Joan Mari Torrealdai: 'zentsura profilaktikoa komunikabide nagusiek darabile eten barik Espainian'

Saioa Torre Gereketa 2006-12-04 01:00   Barriketan

Aurtengo Argizaiola saria jasoko dauen Jakin aldizkariko zuzendaria

Urtea amaitu orduko, euskal kultureak zita berezia egiten deusku urtero-urtero Durangon. Liburuak, diskoak, teknologia barriak eta beste hainbat gauzek jantziko dabe Landako eta, tartean, Argizaiola saria be banatuko dau Gerediaga Alkarteak. 1992an sortutako saria da, ‘berba bitan esateko, gauean argia izan ziranei eskerrak emoteko’. Saria Jakin aldizkariak jasoko dau eta Joan Mari Torrealdai da zuzendaria.


1.- Gotzon Garateren lekukoa hartu eta Gerediaga Alkartearen Argizaiola saria eskuratuko dozu Jakin aldizkariaren izenean. Aurretik, Txillardegik, Gerardo Bujardak edota Labayru ikastegiak be jaso dabe. Zelan hartu dozue barria?

Pozez, poz handiz. Pozak arrazoi asko ditu: lehenengo eta behin errekonozimendua suposatzen dau sariak, ezta? Gero, aitatu duzun konpainia be ez da txarra. Eta, zelan ez, emolea Gerediaga izateak be asko poztu gaitu. Sintonia handia egon da beti Gerediaga, Azoka eta Jakin-en artean: kulturan buru-belarri gabiz eta guk aldizkariagaz bezela Gerediagak Azokeagaz euskalgintzearen eta euskal kulturearen topagunea sortu eta lortu dau, euskerearen herriko plazea.


2.- Berrogei urte baino gehiago daroazuz Jakin aldizkariko zuzendari lanetan. Ordurako, baina, bidea hasita euken frantziskotarrek. Ze egoeratan topau zenduan argitalpena?

Jakin-en 42 urte daroadaz eta horreetatik gitxienez 34 zuzendari legez. Nik liberau legez 1967an Jakin hartu nebanean, Arantzazuko fraileek aldizkaria salbau nahi izan eben. Eta eurei esker salbau zan. Arantzazuko estudianteentzat handiegia bihurtu zan aldizkaria. Horrezkero ez zan estudianteen aldizkaria, euskal kulturakoa baino. Ni eta aldizkaria biok kalean geure burua topau gendunean autortu behar dot sekulako subertea euki nebala parean subertau jatazalako Karlos Santamaria eta Rikardo Arregi. Horreekaz eta beste batzuekaz batera ordura arte euki ez eban zuzendaritza finkoa eta erredakzino talde laikoa sortu genduzan, eta aurrera jarraitu ahal izan genduan aldizkariaren momenturik delikatuenetako batean.


3.- Berrogei eta hamar urtean, gorabehera ugari bizi izan ditu Jakin-ek, tartean Francoren sasoiko zentsurea. Ze bardintasun eta desbardintasun dago orduko eta oraingo zentsurearen artean?

Orduko zentsura muetarik ez dago orain. Orain ez dago zentsura administratiborik edozein papel publikau aurretik. Bestelako zentsurak ez dira desagertu, zentsura ekonomikoa edo politikoa, esaterako. Lehen eta orain bada zentsura mueta bat, moduetan diferente baina helburuetan bardintsua: zentsura profilaktikoa. Zentsura mueta hau komunikabide nagusiek praktikan daukie eten barik Espainian. ‘Areriotzat’ hartzen danaren, ‘diferentearen’ ikuspegia ezkutau egiten dabe, edo desitxuratu edo haren kontra eraso. Eta balizko arerio horrek ezin dau sekula bere ikuspegia azaldu. Adibide bat jarrita ulertuko da hobeto, nik neuk bizi izan dodana: zer ez ete da esan Egunkaria auzian gagozanen kontra. Gu, gure aldetik, saiatu gara, saiatu garanez, geure ikuspegia azaltzen. Baina alperrik. Zentsura mueta bat da hori. Ala ez?


4.- Euskaldunon Egunkaria auzia aitatuta, zelan bizi izan zenduzan atxilotuta egon zinan egun hareek? Orain, denporeak emoten dauen distantziatik, zelan bizi dozu egoerea?

Egoera horri hiru modutara begiratu dakikeo: bat, atxilotzean bizi izan genduna. Ha infernua, ha!; bi, harrez geroko ia lau urteak, etenbako ahaleginean gabiz, ia kartzelatik libretea lortzen dogun, egoera absurdu hau salatuz ganera; eta hiru, geroari begira, hor daukagu Damoklesen ezpatea buru ganean, epaiketea eta balizko kartzela. 2003ko zezeilaren 20an bizitza eta modua goitik behera aldatu jakuzan. Amorru itzela emoten deust nire denporea eta ahaleginaren % 100 euskal kulturearen alde emon beharrean, erdiagaz konformau beharra bidebakokeria horren erruz, denporea itzel jaten deuskulako jatorkun epaiketeak, jazo aurretik be.


5.- Kazetari legez lan egin izan arren, zeure burua soziologotzat daukazu eta irakasle lanetan be bazabiz. Hiru arlo horreek alkarren osogarriak dira?

Kazetaria eta soziologoa ez dagoz haserre nire barruan, ondo moldatzen dira alkarregaz. Batek ikerketea edo azterketea egiten dau eta besteak zabaldu, ezagutzera emon. Aspaldi honetan ez nabil irakasle lanetan, hori ez. Ez jat gustetan, ez dot sekula maite izan inori ‘lezinoak emotea’.


6.- Zelan ikusten dozu euskal kazetaritzearen osasuna?

Ez dakit zer erantzun. ‘Segun-eta’ esango neuke. Garai batetik hona sekulako aldaketea egin dau, eta onera. Ez dakit arlo laboralean egoera guztiz saneauta dagoan. Profesionaltasunaren etikatik begiratuta sano eta osasuntsu ikusten dot. Uste dot kazetaritza serioa eta duina egiten dala. Ez dago Espainia partean ikusten dan intrusismoa eta etikearen perbersino lotsagarria. Egiaren eta adierazpen askatasunaren zerbitzuan jarrita egon partez, kazetaritzea ekonomia basatiaren eta politika partidista itsuaren zerbitzuan dago komunikabide askotan. Gurean, ostera, egoera sanoagoa da.


7.- XX. mendeko euskal liburuen katalogoa egin dozu. Zein da katalogoaren ezaugarri nagusia?

Hogeigarren mende osoa burutua dut, bai, baina mende barria be bai. Katalogo honetan liburuaren fitxa bibliografikoa xehe-xehe agertzen da. Honla badakigu zeinek idatzi dauen, zenbat orrialde dituan, non publikau dan eta zein dan liburuaren gaia, esaterako. Ez dira agertzen bakarrik zenbat liburu argitaratu dan urtero, liburuok zelakoak diran baino, bere ezaugarri guztiekaz. Nazino batek, bere buruan sinisten badau, behar dau bere produzino bibliografikoaren barri eta kontzientzia izan.


8.- Kultureagazko ardureaz gan, euskerea be aztergai izan dozu zure ibilbide profesionalean.

Euskerearen normalizazino soziolinguistikoaz arduratu naz aspalditik. Sozialki euskereak izan dauen presentzia, edota politikan edo kulturan emon jakon tratamendua, horra nire azterketearen gaiak eta nire kezkak. Hori da, esaterako, ‘El libro negro del euskera’ lanean erakutsi nahi izan nebana. Eta geroztik aztertu nahi izan dot euskerearen kontra erabili izan dan diskurtsu legitimatzailea Aznar-en garaian batez be. Bestela esanda, zelan justifiketan daben indar politiko eta intelektual batzuek zergaitik ez dan euskerea ikasi edo erabili behar, zelan argudiatzen daben. Euskerearen kontra dagozan faktoreetan badira, jakina, itxikeria, kontzientzia faltea, euskal abertzale askorengan dagoana. Baina bada, abertzale espainiar askoren artean, euskerea ez ikasteko jarrera aktiboa eta hori legitimetako diskursoa.


9.- Kulturearen Euskal Kontseilua erabarritzeko eta sendotzeko Dekretua onartu dau Eusko Jaurlaritzeak eta zu Kontseiluko kideetariko bat zara. Zein izango da zuen eginbeharra?

Bilera bakarra egin dogu, eta ezin izan neban bilera osoan be egon. Ez dakit oraindino nire egiteko zehatza zein dan. Dakidana eskaintzeko prest nago, hori bai.


10.- Jaiotzaz bizkaitarra izan arren, Gipuzkoan bizi zara. Mendebaldeko euskalkiari eusten deutsazu?

Maila pribaduan eta lagunartean nire jatorrizko berbakeran egiten dot berba. Baina nire lan profesionalean euskera estandarra erabili ohi dot, edozein nazino garatuan ohiko dan moduan, ez bizkaierea eta ez gipuzkerea.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu