Juan Crisostomo de Arriagaren II. mendeurrenaren azken ospakizunak

Bizkaie! 2006-12-11 01:00

Bai erakusketea baita hitzaldi-zikloa be konpositore bilbotarraren jaiotzearen 200. urteurrenean kokatzen dira, eta horregatik Udaleko Kultura eta Euskera Sailak oroitzapen ekitaldiak antolatu ditu aurten.

Juan Crisóstomo de Arriagaren jaiotzearen berrehungarren mendeurreneko oroitzapena azkenera heltzen da abenduaren azken egun honeetarako programautako ekitaldiakaz.

Juan Crisóstomo de Arriagaren bizitzearen eta obrearen inguruko erakusketea gaurtik eta urtarrilaren 14ra arte egongo da zabalik bilboko Zabalguneko merkatu zaharraren eraikinean. Erakusketa gunea bi espaziotan banatzen da: lehenengoa erakusketea bera da, eta bigarren espazioa bisita-gidatuak hartzeko diseinatua dago, bai ikasle taldeentzat baita familientzat be. Elementurik baliotsuena duda barik konpositoreagaz zuzenean lotutako bi elementu dira: bibolina, erakusketearen erdigunean dagoana, eta marfilezko medailoia, ezagutzen dogun erretrato original bakarra. Bi objektu horreekaz batera beste erretratu, eskultura, argazki eta Arriaga familiaren oroigarriak dagos ikusgai.

Erakusketea, musikariaren partitura originalak erreproduziduten dabezan faksimilakaz borobiltzen da, liburu eta beste elementu batzuekaz batera. Era berean, bisitarien esku dago gune interaktiboa ukipen-pantaila bategaz eta bertan Arriagaren obrarik ezagunenen zatiak entzun daitekez; gainera, jolas informatiko bat dago ibilaldiaren amaieran, erakusketari buruzko 50 galderakaz.

Juan Crisóstomo de Arriaga nor izan zan eta zelan bizi izan zan hobeto ezagutzeko bisita gidatuak familientzako zein ikasle taldeentzako antolatuko dira. Horretarako, antxinako soinekoakaz jantzitako aktore batek ondo etorria emongo deutse eta Juan Crisóstomo de Arriagaren inguruko informazinoa eta bizi izan eban sasoiaren ganekoa eskainiko deutse. Material didaktikoa be jasoko dabe bisitariek, musikariaren bizitzeari buruzko komikiagaz batera; Daniel Redondoren lana da, nazinoartean ezaguna, batez be, frantziar editorialakaz lan egin dauelako. Dana dala, proiektu desbardinetan be ibili da Euskal Herriko zenbait jazoera historiko komiki formatura moldatzeko.

Beste alde batetik, erakusketara urtarrilaren 4an hurreratzen diran guztiek arratsaldeko 19:30etan eta doban, Botxo Boogies swing-boogie bandearen kontzertu bereziaz gozauko dabe, izan be, jazz, vals, bolero, samba edo funk estilotara moldatutako Arriagaren piezak joko dabez. Botxo Boogies Bilbon sortu zan 2001ean eta Edu Basterrak, baxua eta ahotsa, Carlos Velascok, gitarra eta koruak, Joe González, saxo, klarinete eta koruak, eta Iñaki Jaiok, bateria-jolea, osotzen dabe.

Hitzaldi-zikloari buruz esan, Bidebarrietako Liburutegian egingo dala gaurtik eguenera arte (abenduaren 11tik 14ra), arratsaldeko 19:00etatik aurrera eta doban, ‘Arriaga y el Bilbao del 800’ izenburupean. Aukeratutako formatuan, aurkezpena, ordu erdi inguruko berbaldi bi eta azkenik bertaratutako publikoari zuzenduriko mahai-inguru edegia izango dira.

Hizlarien artean europako musikologo adituak izango dira, besteak beste, Willem de Waal, Jon Bagües, Eresbileko zuzendaria (Musikaren Euskal Artxiboa), Isabel Díaz Morlán, Marie Winkelmüller, Fernando Delgado, Judith Ortega, Paul Dombrech, Carlos Villasol, Antón Zubikarai, Juanjo Mena, Bilboko Orkestra Sinfonikoaren zuzendaria eta Bilboko historialari eta musikologoa dan Carmen Rodríguez Suso edo Feli Sanz, Udal Liburutegien Sareko zuzendaria. Berbaldietan gai desbardinak jorratuko dira beti be musikearen ikupuntutik, nahiz eta XIX. mende hasierako Bilboren erreferentziak be aitatu (Arriaga jaio eta bizi izan zan sasoia Parisera joan aurretik).

Esandako moduan, bai erakusketea baita hitzaldi-zikloa be konpositore bilbotarraren jaiotzearen 200. urteurrenean kokatzen dira, eta horregatik Udaleko Kultura eta Euskera Sailak oroitzapen ekitaldiak antolatu ditu aurten.

Ospakizunak urtarrilean hasi ziran Arriaga Antzokian eta Juan Crisóstomoren etxean egin ziran omenaldiakaz, euskal uriburuetan eta Madrilen egindako kontzertuakaz batera. Bagilean, Europaren Musika Eguna Arriagaren obreari zuzenduta egon zan eta, horrezaz gan, partitura originalen digitalizazinoa, partitxelen argitarapena, artistearen biografiaren berredizinoa, edota haren obra osoaren edizino kritikoa nabarmendu behar dira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu