Durango, euskal literaturea eta hausnarketa batzuk Getxon
Julen Gabiria
2006-12-05 01:00
Zemendiaren 30ean, Getxoko Kultur Etxean, mahai-inguru interesgarria eskaini eben euskal literaturako hiru ordezkarik, euskal literaturearen egoerea gai hartuta. Laura Mintegi, Iñaki Friera eta Unai Elorriaga egon ziran berbetan, eta ekitaldiaren ordu bi inguruak arin pasau ziran.
Zemendiaren 30ean, Getxoko Kultur Etxean, mahai-inguru interesgarria eskaini eben euskal literaturako hiru ordezkarik, euskal literaturearen egoerea gai hartuta. Gai zabala, bai, baina alde desbardinetatik heldu jakon, eta, modu horretan, industria, idazleen egoerea, literaturearen kalidadea eta beste zenbait puntu ikutu ziran. Laura Mintegi, Iñaki Friera eta Unai Elorriaga egon ziran berbetan, eta ekitaldiaren ordu bi inguruak arin pasau ziran.
Durango gertu egoala-ta, gai horrek zabaldu eban berbaldia, eta Laura Mintegi izan zan lehenengo eretxia emon ebana:
‘Durango euskal literaturearen egoerearen termometroa da’, adierazo eban Mintegik, ‘baina gero eta gehiago da argitaletxeen negozioa, idazleen erakusleihoa baino’. Lizarran jaiotako idazleak kalkulu arin bat egin eban, ondorioztatzeko liburu-denden bitartez saldu ezkero argitaletxeek liburuaren prezioaren % 50 jasoten dabela eta Durangon saldu ezkero, barriz, % 75. ‘Horregaz esan gura dodana da argitaletxeek idazleei egiten deutsien presinoa (Durangon argitaratzeko) handiagoa dala euren interes ekonomikoengaitik, idazleen interesengaitik baino. Ze idazleak ustekabean pasetan dira han; idazleek ez dabe etekin handirik ateraten Durangotik’.
Iñaki Frieraren esanetan,
‘lortu dogun azokea lortu ostean, badirudi handitasun horrek bildurra edo bertigoa emoten dauela. Atxagak, behin, hiru taldetan sailkatu zituan euskaldunak: patetikoak, sinpatikoak eta antipatikoak. Adibide hori literaturara ekarrita, patetikoak dira egunero euskal literaturara hurreratzen diranak; sinpatikoak dira euskal literatura begi onez ikusten dabenak eta noizean behin hurreratzen diranak; eta antipatikoak, barriz, begi txarrez ikusi eta sekula be ez diranak hurreratzen. Nire ustez, Durangon sinpatiko guztiak alkartzen gara, tartean patetikoak sartuta’, adierazo eban Barakaldokoak, ironiaz. Adibide hori hartuta, Frieraren ondorioetako bat izan zan euskal literaturan askotxo produziduten dala hain gitxi leiduteko.
Hari horri tiraka, Unai Elorriagak esan eban inpresinoa hori dala, irakurle gitxi dagozala, baina, halanda be,
‘editoreak kexu dira eta esaten dabe gitxiegi daukiela publiketako eta jenteak gehiago eskatzen dauela. Gaztelaniazko literaturan, 4.000 ale salduta oso pozik paretan dira; euskerazko literaturan, askok lortzen dabe 4.000 ale saltzea. Eta irakurle kopurua ikusita, gure 4.000 ale, Espainian, 50.000 ale edo gehiago dira. Ezin gara asko kexatu. Batzutan kexatzen gara jatekoa ez jakulako gustetan, beste batzuk gosez hilten dagozanean’.
Durangoren gaia albo baten itxita, Mintegik beste puntu bat ipini eban mahai gainean:
‘sasoi batean, marrak ideologikoak, generazionalak eta halakoak erabilten ziran idazleak bereizteko; gaur egun, egiazko marra profesionalizazinoa da. Faktore horrek eroaten ditu idazleak marraren albo batera edo bestera. Lehen ez egoan idaztetik bizi zan idazlerik, eta gaur dozenatik gora zarie. Horren ondorioa ez da bakarrik maila personalekoa; gainera, produkzinoan be ondorioak daukaz horrek. Ezin dituzu bakarrik nobelak idatzi, idaztetik bizi gura badozu. Produkzinoa dibersifikau egin behar dozu’. Hausnarketea Elorriagari zuzendutakoa zan, bistan danez, eta harek hartu eban mikrofonoa: ‘nik argi daukadana da ez dodala idatziko kosta ala kosta. Nik idatziko dot neuk gura dodana. Sekula ez dot idatziko enkarguz, ez badot gura. Ezin banaz hortik bizi edo idazten dodana jenteari ez bajako gustetan, itzulpengintzara bueltauko naz, ez daukat ezelango problemarik horretarako. Ez naz tatarrez ibiliko’.
Literaturearen alde komertziala landu ostean, literaturearen kalidadeaz eta itzulpengintzaz egin eben berba hiru gonbidatuek. Literaturearen gaiari jagokonez, Laura Mintegiren arabera,
‘sano politak’ diran bi fenomeno dagoz gaur: ‘alde batetik, sekula ez dira egon, gaur egunera arte, hiru belaunaldi batera idazten. Gainera, Freudek esan eban moduan, heldua izateko aita sinbolikoki hil behar da. Eta, oin arte, belaunaldi guztiak umezurtzak izan dira, ez dabe aitarik euki hilteko. Idazle barriek espilua daukie aurrean, eta aurrekoakaz konparetan dabe euren produkzinoa. Beste alde batetik, sasoi baten, gure erreferentzia guztiak kanpokoak ziran eta danerik irakurten genduan, sano estilo desbardinak eta sasoi desbardinetako gauzak. Halanda ze, Euskal Herrian estilo guztiak agertzen ziran. Ez egoan garapen propiorik: kanpoko estiloen nahasketa bat zan, baina geurera ekarrita. Aldiz, oingo idazleen erreferentea euskerazkoa da: eginda dagozan liburuak ez ditue barriro egiten; oingo idazleek aurrera egiten dabe beti, bilakaera baten barruan’.
Itzulpengintza dala-ta, hirurak ados egon ziran esaterakoan itzulpengintzan gauza ederrak egiten dirala eta, Literatura Unibertsala bildumea eredugarria dala horretan. Unai Elorriagak azaldu ebanez,
‘ez bakarrik itzulpenak egiteko bultzadea dalako, ezpada literaturako obra handiak nabarmentzen ditualako’. Iñaki Frierak gehitu eban urte luzez itzulpengintzeak prensa txarra euki ebala, baina gaur egun ezin dala kalidade hori ukatu. Halanda be, pena bat agertu eban idazle eta itzultzaileak: ‘sarritan, itzulpen horreek berandu heltzen dirala, gaztelaniari jagokonez’. Aldiz, Elorriagak beste ikuspuntu bat agertu eban: ‘literaturea ez da zer da barria, hori da ona. Hori marketingak bultzatutako guzurra da. Nik gustorago erosten ditut oin dala 40 edo 100 urteko liburuak, Paul Austerrena baino, azken hori barria dalako eta ez dakidalako ona edo txarra ete dan. Aspaldiko hori, barriz, oin euskeraz argitaratu bada, ona izango da seguru. Nik uste dot konpleju hori kendu egin beharko genduala. Barriak, tontoentzako. Nahiz eta hori nire teilatuari harriak botatea dan, ze nik liburu barriak idazten ditut’. Laura Mintegik, barriz, Harry Potterren adibidea ekarri eban, gogoratuz euskerazko bersinoak gaztelaniazkoak baino urtebete geroago heldu zirala, eta hori pena handia dala, ‘ze gure ume guztiek irentsi dabe 500 orriko totxo bat gaztelaniaz, eta bardin-bardin irentsiko eben euskeraz, aukera euki ezkero’. Barriro be Iñaki Frieraren txandea helduta, hauxe esan eban: ‘euskal literatureak merkadu bat behar dau, eta merkadu hori indartsua izan behar da. Hori lortzeko, sarritan, modek agintzen dabe. Txarrena ez da sasoiz heltzen garan ala ez; kontua da heldu behar dogula. Badakigu Saramagok saldu egiten dauela; orduan, lehenago edo beranduago, euskeraz atara beharko dogu’.
Ordu biak arin pasau ziran. Gaia zabala zan, eta gauza asko geratu ziran aitatu barik. Baina aitatutakoa, mamitsua eta interesgarria. Durangoko liburu-zaparradearen aurrean, hausnarketa txiki batzuk airean.
Ikusi argazki guztiak handiago