'Aniztasunean', euskerea eta immigrazinoa hezkuntza sisteman buztartzeko jardunaldiak
2006-12-12 01:00 Euskerea berbagaiEuskerearen Gizarte Erakundeen Kontseiluak ‘Aniztasunean’ izenburuko jardunaldiak aurkeztu ditu Bilbon. Euskerea eta immigrazinoa hezkuntza sisteman buztartzeko ‘beste urrats bat’ emoteko jardunaldiak dirala adierazo dabe aurkezpenean Kontseiluko arduradunek.
Euskerearen Gizarte Erakundeen Kontseiluak ‘Aniztasunean’ izenburuko jardunaldiak aurkeztu ditu Bilbon. Euskerea eta immigrazinoa hezkuntza sisteman buztartzeko ‘beste urrats bat’ emoteko jardunaldiak dirala adierazo dabe aurkezpenean Kontseiluko arduradunek.
Gaia jorratzeko ikuspegi zabalena erabili gura izan dabe eta, ‘izenburuan adierazoten dan legez, Euskal Herriaren aniztasunetik abiatu gara’, azpimarratu dau Kontseiluko idazkari nagusi Xabier Mendigurenek.
Jardunaldiak Etorkinen Nazinoarteko Egunean hasiko dira, abenduaren 18an, eta abenduaren 19an jarraituko dabe. Egun horreetan bietan berbaldiak, mahai-inguruak eta tailerrak izango dira Bilboko Sarriko Unibersidadeko areto nagusian. Sarrerea dobakoa da eta euskerea, immigrazinoa eta hezkuntza komunidadeko sektoreetako edonor joan daiteke.
Kontseiluak Eusko Jaurlaritzearen Hezkuntza Sailagaz dauen hitzarmen baten bidez gaia lantzeko azterketa sakona egin eban 2005ean eta bederatzi egitasmo egin zituen. ‘Jardunaldi honeetan, azterketa horren edukia ezagutarazo gura dogu’, azaldu dau Mendigurenek.
Egitasmo horreek ezagutarazoteaz gan, ekimen honen bidez Kontseiluak hausnarketarako gune bat eskaini gura dau. Euskerea, immigrazinoa eta hezkuntza sektoreen arteko dinamikak sortzea dira egitasmoaren helburuak.
Horretarako, abenduaren 18an, arratsaldean, hainbat tailer antolatu dira, eztabaida eta hausnarketak egiteko helburuagaz eta immigrazino eremuko eragileekaz. Hiru tailer antolatu dira: ‘Euskerea eta hizkuntza-integrazinoa’; ‘Etorkinak euskerazko irakaskuntzara erakarteko bideak’ eta ‘Eragile desbardinen arteko alkarlanerako oinarriak’.
Hainbat adituk parte hartuko dabe ‘Aniztasunean’ jardunaldietan. Abenduaren 18an, Mario Zapata Soziologoak oinarrizko diagnostikoa azalduko dau abiapuntu legez; ondoren, Mondragon Unibersidadeko Matilde Sainz Osinagak eta Pilar Sagasta Erraztik ‘Nola egin curriculuma euskeraz, euskera gitxi jakinda be?’ berbaldia emongo dabe.
Azkenik, goizeko jarduna amaitzeko, ‘Etorkinen hizkuntzak immigrazinoan’ mahai-ingurua osotuko da; sarrerako ponentzia Durangoko Berritzeguneko Joseba Ibarrak aurkeztuko dau. EHUko Felix Etxeberria izango da mahai-inguruaren moderatzailea.
Bigarren egunari hasierea emoteko Urtxintxa eskolako Jaime Altunak ‘Integrazio kulturala aisialdian’ gaiaren ganean egingo dau berba; ondoren, Girona Unibersidadeko Ignasi Vilak ‘Integrazino soziokulturala eta harrera herrialdearen hizkuntza eskuratze prozesua’ berbaldia emongo dau.
Amaitzeko, mahai-ingurua antolatu dabe eta bertan, ‘Etorkin helduen euskerearen irakaskuntzatik hizkuntza-integrazinora’ gaiaren ganean berba egiteko hainbat eragilek parte hartuko dabe. Horren sarrerako ponentzia Dolors Sola I Noguera Centre de Normalitzacio Llingüistica d'Osonako zuzendariak egingo dau. UNESCO Etxeko Belen Uranga izango da mahai-inguruaren moderatzailea.
Esandako moduan, sarrerea librea da eta izena emoteko epea abenduaren 15ean amaituko da. Izena emon gura dauenak bide bi izango ditu: 943 591 200 telefonora deituta edo (komunikazioa@kontseilua.org) posta elektronikora mezua bialduta.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!