Europar Batasuneko hizkuntza aniztasuna eta euskerearen hizkuntza politikak aztertu ditu Euskaltzaindiak

z 2006-11-27 01:00   Euskerea berbagai

Jardunaldiotan, batetik, Europar Batasunean dagoan hizkuntza-aniztasunaren deskribapena egin da; bestetik, aurreko testuingurua kontuan hartuz, Nafarroan, Euskal Autonomia Erkidegoan zein Euskal Herri kontinentalean indarrean diran hizkuntza politikak aztertu ditue.

X. Jagon Jardunaldiak egin ditu Euskaltzaindiko Sustapen batzordeak, Bilbon, ‘Europar Batasuneko hizkuntza aniztasuna eta euskerearen hizkuntza politikak’ gaiaz. Jardunaldiotan, batetik, Europar Batasunean dagoan hizkuntza-aniztasunaren deskribapena egin da; bestetik, aurreko testuingurua kontuan hartuz, Nafarroan, Euskal Autonomi Erkidegoan zein Euskal Herri kontinentalean indarrean diran hizkuntza politikak aztertu ditue.

Bestalde, Jagon Jardunaldietan 'Euskararen sustatzea. Euskaltzaindiaren adierazpenak (1976-2006)' liburua aurkeztu dau Andres Urrutiak. Bertan, Akademiak azken 30 urteetan euskerearen babes eta defentsarako zabaldu dauen mezua jazoten da. Argitalpena Jagon sailaren 3. liburukia da.


Parte-hartzaileen ekarpenak

Patxi Juaristi

Europar Batasunean munduko hizkuntzen % 1 hitz egiten da. ‘Argi dago, beraz, EBetik kanpora dagoala munduko hizkuntzen ondarearen parte garrantzitsuena’. Hauxe da Patxi Juaristiren baieztapenetako bat. ‘Hizkuntza aniztasuna Europar Batasunean’ izeneko txostena irakurri dau Juaristik eta hauxe azaldu dau: Europar Batasunean jatorria daben hizkuntzak bakarrik kontuan hartzen badira, danetara 60 hizkuntza hitz egiten dirala gaur egun. Hirurogei hizkuntza horreek guztiak hiru multzotan banatu ditu Patxi Juaristik:

1.- 10 miloe hiztun baino gehiagoko hizkuntzak. Talde hau osotzen daben 11 hizkuntzek 395 miloe hiztun ditue. Beraz, EBeko biztanleriaren % 85ek EBeko hizkuntzen % 18an berba egiten dau.

2.- Miloe bat eta 10 miloe hiztun bitarteko hizkuntzak. Danetara, 15 hizkuntza dagoz talde honetan, EBeko hizkuntzen % 25, hain zuzen.

3.- Miloe bat hiztun baino gitxiagoko hizkuntzak. Talde honetan 34 hizkuntza dagoz, EBeko hizkuntzen % 57.

Patxi Juaristik azpimarratu dauenez, ‘ia kasu guztietan, hizkuntzearen egoera soziolinguistikoa eta bere estatus politikoa loturik dagoz hiztun kopuruagaz. Hizkuntza aniztasuna kudeatzeko eredu eta modu desbardinak dagozanez, oso gatxa da EBean hizkuntza politika orokor bat bultzatzea, are eta gatxagoa estaduei hizkuntzei buruzko lege orokor bat ezartzea’.

‘Ondorioz-gaineratu dau- leitekeana da Europar Batasunean gaur egun hitz egiten diran hizkuntza asko desagertzea etorkizunean. Beraz, hizlariaren ustez, ezinbestekoa da gai desbardinei buruzko eztabaida publikoa egitea ezelako onarpenik ez daben EBeko hizkuntzei buruz; zenbait hizkuntzak inolako ofizialtasunik ez daben eskualdetan bizi diran hizkuntza alkarteen eskubideei buruz; EBeko erakundeen hizkuntza erispideei buruz; eta azkenik, EB osorako hizkuntza politika orokorrari buruzko eztabaida publikoa egin behar da’.


Erramun Baxok

Erramun Baxokek azpimarratu dauenez, Europar Batasunean, badira hiru erakunde bat besteari lotuak: Europako Elkarte Ekonomikoa, Europar Batasuna eta Europako Kontseilua. ‘Corpus juridiko aberats bat badogu hiztunen eskubideak adierazoteko, zailtasunak dituen hizkuntzak zaintzeko eta bizibarritzeko. Adibidez Europako Parlamentuko ebazpenak (Kuijpers 1987, Kililea 1994) eta kultura aniztasuna aldarrikatzen daben itunak (Maastricht 1992, Niza 2000). Idazkirik zehatzena da Europako Kontseiluak eskaini deuskun Eskualde Hizkuntzen edo Hizkuntza Gitxituen Karta (1992) estadu gehienek berretsi dabena, Frantziak izan ezik’.

Baxokek argitu dauenez, ‘Europako ideologiak eragin ahula izan dau Errepublika Frantsesean eskualde hizkuntzei buruz. Maastrichteko ituna onartzeko egin zan konstituzino aldaketearen harian, 2. artikuluari gehitu eutsen Errepublikako hizkuntzea frantsesa zala. Jarraian Toubon legeak zehaztu eban frantsesa zala ‘ikaskuntzako, laneko, hartu-emonetarako eta zerbitzu publikoetako hizkuntzea’.

