Xabi txapeldun!

Bizkaie! 2006-12-18 01:00   Bertsolaritzea

Euskalduna Jauregiko jarlekuak hutsik geratu ziran eta ikus-entzuleen eskuak bero-bero eginda egozan, txalo eta txalo. Bitartean, eszenalekuan hara eta hona ebilen Xabi Paia, saltari eta pozarren. Hogetalau urtegaz jantzi dau algortarrak Bizkaiko Bertsolari Txapelketako txapela. Buruz burukoa Etxahun Lekue larrabetzuarragaz egin eban.

Euskalduna Jauregiko jarlekuak hutsik geratu ziran eta ikus-entzuleen eskuak bero-bero eginda egozan, txalo eta txalo. Bitartean, eszenalekuan hara eta hona ebilen Xabi Paia, saltari eta pozarren. Hogetalau urtegaz jantzi dau algortarrak Bizkaiko Bertsolari Txapelketako txapela. Buruz burukoa Etxahun Lekue larrabetzuarragaz egin eban. Ondoren, Iratxe ibarra, Arkaitz Estiballes, Onintza Enbeita, Fredi Paia, Ibon Ajuria eta Igor Muniategi.

Hamar minutuko atzerapenagaz hasi zan saioa, baina bertsozaleek trankil itxaron eben, merezidu eban eta. Hasierako agurren ostean, Ibon Ajuria eta Onintza Enbeita izan ziran lehenengoak zortziko nagusian. Ostean, Paiatarrak, Muniategik eta Ibarrak osotutako bikoteak eta Lekuek eta Estiballesek jardun eben bertsotan. Zortziko txikiko, hamarreko txikiko eta bakarkako lanak etorri ziran gero. Buruz burukora txartela lortzeko gogotsu egin eben lan zortzi bertsolariek, baina leku bi baino ez egozan; larrabetzuarrarentzako eta algortarrarentzako izan ziran.

Buruz burukoa oso urduri hasi eban Lekuek eta Paiak ondo baino hobeto aprobetxau eban hori. Gaia honakoa zan: ‘Xabier, Adan izango zara eta Etxahun, Eba. Historia aldatzeko aukerea emon eta paradisura itzuli zarie’. Lekuerentzat ez egoan paradisurik Xabi ondoan baegoan, Xabik trankiltzeko eskatu arren. Birritan trabau zan Etxahun, urduritasuna erakutsi eban, baina laster hartu eutson neurria egoereari eta bertso biribilak botetan hasi zan. Ondoren, bakarkako lana egiteko ordua heldu zan. ‘Zure logelako mesa-notxean betirik izan dozun argazkia gaur aldatu dozu’ zan gaia. Xabierrek bederatzi puntuko bertsoak bota ebazan. Lekuek, sei puntukoak. Epaileen belarriak adi-adi egozan eta txapela Algortara bialdu eben, txapelketako bertsolaririk gazteenak jantzi eban. Agurrean, maisuak, lagunak eta ama hartu ebazan gogoan. Azken horri gaztelaniaz eskaini eutsozan puntu batzuk.

Zorionak Xabi, Bizkaie! egiten dogunon partez. Besarkada bat, txapeldun!



Finaleko sailkapena

Xabier Paia: 842,5 puntu
Etxahun Lekue: 839,5 puntu
Iratxe Ibarra: 498 puntu
Arkaitz Estiballes: 487,5 puntu
Onintza Enbeita: 487 puntu
Fredi Paia: 486,5 puntu
Ibon Ajuria: 476 puntu
Igor Muniategi: 466 puntu

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu