Koldo Tellitu: 'guretzat kontzeptu klabea da Euskal Herria'
2006-12-11 01:00 BarriketanTellitu aho batez izentau barri dabe ikastola danak batzen dituan Ikastolen Konfederazinoko lehendakari
Tellitu aho batez izentau barri dabe ikastola danak batzen dituan Ikastolen Konfederazinoko lehendakari Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako ikastolen federazinoetako ordezkariek eta Seaskakoek. Pedro Aranburu ordezkatuko dau karguan eta orain arte Partaideko buru izan dan Koldo Tellituk itxitako lekua, barriz, Xabier Arrietak beteko dau.
1.- Ikastolen Alkartea, federazinoak, lurraldekako alkarteak, Konfederazinoa... Nahaste handia, akaso, kanpotik begiratzen dauenarentzat...
Kanpotik ez eze, barruan be sarritan sentsazino hori izan dogu, gurasoek be ikusten dabe gure eraketea ez dala bape erraza eta, beraz, nire lehenengo egitekoen artean gure eredua aldatzea izango da, sinplifikazinora jotea ze ikastolen mobimenturako antolaketa eredu barri bat nahi dogu, eraldaketa kolektiboa, hain zuzen. Kontzeptuak argitu eta ikastolen mobimentuaren azken argazkia definidu gura dogu.
2.- Ikastolan hezitako lehenengo lehendakaria zara. Zure jarduna baldintzatuko ete dau horrek?
Duda barik mesedegarria izan da. Nire gurasoek 60. hamarkadearen amaieran aukera hori hartu eben Gasteizen egoerea gaur baino okerragoa zanean. Gero, nire ikasle bizitzan eta guraso moduan be bizi izan dodaz etapa horreek guztiak eta urteetan irabazitako esperientzia hori guztia sano erabilgarria da orain. Zorionez, ondo dakit nondik gatozen eta uste dot badakidala nora goazen.
3.- Zeintzuk izango dira zure egitekoak lan barrian? Zeintzuk dira ikastolen hezkuntza ereduaren bihar-etziko erronkak?
Lehenengo helburua barrura begira izango da eta lehen zehaztu deutsut, hau da, eraldaketa kolektiboa, antolaketa eredu barria finkatu eta aplikatu. Kanpora begira, ikastolen euskal kurrikuluma zehaztea izango da egiteko nagusia, orain arte egin dogun moduan, Euskal Herri osorako izango dan kurrikuluma beste eragile guztiakaz finkatzea, hain zuzen be.
Beste alde batetik, Ikastola 2015 izeneko egitasmoa abian dago. Asmoa XXI. mendearen lehen bi hamarkadetarako ikastola eredua definidutea da. Oinarri nagusiak 85eko eztabaidetatik datoz baina orain ikastola eredua sendotu eta bihar-etziko erronketara egokitu gura dogu. Duda barik, euskal kurrikuluma osotzeko prozesuan bertan izandako gorabeherak eta publikotasunaren kontzeptuan izan dogun eztabaidea sano lagungarriak izango dira.
Esparru administratibo desbardinak kontuan hartuta, hezkuntza sistema osorako lege barri bat aldarrikatzen jarraituko dogu eta mahai gainean jarriko doguna da hezkuntzea zerbitzu publiko moduan zer dan guretzat. Horrezaz gan, hizkuntza ereduen inguruan dagoan eztabaidan ekarpenen bat egin gurako geunke.
Nafarroan legalizazino prozesuagaz jarraituko dogu ikastola guztiak legezkoak izatea lortu arte eta Iparralden, euskerearen legalizazino prozesua izango da burukomin handiena.
4.- Oraintsuko Euskal Herria kontzeptua bera galarazoteko ahaleginen harian, zein da zure eretxia?
Gu ikastolen mobimentua gara eta, esangura horretan, Euskal Herria kontzeptu politiko legez baino gehiago kontzeptu etnologiko edo kultural moduan jorratzen dogu. Zientziaren munduan, Euskal Herriaren kontzeptua argi dagoala uste dot eta kurrikulumean be guk Euskal Herri osorako izatea aldarrikatzen dogu. Publikatik beste joera bat dago EAErako bakarrik gura dabelako baina guretzat kontzeptu klabea da Euskal Herria.
5.- Barri positiboen artean, Nafarroako erdal guneko ikastolak legeztatzeko pausuak emon dira...
Bai. Aurrera pausu batzuk izan dira baina gehiago behar dira oraindino badagozalako ikastola batzuk legalizau barik. Egoera politikoagaz eta gainean doguzan hauteskundeakaz lotuta dago gaia eta Nafarroan agintea nork hartzen dauen erabagiorra izango da aitatutako legalizazinoa eta bestelako gai batzuk aurrera eroateko. Dana dala, azken urtebetean onerako aldaketea igarri dogu eta arrazionalizazino bidean sartzeko aukerea ikusten dot. Beste kontu bat izango da emon beharreko pausuak azkarrago edo motelago emotea.
6.- Esu President’s Award 2006, Ingelesa erakusteko material didaktikoei emoten jaken saririk ezagunenetarikoa jaso dau Gipuzkoako Ikastolen Elkarteak oraintsu. Edozelan be, zeintzuk dira 91n abiarazotako Eleanitz-English proiektuaren zehaztasunak?
Sari hau Gipuzkoako Ikastolen Elkartearentzat ez eze, ikastolen mobimentu osoarentzat izan dala esango neuke. Danok gagoz oso pozik eta azpimarratu gurako neuke urtero materialgintzan egiten doguzan bestelako lan batzuk be sarituak izan dirala gurean eta gure mugetatik kanpo.
Dana dala, aurten lehenengoz emon jako saria Britainia Handitik kanpo egindako material didaktiko bati eta oso pozgarria da, jakina. Gure hezkuntzearen ardatz nagusia euskerea izan arren, ikasleak elanitzak izatea gura dogu eta, esan dozun legez, 91n modu esperimentalean, 4 urteko umeakaz zortzi ikastolatan abiarazotako Eleanitz-English proiektuan, gaur egun 73 ikastolek hartzen dabe parte, danetara 25.000 ikaslegaz. Horreetatik 2.000 azken fasean dagoz eta Gizarte arloko irakasgaiak ingelesez emoten dabez.
7. Konfederazinoaren ideia aspaldikoa izan da baina Seaska (Lapurdi, Behenafarroa eta Zuberoako ikastolen federazino) juridikoki autortzea izan da Konfederazinoa sortzeko arrazoi nagusia ala bestelakoak be badagoz?
Konfederazinoa ezartzeko arrazoi nagusia da ikastolen mobimenturako gure esparrua Euskal Herria dala eta, beraz, danok hor egotea ezinbestekotzat joten dogu. Egia da orain lau urte egitura juridikoa aldatu genduala, ‘interes ekonomikoko europar soziedade’ legez, hain zuzen, eta sasoi haretan bakarra izan zan Europan posible egiten ebana mugearen alde batekoak eta bestekoak egotea. Orain, barriz, eraldaketa kolektiboaren barruan, Europan be zenbait figura jorratu dira, besteak beste, europar kooperatibearena eta hori oso garrantzitsua da ondo dakizunez, ikastola ia danak kooperatiba garalako eta gure helburuak ezin hobeto sartzen diralako hor.
8.- 1993ko Publifikazino Legearen alde onak eta txarrak balantzan jarri eta zein da zure eretxia?
Balantzan desoreka handia dago nire eretxiz ze alde onik ez deutsat ikusten. Guretzat jipoi handia izan zan eta sarritan gaiaz berbetan hasten garanean, Buesa jn.ak botatakoa gogoratzen dogu: ‘hemendik aurrera ez da ikastoletaz berba egingo’.
Desagertzeko puntuan egon ziran ikastola batzuentzat publifikazinoaren bidea izan zan salbetako modu bakarra baina kasu askotan botazinoetan oso txikiak izan ziran aldeak eta zazpi edo zortzi kasutan epaiketak egon ziran tartean. Zorionez, apurka-apurka sasoi haretako publiko-pribadu eztabaidea gainditzen goazela uste dot. Hezkuntzan sistema publiko bat zer dan geuk definidu behar dogu eta, esangura horretan, daborduko ekarpen batzuk egin doguz; publiko izateak ez dau esan gura administrazinoaren menpean egotea bakarrik, izan be, badagoz beste formula batzuk eta gu hortik goaz.
9.- Euskal curriculuma eregiteko prozesuan, zelan dagoz gauzak gaur egun?
Guk espero eta gurako geunkena baino astiroago doaz gauzak. Jatorrizko euskal kurrikuluma nahikoa zabal eztabaidatuta dago ikastoletan, ekarpenak be egin eta landuta dagoz eta, beraz, guri dagokigunean, kontua oso aurreratuta dago eta Ikastolak, Sortzen Ikasbatuaz, Udalbiltza eta Kristinau Eskolak bat eginda beharrean gabiz, oinarrietan bat gatoz. Horren aurrean, azken hilebeteotan ikusten gagoz publikoetako zenbait erakunde mahai gainean guri zeozelan aurre egiteko proposamen eta ereduak jarten ari dirala, beste kurrikulum bat, hain zuzen be, EAE bakarrik kontuan hartuta. Gurea, barriz, Euskal Herri osorako kurrikulumaren aldeko eredua da. Ezer baino lehen, gauzak finkatzea komeni da eta administrazinoak be eztabaidan esku-hartu eta bere jarrera definidutea.
DBH amaitukeran ikasleek ze ezagutza maila izan behar daben zehaztea erabagiorra da eta guretzat erreferentea Euskal Herria da.
10.- Hizkuntza ereduak agortuta ete dagoz? Zer egin daiteke etorkinak eta, oro har erdaldunak erakarteko?
Buelta asko emon deutsaguz gaiari. Sasoi batean hizkuntza ereduak positiboak izan zirala esango neuke baina denporeagaz ereduak helburu bihurtu dira eta ez tresna. Hor dago arazoa. Guk ereduetan ez dogu sekula sinistu, gure bideari ekin deutsagu umeak euskalduntzeko baina eztabaida horretan be parte hartu gura dogu. Esangura horretan, guk argi daukagu zehatz eta zorrotz definidu behar dabela administrazinoak eta gizarteak zeintzuk diran DBH amaitukeran ikasleek izan behar dabezan gaitasunak. Hori finkatu ostean, ikastetxe bakotxak bere testuinguru soziolingusistikoa eta hezkuntza proiektua moldatu edo egokitu beharko dau aitatutako helburuetara. Tarte horretan, Administrazinoak etenik bako ebaluazinoa egin beharko leuke.
Beste alde batetik, etorkinak erakarri gura badoguz, barriz, gauzak goitik behar aldatu behar dira. Gipuzkoan, berbarako, politika ona darabile etorkinak banatzeko orduan baina ganerako lurraldeetan erdal ereduetara bideratzen dira zuzenean eta hori ez da bidea.
11.- Euskal Herriko Eskola Nazionala utopia al da?
Ez. Gure helburua Euskal Herriko Eskola Nazionala da eta Napoleonen sasoitik datorren publikotasun kontzeptua gainditu behar da nahitanahiez. Kurrikulumaren kontua, esperientzia ezin hobea da, eragile sozialek zeresan handia daukagulako eta, beraz, Ikastolak, Sortzen Ikasbatuaz, Udalbiltza eta Kristinau Eskolak bat egitea lortu badogu, hemetik aurrerakoa be lortu daitekeela pentsetan dot.
Giro politikoak be emoten dau lagundu leikela aitatutako helburua lortzeko. Berbarako, alderdi sozialisteagaz batzen garanean, Estadu mailan hezkuntza kooperatiben inguruan daben kontzeptua bete-betean bat dator ikastolen ereduagaz eta hori gauza handia da. Arazoa da, euskerearen kontzeptua eta eredu nazionalaren kontzeptua dagozala tartean.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!