Herri-administrazinoetako euskerearen erabilera-planak aztergai Bilbon
2006-11-28 01:00 Euskerea berbagaiHelburua, alde batetik, orain arte zer egin dan eta zelan egin dan aztertzea da, eta bestetik, aurrerantzean zer egin behar dan azaldu eta horretarako behar diran baliabideen inguruko gogoetea egitea.
Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzeak eta Eudelek antolaturik, 96 erakundetako hizkuntza normalizazinorako 165 teknikari parte hartzen dagoz Bilboko Euskalduna Jauregian gaur hasi eta bihar, zemendiak 29, amaituko diran herri-administrazinoetako euskerearen erabilera-planei buruzko jardunaldietan.
Helburua, alde batetik, orain arte zer egin dan eta zelan egin dan aztertzea da, eta bestetik, aurrerantzean zer egin behar dan azaldu eta horretarako behar diran baliabideen inguruko gogoetea egitea.
Jardunaldiotan, neurri zein tipologia aldetik egoera desbardinean dagozan herri-administrazinoetako hizkuntza-normalizazinorako teknikariak parte hartzen dagoz, bai hizlari legez, bai entzule legez, tokian tokiko euskerearen erabilerea normalizetako planen barri emonez.
Gaur, Eusko Jaurlaritzako, Gipuzkoa eta Bizkaiko foru aldundietako, eta Donostiako eta Gasteizko udaletako planak ezagutarazo ditue eta bihar, barriz, Getxo, Bergara eta Zestoa lako udalen txandea izango da euren esperientzien nondik norakoak emon dagiezan. Horrezaz gan, ‘Administrazinoko atal elebidunetako langileen hizkuntza-ohituretan eragiteko plana’ liburua aurkeztuko da bihar, eta jardunaldiei mahai-inguru bategaz emongo jake amaierea.
Patxi Baztarrika Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak prentsaurrekoan azaldu dauenez, administrazinoan urrats sendoak egin ditue azken urteetan euskerearen normalizazinoari begira, eta bidean makinatxo bat gorabehera izan arren, ‘inoiz baino urrutirago’ heldu dala nabarmendu dau.
‘Danon laguntzinoari esker, esparru barriak irabazi doguz gizartean, komunikabideetan, merkataritzan, lan munduan eta, jardunaldi honeei jagokenez, baita Administrazino publikoan be. Aurrerapen horreen guztien ondorioz, gaur egun Administrazinoa prest dago, neurri handi batean, euskeraz lan egiteko’, adierazo dau.
Edozelan be, Baztarrikak ohartarazo dau oraindino alde handia dagoala ezagutzaren eta erabilerearen artean, ‘ze euskeraz lan egiteko gaitasuna izan arren, urte luzeetako inertziaren ondorioz, gehienbat gaztelaniaz jarraitzen dogu lanean’.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!