanaren adierazpen moderno-tradizionala da'
2006-12-22 01:00 BarriketanBizkaiko Bertsolari Txapelketea irabazi barri dau algortarrak; finalista gazteena Etxahun Lekueri nagusitu jakon buruz burukoan azken urteotako finalik ederrenean. Hirugarren Iratxe Ibarra sailkatu zan Arkaitz Estiballesegaz ia-ia bardinduta; Onintza Enbeita bosgarren, Fredi Paia seigarren, Ibon Ajuria zazpigarren eta Igor Muniategi izan zan azkena.
1.- Finaleko gauza asko nabarmendu daitekez baina, akaso, deigarriena, agurrean amari dedikauta gaztelaniaz botatako bertsoak... Aspaldi pentsauta zeunkan dedikatoria, ezta? Arrazoiak ulertu arren, Iparraldeko bertsozaleak ez eze, bertoko batzuk be ez ebezan ondo hartu erderazko bertso horreek...
Intentzinoa argia zan. Orain sei zazpi urte edo pentsau neban amari eskerrak emotea baina berak ulertzeko moduan; beti bertsoak itzultzen deutsadaz eta bazan garaia bertso bat zuzenean botateko. Gaztelania tokau zan baina nire amak ingelesez egin izan baleu eta azken zati hori ingelesez bota izan baneu segurutik jenteak ez leuke hain txarto hartuko.
Edozelan be, beste aldarrikapen bat be baegoan, izan be, aurreko saio osoa bizkaieraz egin neban baina niri bizkaierea amak ez deust erakutsi eta gura izan neban akabuan adierazo, oso ondo baina ni hemendik nator, ni hau naz. Badakit, beti egongo dala txarto begiratuko dauena eta edozer egin da be hain ondo ikusiko ez dauena baina ni prest nago inor mindu bada, errespetuz baina ez bihotzez parkamena eskatzeko. Hori bai, uste dot zalerik euskaldun eta euskalzaleenak be ulertuko dauela momentu horren testuingurua.
Horrezaz ganera, txapelketatik kanpo erderaz kantau izan dot, Aulestiko saio baten, berbarako, bertako mediku erdaldunarena egitea tokau jatan eta gaztelaniaz bota nebazan bertsoak. Jenteak oso ondo hartu ebazan eta ez zan ezelako zaparradarik sortu.
2.- Igor Elortza eta Unai Iturriaga barik, bardintasuna izan da aurtengo txapelketako beste ezaugarrietako bat. Finaleko puntuazinoa begiratzea baino ez dago edo Iratxe Ibarrak irabazitako bertsorik onenaren saria edo Etxahun Lekuek kartzelakoan botatakoak...
Bai, final honek erakutsi dau Bizkaia ez dala bakarrik Igor eta Unai. Finalean egon ginanok maila ona emon genduan, bertso onak joan ziran eta aldarrikapenak egiteko bape asmo barik, Bizkaiko zaleek badakie ondo Bizkaian nortzuk gabizan eta zelan kantetan dogun; final hau ona izan da jenteari hori ezagutarazoteko.
3.- Txapela irabazteko faborito nagusia zinan kiniela askotan. Presino hori kaltegarria izan da ala ona, motibazinorako atxakia? Tabladura urtetako Bernardo Mandalunizen deia entzun zenduanean, ezer berezirik sentidu zenduan?
Hasikeran txarra izan zan. Esan gura dot, epe laburrera bateren batek faborito zarala esaten deutsunean, horrek indarra emoten deutsu baina, Gernikako finalaurrera joateko ez zan bape positiboa izan; pentsaizu, Bizkaiko Txapelketea irabazteko faborito izan arren, finalaurrekoan kanpoan gelditzeko aukerea egoala. Presino horregaz eta bizkaieraz lehenengoz kantetearen presinoagaz joan nintzan.
Finalera joateko, barriz, gozagarria izan da faboritoaren presino hori. Bernarrek nire izena esan ebanean, eta urtetea tokau jatanean, hor pilatu jatan presinoa eta orain urte bi sentidu neban bildur ikarea sentidu neban aurten be. Edozelan be, berehala emon neutson bueltea egoereari; Fredigaz kanteteak asko lagundu eustan. Bateren batek faboritotzat hartzen bazaitu, plazan zeozer erakutsi dozulako izango dala pentsau eta indarbarriturik ekin neutson kanteteari.
4.- Pare bat bertsolari kenduta bizkaieraz kantau dozue. Ze lanketa eskatzen dau horrek? Bizkaiko Txapelketea izanda, derrigor kantau beharko litzateke bizkaieraz?
Bizkaieraz kantetako beharrizana sentidu dot eta, ganera erronka personala zan niretzako. Jakina, botoi bat sakatuta ez dago hizkuntzea aldatzerik. Deklinabidea aldatzen da, silaba kopurua, aditzetan plural guztiak aldatzen dira, zetak atzera datoz eta, horrezaz ganera, egiturak eta berbak be sartu gura izan dodaz. Lanketa handia eskatzen dau, jakina, eta euskalki estandarraren lanketa horretan sano lagungarria izan da Bizkaie! Aldizkarian idaztea. Iratxe Ibarrak, berbarako, beti egin dau bizkaieraz baina bertsotan erabilten dauena eta berbaz erabilten dauena ez dira bat. Badaki berak berbaz erabilten dauen bizkaierea bertsotarako oso gatxa dala, estandarra behar dala. Erabagi batzuk hartu behar dira, artikuluaren aplikazinoak, errimatan sekulako aldaketea dakarrelako, silabatan be bai, egitura mentala goitik behera aldatzen da. Praktikan, inprobisazinoan inoiz ez da intentzinoa % 100, subkonzientea be badago eta batetik besterako salto horretan batueraren interferentziak egon daitekez. Edozelan be, uste dot salto hori osorik emoten dozunean, orduan botoia daukazula bizkaieraz edo batuaz kantetako. Mugak argi daukazuzanean, nabarmen ikusten dozu bizkaiereak emoten deutsuzala batuak sekula emongo ez deutsuzan egitura eta joko batzuk.
Finalean bizkaieraz kantau behar ete dan? Gipuzkoarrek degu eta —tikan sartzen dabenean, ez da inor harritzen; eurena da eta kasik batuatzat joten da. Naparrek bertze, erran eta holakoak sartzen dabez, Iparraldeko gazteek be lapurterea edo behenafarrerea erabilten dabe bertsotan eta, beraz, gu izango gara geurean egiten ez dogun kokolo bakarrak? Bizkaiko bertsolaritzearen gailurrean nahitaezkoa da bizkaierea egotea. Bizkaierearen aldeko ahalegina sortu zan Bizkaiko finaletan, eskolartekoan eta BBK Sariketan ez zalako bizkaierarik entzuten, zelan zan posible batuaz eta batua-gipuzkera kutsuagaz kantetea Bizkaiko bertsolariek? Entzuleen bihotzetara heldu gura badozu beharrezkoa da euren berbakerea erabiltea, zure batua zuzenagaz ezin dozu inoren bihotzaren atea jo.
Halan da be, bigarren galdereari erantzunez, bizkaieraz kantetako derrigortasunik ez neuke jarriko, derrigortasun hori norberaren kontzientzian dago. Hori bai, bertsotan bizkaierea osasuntsu dagoala uste dot.
5.- Hunkitzeko eta emozionetako momentuak be izan ziran finalean (bakarkakoan, gose greban dagoan semearen amaren papelean bota zenduzan bertsoetan, amari dedikautako agurrean zein Juanjo Respalditzari eskainitako bertsoetan...).
Bai. Sentsazinoen aldetik itzelezko lana izan zan. Lehen be esan deutsut, tabladura igon eta hasieran bildurra, gero Fredigaz garra, zortziko txikerrean, lasaitu baina dibertidu egin nintzan, Ajuriagaz gustora kantau ostean, Onintzagaz txispa sentidu neban, animau egiten ninduen; bakarkakoan, barriz, gai sakona, erantzukizuna igarri neban eta bigarrenean, kasik ahuleria sartu jatan eta ahotsean be igarri jatan, negar-ahots puntu bategaz kantau neban, eutsi neutson baina bihotza bigun bigun neukan. Jentearen txalo zaparradea... momentu hori buruko disko gogorrean gordeta daukat.
Juanjo Respaldizarena momentu erosoa zan. Hor inprobisau gitxi egin neban. Juanjo Bizkaiko bertsolaritzan figura bat da, bizkaierearen erabilera eredugarriena bera izango da eta neuk animau neban aurten be txapelketan parte hartzeko. Zuriñe Jarritu aurkezleak gazteenaren sarian bertsorik botako ete neban itaundu eustanean, baietz esan neutson Juanjori kantetea aspaldi pentsauta neukalako.
6.- Bertsolariaren estatikotasuna apurtzen saiatzen zara normalean, eskuakaz irudiak eginaz, gorputzaren mobimentuakaz eta enparauakaz. Bertsolaritzearen eredu barria dator?
Bertsolaritzeak estatikearen estetikea aldarrikatzen dauen arren, bertsolaritzea niretzako komunikazinoa da eta berbetan gagozanean eskuak mobidu eta keinuak egiten doguzan legez, bertsotan zergaitik ez. Komunikazinoaren parte dira. Ganera, keinu eta mobimentu horreekaz konturatu naz neuk be irabazten dodala nire esanean eta ideia gehiago etorten jatazala.
Eredu barririk ete datorren, ez dakit baina bai ikusi dot bertsolariak gero eta gehiago mobiduten dirala tabladuan. Ona da hori. Bertsolaritzea komunikazinoa dan aldetik komunikazinoa dagoan edozein esparrutan egoteko eskubidea dauka. Esan gura dot musikeagaz, antzerkiagaz, mobimentuagaz edo dana dalakoagaz buztartzeak beti on egingo deutsola.
7.- De Juanaren askatasuna eskatuz, kamisetea jantzita agertu zinien finaleko zortzi bertsolariak. Horrezaz ganera, bertso-saioetako gaiak eurak be (presoak, kartzelak, independentzia...) jarrera eta ideologia zehatz batekoak izaten dira. Bertsolaritzea sano politizauta dagoala uste dozu? Ghetto bihurtu al da bertsolaritzea?
Bertsolaritzea ez dago gizartetik kanpo, gizartearen ispilu da. Ekintza kulturala da baina kulturea ez dago gizartetik kanpo. Ni neu saiatu izan naz batzuetan politikea eta kulturea bereizten baina hori ez da erreala. Gizartean eraginik izan gura badau ezinbestean gizarteagaz loturea euki behar dau eta, jakina, Euskal Herriko gizartean politikea oso presente dago.
Bestetik, izugarria da galdera honetan dagoan ziklikotasuna. Orain urte batzuk bertsolariei leporatzen jaken gaietan ez zirala ‘bustiten’, ez ebela euren eretxia emoten eta, gaur egun, barriz, eretxia emotegaitik datoz kritikak. Kamisetearen harian, erabagia neurea izan zan, inok be ez eustan esan kamisetea jazteko. Danon erabagia izan zan finalaren aurkezpeneko prentsaurrean.
Gaiak dirala eta, bertsolariok ez doguz erabagiten, emondako gaietan oinarrituz bertsoak sortzen doguz eta hor norberaren ideia eta jarrerak doaz, bertsoa kantetan dauenarena da. De Juanaren kamiseten harian, 8 finalistok bat etorri ginan eta holako jarrerek bertsolaritzeari kalte egiten deutsiela esaten dabenei esango neuskie errealidadeari uko egitea kaltegarriagoa dala; bertsolaritzea zeozer bada, unean unean dagoanaren adierazpen moderno-tradizionala da. Bertsolariak gustetan jakona, gura dauena kantauko dau eta batzuetan jenteak ez dau ondo hartuko, hori argi dago, gizartea holakoa da, danok ez gagoz adoz ezertan, zelan egongo gara bertsolaritzan?
Ghetto konturik eta nik ez neuke esango. Bertsolariak ezagutzen dodaz alde batekoak eta bestekoak eta Euskaldunara joan ziranei be ez jaken preguntau zeini emoten deutsen botoa edo ze eretxi politiko daben. Hori bai, danon ezaugarria da euskalzaletasuna.
8.- Epaileen lanaren harian, saltsea sortu zan orain denporatxua eta bertsolari batzuk uko egin deutsie kanteteari be. Bertsolariaren izena, esperientzia edo gaztetasuna erabagiorrak dirala pentsetan dozu bertsolarien lana puntuetako orduan? Epaileek sarritan bidezkoak ez diran erabagiak hartzen dabezala uste dozu?
Ez da gauza bera nik bertso bat kantetea ala Maialen Lujanbiok. Argi dago, testuinguru bat dagoala eta bertsolaria testuinguru horretan parte bat da. Bertsolariak eraginik ez daukala esatea guzurra izango litzateke. Eragin positiboa edo negatiboa ete dan epaile bakotxaren arabera, nik behintzat faboritismorik ez dagoala esango neuke eta sinisten dot horretan. Aurten oso pozik egon naz, epaileen aldetik ahaleginak ikusi dodaz. Txapelketearen hasieran bilera bat proposatu zan bertsolariak eta epaileak batu eta erispideak aztertzeko eta oso oker ez banago bertsolari bat bera be ez zan joan batzarrera. Bertso epaileakan konfiantzea euki behar da ze susmo txarrakaz eta dudakaz hasten bazara ez zoaz txapelketara. Ganera, kontuan euki batek barik sei epailek baloretan dabezala bertsoak.
Epaileen saltsan, barriz, desadostasun eta salaketa batzuk tarteko bertsolari batzuk txapelketeari uko egin arren, nik aitatu nebazan Trino Azkoitia eta Joseba Santxo ez dira egon epaile taldean eurek holan erabagita eta niretzako euren ganean esandako gauza batzuen aurrean, Bertsozale Elkarteak ez eban ezelako babes jarrerarik azaldu eta niretzako, ostera, epaile onenak dira, asko lagundu deustie baita txapelketa honetan be eta sarritan eskertu gura izan deutsiet euren ahalegin hori. Epaimahaian egonda sano gatxa zan hori baina aurten aukera ederra euki dot horretarako. Trino eta Joseba nire eskualdeko bi epaile dira, antolatzaile eta bertsotan be egiten dabenak, asko egin dabenak gure eskualdean eta guk asko estimetan doguz.
Orain bi urte izandako saltsearen harian, aurtengo txapelketeak erakutsi dau orduko kritika eta salaketak fundamentu gitxikoak izan zirala ze esaten zan bertsolari batzuk ez leukiela egon behar finalean eta finalean egon dira. Epaileen lana sano gatxa da beti, niri gustetan jat epaile lana, asko gustetan jat bertsoa aztertzea; jentea bertsozaletzeko asko joten dot hortik, lehenengo begitik eta belarritik sartu behar jako bertsoa, gero ahotik urtetako eta, jakina, ondo aztertu ezkero, hobeto kantetan da.
9.- Finalaren eta txapelaren zorabioagaz, lasaitu zara? Hemendik aurrera, orain arte baino gehiago herririk herri bertsotan ibiliko zara. Zure itzultzaile-interpretari lanari, Bizkaie!-ko blogari zein saio eta konpromiso horreei danei aurre egiteko moduan izango zara?
Ez dot euki lasaitzeko astirik. Oraindino ez dot lar sinisten txapelarena, oraindino ez naz jarri txapelagaz ispiluaren aurrean, besterik ez bada sinisteko neu nazala txapelduna. Datu legez esango deutsut: alkarrizketa hau egiten gagozan bitartean, sei dei galdu eta hiru mezu daukadaz.
Bestetik, blogean eskerrak emoteko mezuan be esaten dot inguruko danen babes eta laguntzino barik ez nintzatekela izango nazana. Nik sekula ez dor jarri balantzan txapela ala nazana, ni naz egiten dodazan gauza horreek guztiak eta ez badodaz egiten, zer egingo dot txapelagaz paseau Bilbotik? Pozik nago egiten dodazan gauza horreekaz danakaz eta sekula ez dot planteau txapela irabaztea gauza batzuk ixteko arrazoia izan daitekenik. Asmoa daukat nazana izaten jarraitzeko eta nazana da egiten dodazan gauza horreek egiten jarraitzea. Edozelan be, bizitzan beti gagoz aukeratzen, hau ala bestea...
10.- Hurrengo Euskal Herriko Bertsolari Txapelketan bizkaitarren frontea aspaldiko gogorrena izango da. Zelan ikusten dozu zeure burua?
Fronte gogorrena aurrekoa izan zan; sekula ez dira pasau sei bizkaitar finalaurrekoetara. Finalean, barriz, Igor eta Unai egon ziran. Han be erakutsi genduan Bizkaiko bertsolaritzea osasuntsu dagoala. Orduko txapelketeak esijidu euskun oraingoan txapelketa ona egitea. Euskal Herrikoa baino lehen, Bizkaikoa etorriko da barriro eta ziur nago Bizkaiko bertsolaritzearen maileak gora egingo dauela. Gogotsu gabiz danok, neskak be badatoz, etorkizunak neska kolorea dauka eta onena da lagun giro ederra bizi dogula.
Edozelan be, orain buruan daukadan gauza bakarra da datorren urtean Bizkaian jai daukagula, ez dagoalako txapelketarik, ez Bizkaikorik, ezta Euskal Herrikorik be. Orain gozetako eta disfrutetako momentua dala uste dot. Hiru urtetan Bizkaiko txapelketa bi eta Euskal Herriko bat jokatu dodaz jarraian eta gogorra da, nekosoa. Gernikako finalaurrea baino bi aste lehenago igarri neban presinoak eta nerbioek eragiten eustiela arlo danatan, umore eta aldartea be aldatu jatan eta, beraz, orain arnasa hartzeko momentua dala pentsetan dot.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!