Ozeanoaz bestaldeko ekarpenak gurean
2006-12-04 01:00 Euskaldunak munduanOzeano atlantikoaz bestaldeko lanak be izango dira, urtero legez, Durangoko Azokan. Nevadako Unibersidadeko Euskal Ikasguneak, ‘Center for Basque Studies’ dalakoak lau nobedade aurkeztuko ditu. Bestalde, omenaldi beroa jaso dau Karlos Zarragak, hainbat urtean unibersidadera liburuak bialtzeagaitik.
Ozeano atlantikoaz bestaldeko lanak be izango dira, urtero legez, Durangoko Azokan. Nevadako Unibersidadeko Euskal Ikasguneak, ‘Center for Basque Studies’ dalakoak lau nobedade aurkeztuko ditu. Horretarako, berenberegi etorri da unibersidadeko zuzendari Gloria Totorikagüena eta lehen Urretxindorra izenagaz ezagutzen genduan liburudendan aurkeztu ditu Marijo Olaziregigaz batera.
Euskal gaiak ingelesez ezagutzera emotea da laster 40 urte beteko dituan zentroaren helburua, zuzendariaren esanetan. ‘Akademiko, intelektual eta artista ugari hurreratu dira gure liburutegiraino euskal gaien barri izateko’. Lan-taldean hamar bat lagun dagoz baina ‘irakasle gitxi izan arren, liburugintzeari jagokonez lan handia egiten dabe’, zehaztu dau euskal literaturea ingelesez ezagutzera emoteko arduradun Marijo Olaziregik.
Banan-banan aitatu dabez arduradun bien artean aurten azokan aurkeztuko dabezan nobedadeak. Juan Madariaga Orbearen ‘Anthology of Apologists and Detractors of the Basque Language’; Ramon Saizarbitoriak idatzi eta haren alaba Madalenek itzulitako ‘Rosetti´s Obssesion’; Jon Kortazarren ‘Bernardo Atxaga: Basque Literature from the end of the Franco Era to the Present’; eta, William A. Douglass ezagunaren ‘Global Vasconia’.
Karlos Zarragari omenaldia
Berrogei urteko ibilbidean, Centre for Basque Studies zentroak lankide berezi eta fina izan dau Bilboko liburudenda ezagun horretan. Karlos Zarraga zaratamoarrak euskal gaien inguruko ikerketen ganeko liburuak batu, kutxatan sartu eta Renora bialtzen ebazan. Gitxika-gitxika, liburuz liburu, hango liburutegia horniduten lagundu dau Zarragak urte askotako lanari esker eta omenaldi beroa egin deutse, Xabier Paiaren bertso eta guzti. Ganera, zentroak opari berezia egin deutso eta, sekula hegazkinez ibili ez dan bizkaitarrari txartel bi erregalau deutsiez Renora joateko. Emazteagaz joango da, izan be, ‘emazteari eta semeari eskerrak emon behar deutsadaz ibilbide honetan eskaini deustien laguntzinoagaitik’; horreek izan dira zaratamoarraren berbak. Hunkituta egon da eta esker ona adierazotea baino ez jakola geratzen esan dau. ‘Ez dot meritu berezirik egin errekonozimendu hau jasoteko’, ganeratu dau hunkituta bizkaitarrak. Liburudendako lankide danak hartu ditu gogoan eta, seguru, aurrerantzean be liburu artean ibiliko dala eta kutxaren bat edo beste hur eukiko dauela.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!