Dana dala, Europako ebazpenek eragin handia izan dabe Ipar Euskal Herriko euskalgintzan. Urte batzuetan egindako lanaren ondorioz, hainbat egitasmo jarri dira abian: Garapen Kontseiluaren proposamenak (1995), Hitzarmen Bereziko Hizkuntza Politikea (2000) eta gaur egun Euskerearen Erakunde Publikoak bere gain hartu dauen ‘hizkuntza politika barria (2006).


Santiago Larrazabal

Espainiako Erresumak 2001ean Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Karta berretsi eban. Hori dala eta, urte horretatik Karta hori indarrean dago Espainiako estaduan. Berrespen horrek euskerea hizkuntza koofizial moduan daben lurraldeetan izan dituan ondorioak aztertu ditu Santiago Larrazabalek bere hitzaldian, ikuspuntu juridikotik abiatuta.


Jean-Baptiste Coyos

Jean-Baptiste Coyosen eretxiz, ‘euskerearen aldeko hizkuntza politikaz mintzatu nahi dogunean Ipar Euskal Herriko kasuan, ohar bat bertan gogora etorten da: Frantzia osoan bezela, Europar Batasunak eguneroko biziaren alor askotan eragin handia izan arren, tokiko edo eskualdeko hizkuntzen alorrean ez dauka bape eraginik, edo gitxi behintzat. Frantziak, 2000ko Oinarrizko Eskubideen Kartea kenduta ez dau hizkuntzakaz lotutako europar lege testu edo hitzarmen bat bera be berretsi. Halan da be, -gaineratu dau- jentearen ideologia, eskualde eta hizkuntza gitxituei buruzko ikusmoldea bilakarazo, aldatu egin dau, Frantzian be, XX. mendearen amaieran. Euskaltzaleek Europako testuak erabilten ditue botere publikoak akuilatzeko, baina erantzuna beti bera da: Frantziako legegintzeak ez deutso ofizialtasunik edo onarpenik emoten euskereari. Haren irakaskuntzea baimentzen dau eta ez gehiago’.

Jarraian, Ipar Euskal Herriko euskal alkarteek eta hautetsiek lan bateratu bat abiarazo ebela zehaztu dau Coyosek. Izan be, 2000an, Estadua-Akitania Eskualde Kontratu Planaren Euskal Herriko Hitzarmen Berezian, lehen aldiz, botere publikoek hizkuntza politika atal bat sortu eben (2001-2006). Azken etapea egiazko egitura publiko bat sortzea izan zan: Euskerearen Erakunde Publikoa (2005-2010). Honek, oraintsu aurkeztu dauen Hizkuntza politika aitzinproiektua be aitatu dau Coyosek: ‘aitzinkontu egokirik eta beharrezko formakuntzarik / langile aditurik barik, hobeto zehaztutako printzipio eta helbururik barik, aitzinproiektu aberats hori eraginkor ez dan egitasmo bat izan daiteke’.


Andres Iñigo

Andres Iñigok gogora ekarri dauenaren arabera, Nafarroan garatzen dan hizkuntza politikearen oinarri juridikoak, Espainiako beste ganerako Erkidegoetan ez bezela, Nafarroan bertako hizkuntzari ofizialtasuna ez deutso Erkidego osoan autortzen. Hau da hiru hizkuntza eremuen errealidadea:

1) Euskal eremuan euskerea hizkuntza ofiziala da, baina eremu horretan Nafarroako % 23’16 udalerri baino ez dira sartzen eta biztanleriaren % 9’5.

2) Mistoan, euskerea ez da hizkuntza ofiziala, nahiz eta babestu eta sustatzearen aldeko zenbait neurri hartu diran. Nafarroako % 19’11 udalerri sartzen dira eta biztanleriaren % 52’5. Iruñerria eremu honetan dago eta bertan bizi da Nafarroak egun dauen euskaldunen kopururik handiena.

3) Ez euskaldunean, euskerea ez da hizkuntza ofiziala eta legeak ez dau sustatzearen alde ezelako neurririk aitatzen. Nafarroako % 57’72 udalerri hartzen ditu eta biztanleriaren % 37’9.

Beraz, Nafarroako legeriaren garapenean izandako gorabeherak eta beronen aplikazinoak eremu eta arlo bakotxean izan dituan emoitza eta ondorio nagusienak aitagai izan ditu Iñigok. Horregaz batera, Europako Kartaren aplikazinoa dala eta, Adituen Batzordeak egin dauen balorazinoa eta, ondorioz, Ministroen Kontseiluak emondako gomendioak be azaldu ditu nafar euskaltzainak.


Jose Luis Lizundia

Jose Luis Lizundiaren eretxiz, Euskal Autonomia Erkidegoaren euskereagazko estatusa jorratzerakoan Estatutuaren 6. artikulua izan behar dogu begi bistan, ‘ezinbesteko erreferentzia dalako’.

Euskerearen Erabilpena Arauzkotzezko zemendiaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legeak 24 urte bete barri ditu eta lege horrek izan dauen bilakaeraz jardun dau Lizundiak. ‘Aukerak, ene ustez, oso modu desbardinez aprobetxau dira. Irakaskuntzea izan da oparoen garatu dana. Beste alor batzuetan, barriz, garapena urria izan da eta, batzuetan, ez da izan’. Nahiz eta salbuespenak egon, enpresa publiko askotan, legearen garapena eskasa edo hutsaren hurrengoa izan da. Bestalde, EiTBren kasua aitatu dau Lizundiak, baita merkataritza, nekazaritza, hirigintza edota justizia alorrak be. Tokiko administrazinoei jagokenean, bere ustez, ‘lege mailako garapen faltea’ nabarmena da.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu