Ruper Ordorika: 'nire gogoari jarraituz egin dot diskoa'

Bizkaie! 2006-11-27 01:00   Barriketan

Oñatiarrak Sarrionaindiaren testuak erabili ditu hamaika kanta barriz osotutako bakarkako lanean.

Hogei urtez han eta hemengo diskoetxeetan ibili ostean, Ruper Ordorikak Elkar diskoetxeagaz atara barri dau ‘Memorien mapan’ diskoa. Lan akustikoa da, Joseba Sarrionaindiaren testuetan oinarritutakoa. Elkarreko ordezkari Anjel Valdesen esanetan, ‘disko batzuk oso ludikoak dira, entretenigarriak. Beste batzuek, bihotza alaitzeaz gan, memoria historikoari eta kultureari zuzen-zuzen eragiten deutse. Horreek dira gure poza sortzen daben lanak, kanta edota artista horreen bitartez publiko oso batek edota herri oso batek motibazinoak topetan ditualako’. Autoreak berak be autortu dau diskoa berezia dala, ondorengo lerroetan zehazten dauen legez.


1.- Honezkero, hemeretzi disko kaleratu dozuz, azkena ‘Memoriaren mapan’. Zer barri eskaintzen deutsazu publikoari lan horretan?

Hamaika kanta barri batzen dituan diskoa da. Niretzako disko berezia da, hori izan arren disko barri bat aurkezterakoan gehienetan entzuten dan esaldia. Gehien bat, hasteko, berezia da akustikoa dalako. Bestalde, neuk bakarka grabautako diskoa da. Dakizuen legez, nik aurretik egindako lan danak talde-lanak dira, baita Hiru Trukurenak be. Disko honek prozedura desbardina eskatu deust, baita grabazinoan be. Badakit entzulearentzako hori ez dala ezer asko baina niretzako bai. Erabat akustikoa da eta hainbat kolaborazino dagoz.

Akustikoa eta bakarkakoa dala azpimarratu ostean, bigarren berezitasuna honako hau da: kanta danak Joseba Sarrionaindiaren testuetan oinarritzen dira. Aurretik, kantau izan dodaz Sarriren testuak eta alkarregaz ibiliak gara honezkero. Ibili horrek honaino ailegetako bidea egiten lagundu deust, hain disko hurbila egiteko. Izan be, horixe zan nire gogoa eta nire gogoari jarraituz egindako diskoa da.

Askotan esan dot ez dirala gauza bera poema kantatu bat eta kanta bat. Horregaz esan gura dodana da erabateko askatasunagaz kantetako moldatutako testuak erabili dodazala. Disko honegaz oso pozik geratu naz, zeozelan poeta, idazle eta lagun horrek nigan daukan eragina igarten dalako abestietan.


2.- Horrenbeste urtean grabazinoak taldean egin ostean, ze berezitasun izan dau zuretzat bakarrik grabeteak?

Hainbat kanta Azkarate estudioan zehaztu ostean, irailaren amaieran, Ameriketara joan nintzan, New Yorkera. Hantxe egin nebazan, di-da, egun bitan, buruan entzuten nebazan gauzatxuen grabazinoa eta nahasketea.

Hasiera-hasieratik, gogo horri jarraituz hartu genduzan hainbat erabagi tekniko, nik soinu berezia lortu gura nebalako. Ez berezia bakarra izateko, baizik eta naturala izateko, hurrekoa, beroa. Hori, niretzako, aldaketa oso handia da. Prozedura teknikoa oso garrantzitsua da, grabazinoak emongo deutsolako nortasuna diskoari. Horregaitik, grabazinoan, bost mikrofono euki doguz zabalik, sasoi batean egiten zan legez.

Buruan neukana egiteko aukera parebakoa zala uste dot. Egia esan, kantak nik bakarrik egiten dodaz beti baina oraingoan grabazinoa be bakarkako lana izan da. Aurreko lanetan, kantak nireak ziran baina estudioan hainbat lagun batzen ginan grabazinoa egiteko. Oraingoan, nik neuk zarratu dodaz kantak, moldatuta egon arren. Ez dago ezer barririk, nire lehenengo grabazinoa be nik bakarrik grabau nebalako Donibane Lohitzunen. Baina gero bandeagaz egin izan dot lan eta, gustura ibili arren, baneukan gogoa holako zeozer egiteko.


3.- Halanda be, ez zara bakarrik egon, kolaboratzaile zerrendea luzea izan baita.

Bai, Brooklynen hainbat musikarigaz egin neban lan, kanta bakotxeko bakarragaz. Peck Allmond tronpetan, Chris Lightcap kontrabajuan, Kenny Wollesen perkusinoan kanta bitan (nire aurreko diskoetatik ezagutzen dozue hori), Jamie Saft edota Fernando Saunders.

Kantak eginda eroan nebazan, zarratuta. Eurek, ekarpentxua egin dabe baina hasieran zehaztuta egoan legez. Horregaitik, disko hau ez da talde-lana, kolaborazinoz osotutako bakarkako lana baino. Ganera, kanta askotan neu bakarrik agertzen naz. Halanda be, diskoaren batasuna ez da galtzen.


4.- Zeren ganekoak dira Sarrionaindiaren testuak?

Nire belaunaldiko gaiez eta jenteaz egiten dau berba, idazle handiek egiten daben antzera: testuinguru desbardinetan erabil daitekezan berbak erabilita. Galereaz, burrukeaz, erbesteaz, maitasunaz... egiten dau berba. Sarrionaindiaren berben zalea naz. Lantzen dauen materiala asko gustetan jat, oso hur sentiduten dot.

Askotan, kantea eta melodia egon arren, oihartzuna falta da eta kantea oso ona izan arren, zure barruan ez dau oihartzunik sortarazoten. Testu askogaz pasetan jat niri hori baina Sarrionaindiarenakaz ez, akaso lagunak garalako edo.

Bestalde, testuak autoreak berak itzuli ditu gaztelaniara. Frantsesera eta ingelesera be itzulita dagoz, Sarrionaindiak berak eskatuta. Itzulpenei esker, musikariok publiko zabalagoarengana heltzen gara eta garrantzitsua da guretzat ahalik eta eskaintza zabalena egitea.


5.- Eta nondik dator ‘Memoriaren mapan’ izenburua?

‘Memoriaren mapan’ esamoldea kanta batean agertzen da, ‘Hondartza galduan’ izenekoan. Horrez gan, izen horrek oso ondo batzen dau barruan topauko dana, gaien aldetik oso ugaria dalako diskoa eta berbak. ‘Memoria¡’ hori ez neuke atzera-begirako legez erabiliko, gehiago baita kronika bat. Eta mapari jagokonez, diskoan zeozelako kartografia dagoala esan geinke, errekak, herriak... Barruko kartografiaz be mintzo da diskoa, erbesteaz edota hainbat gaiez, azken batean guk barruan daroaguzan gaiez. Testu barri batzuk be badagoz, inoiz ikusi bakoak. Danak dira ineditoak baina, gaien aldetik be, barrikuntzak egon, badagoz.


6.- Hurrengo lanean, Sarrionaindiak bertotik egin ahal izango deutsuz testuak?

...Ba... Ez dakit... Galdera ona da hori... Bere obrea oso presente dago hemen eta ez dot termino horreen ganean pentsetan. Mueta horretako eretxiak emoteko momentu gatxa dala uste dot. Urtenbidean pentsau behar dogu, arazoan bizi garalako... Hori da kontua... Gustauko litxakit, horrek dakarrenagaz.


7.- Behin baino gehiagotan aitatu dozu lan berezia dala. Aurrerantzean bide beretik, hau da, bakarrik segiduteko asmoa dozu ala lan hau zeozer puntuala izan da?

Lan honek asko erakutsi deust. New Yorkeko esperientzia be oso polita izan da eta egoera barri horreek indarra emon deuste. Urte askoan gauza asko egin ondoren, zure barruko oihartzun horri erantzutea besterik ez jatzu geratzen eta, bide horretan, nire lana baloretan dauen jentea topau dot. Hori handia da niretzat, gura dodana egin neikelako.

Halanda be, askotan erretorika larregi ganeratzen deutsegu diskoei, publikoarengana gogorrago heltzeko edo. Diskoa berezia da, bai, baina hasieratik egin izan dodan dana da berezia.


8.- Ze formato erabiliko dozu zuzenean?

Zuzenean abenduan hasiko gara. Abenduaren 15ean Tafallan; 16an Getxon; 20an Donostian; 22an Igorren; 29an Hazparnen; eta 30ean Usurbilen izango gara. Urtarrilaren 5ean Durangon joko dogu eta 26an Gasteizen. Ostean, zezeilaren 2an, Tolosan eskainiko dogu kontzertua.

Jon Pirisen kontrabajuagaz ibiliko naz, disko hau ardatz moduan hartuta. Tartean, Mugalariak taldeagaz ibiliko naz kanpoan.


9.- Jentearengana, herriarengana hurreratzeko erabilten dozu formato txikiago hori?

Holan izatea gurako neuke baina ez dakit zer pasauko dan. Beti eukiten dot gogoan saioetara etorten dana ze lehenengoz datorrenak lehenengoz ikusten nau eta ezin dau balorazinorik egin. Kontzertu askotara etorten dan horri eskaini behar jakoz gauza barriak. Euskal Herria oso txikia da eta nik badaukat gauza barriak egiteko gogoa eta orain aukera parebakoa daukat horretarako.


10.- Asko aldatu da Elkar 20 urtean?

Tangoak dinoan legez, ’20 ez da ezer’... Ez dakit... Bai. Errotu egin da, sendotuta dago. Elkarrek lekutxua hartu dau eta, musikearen industria dalakoaren sasoia kontuan hartuta, ez da gitxi. Ezagutu dodazan diskoetxeak ezagututa, ez neuke pentsauko barriro Elkarrera etortea baina, egia esan, gatxa izan arren, dana joan da ondo. Alkarregaz egin beharreko bidea izan da, norantz goazen jakin barik bada be. Bitartean, bakotxak berea egiten dau, izan be, erabateko askatasuna izan dot eta nik egin gura neban diskoa egiten itxi deustie.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu