Irakastolatik Unibersidadera
2006-12-04 01:00Euskal Unibersidadearen lehenengo pausuak gerra sasoian emon ziran, hain zuzen be, 1936ko zemendiaren 17an, eta potagonistarik nagusiena, Jesús María Leizaola izan zan.
Aurten sarri aitatu izan doguz orrialde honeetan 1936an izandako gerrearen ganeko barriak eta oroimenak, aurten ospatzen dalako gerra hori hasi zaneko 70. urteurrena. Oraingoan be gerra horren inguruko kontuak ekarriko doguz artikulu honetara. Baina gerraz aparte, urte horretan Euskadiko alde honetan abiarazotako Euskal Unibersidadea aztertuko dogu.
Ez doguz azalduko hemen 1866an Nafarroan, Euskal unibersidadea lortzeko egindako egitasmoak, edo 1870an Bizkaian edota 1914an egindako ahaleginak. Gure artikulua benetako euskal unibersidade publikoa sortu zan unean kokatuko dogu.
Azkok ez badakie be, Euskal Unibersidadearen lehenengo pausuak gerra sasoian emon ziran, hain zuzen be, 1936ko zemendiaren 17an, eta potagonistarik nagusiena, Jesús María Leizaola izan zan.
Leizaola, urte bereko urriaren 7an Gernikan sortutako Euzkadiko Jaurlaritzearen kide izentau eben, Kulturako sailburua hain zuzen be. Bere kargutik, bere asmoen artean, eta beti be, kontuan harturik gerra sasoian ebiltzala, Euskal Unibersisadea sortzea izan zan. Eta zergaitia argi egoan. Leizaola aspalditik ebilen euskal kulturarako eta gizarterako oso garrantzitsua zan erakunde hau sortu guran; urte batzuk arinago, 1922an, Gernikan egindako kongresuan, Eusko Ikaskuntzak erakundea ahalegindu zan unibersidadearen aldeko ekintzak antolatzen eta euretariko batean Pantaleon Ramirez Olanogaz batera atxilotu eben. Beraz, Gerrea hasi eta handik hilebete batzuetara Agirre Lehendakariak gidatutako Jaurlaritzea eratu zanean, Leizaola erakundeko kide iznaik, ez eban ezelako dudarik izan, eta Euskal Unibersidadea sortzea erabagi eban.
Lehenengo pausua, kargua hartu eta zazpi egunera emon eban. Urriaren 14an saileko idazkariari, unibersidadea sortu behar eban adituen batzordea berehala batzeko eskatu eutsonean. Angel Apraiz izan zan erakunde barriaren bultzatzaile eta diseinatzaile nagusia.
Ez zan lan bape erraza izan, esan dogunez, gerra egoeran egozalako. Behar zan azterketea egin eta gero, Leizaolak Medikuntzako ikasketetatik hastea pentsau eban. Zemendiaren 17an, dekretua luzatu eta berehala ekin jakon unibersidade barriaren lehenengo ikasturteari. Eta holan sortu zan Euzko Irakastola Nagusia.
Abenduaren 1ean hasi zan ikasturtea. Basurtoko Ospitalean egindako zabaltze ekitaldian, besteak beste, Leizaola bera eta Agirre Lehendakaria egon ziran eta azken honek zabaldu eta zarratu eban ekitaldia berbaldi dotore bategaz. Ordurako ehundik gora ikaslek izena emonda euken Unibersidade barrian klaseak hartzeko. Euretatik % 7 baino ez ziran emakumeak. Horrezaz gan, beste 72k Unibersidadera sartzeko egin beharreko preparazino-ikasturtean emon eben izena. Honen artean %16 ziran emakumeak.
Medikuntza fakultateaz aparte, Erizainen eskolea be sortu zan. Kasu honetan, 276 izan ziran parte hartzeko izena emon ebenak, danak emakumeak. Irakasleen arloan, Leizaola eta bere saileko arduradunak ahalegindu ziran irakaslerik aproposenak topetan eta, danetara 22 batu ebezan, tartean, orduko medikuntzako izenik ospetsuenak: Garate, Guimón edo Zinkunegi. Eraikin barririk eregiterik ez egoanez, Bilboko Basurtoko Ospitalea aukeratu zan unibersidadeko egoitza nagusia kokatzeko. Barrikuntza legez, orduan Bartzelonako fakultadean bakarrik irakasten zan psikiatria ikasketak be agertzen ziran eta ‘euzkera medico’ deitutako beste gai bat. Eztabaida beroak be izan ziran, Unibersidade barrian ikasten eben medikugaiek euskerea ikasi behar ba eben edo ez erabagiteko.
Baina gerran ez egoan etenik eta Unibersidadeak ezin izan eban bere lana behar zan lasaitasunez bete. Dakigunez, frankotarrak Bilbora heldu ziranean, uria hartu eta aurrekoek egindako eta sortutako erakunde guztiak bertan behera ixteko agindua emon eben, eta tartean sortutako erakunde kultural barria egoan, Euzko Irakastola Batza. Zoritxarrez, urte asko pasau ziran antzeko eginkizuna geure herrian ikusteko.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!