Immigrazinoa eta hizkuntza politikearen arteko hartu-emonak aztertuko ditue UEUk eta UEMAk
2006-12-01 01:00 Euskerea berbagaiAbenduaren 14an, UEUren Eibarko egoitzan egingo diran jardunaldion helburua etorkinen integrazinoa alor kulturalera zein hizkuntza arlora zabaltzeko hausnarketea egitea da.
Udalerri Euskaldunen Mankomunidadeak (UEMA) eta Udako Euskal Unibersidadeak (UEU) ‘Immigrazinoa eta hizkuntza politikea udalerri euskaldunetan’ izeneko jardunaldiak antolatu ditue. Abenduaren 14an, UEUren Eibarko egoitzan egingo diran jardunaldion helburua etorkinen integrazinoa alor kulturalera zein hizkuntza arlora zabaltzeko hausnarketea egitea da.
Aurkezpen prentsaurrekoan izan dira Nora Palmitano Zestoako Udaleko Euskara teknikaria eta jardunaldien koordinatzailea, Iñaki Arregi UEMAko koordinatzailea eta Lore Erriondo UEUko zuzendaria.
Nora Palmitanok, jatorriz argentinarra dan Zestoako Udaleko Euskara teknikariak jardunaldi honeek antolatzearen arrazoiak azaldu ditu. Bere esanetan, XX. mendean Euskal Herrira etorritako etorkinen kopuru handiak nabarmen eraldatu eban bertako egitura sozial, politiko eta kulturala. Bere eretxiz, etorkinak ezinbestekoak dira Euskal Herriaren hazkunde ekonomiko eta demografikoari eusteko, eta aldi berean, ‘danoi eskatzen deusku ahalegin berezia integrazinorako ezinbestekoak diran arlo kultural eta linguistikoan’.
Palmitanok azaldu dau udalerri euskaldunetan ahalegin bat egin dala euskereari eusteko eta bide horretan etorkinak ez dirala oztopo izan behar, ‘euskerearen erabiltzaile aktiboak baino. Horretarako, etorkinen gaineko ezagutza eta sensibilidade handiagoa erakutsi beharko dogu euskaldunok, eta hain zuzen be, jardunaldi honeekaz saiatuko gara gai honeei urtenbidea bilatzen’, adierazo dau.
Iñaki Arregi UEMAko koordinatzaileak egitasmoaren zehaztasunak azaldu ditu, eta egitaraua hiru ideiaren gainean osotu nahi izan dabela gaineratu dau. Alde batetik, hausnarketea plazaratu nahi dabe egun oraindino gai honek administrazino mailan ez dauelako lortu beharrezko sentsibilizazinorik (lehen bi berbaldiak).
Bestetik, azaldu dau UEMAko udaletan arduratuta dagozala immigrazinotik datozen personei harrerea egiteko protokolo bateraturik ez dagoalako, eta, hori dala eta, protokolo honeek martxan dituen esperientziak jaso nahi izan ditue (Kataluniako esperientziak). Azkenik, Euskal Herrian honezkero martxan dagozan proposamen zehatzak ekarri nahi izan ditue, ‘danak bat eginda goian aitatutako protokolo hori osotzeko asmoz’.
Izena emoteko epea abenduaren 11an amaituko da, eta plazak mugatuak izango dira. Informazino gehiago eta matrikulea egiteko UEUren webgunean sar daiteke: www.ueu.org.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!